Hona hemen oso osorik gaur bertan udalean sartuko dogun mozinoa. Gure nahia eguen honetan egongo dan udalbatzarrean eztabaidatutea da:
UDAL OSOKO BILKURARA
Igor Portu Juanenak eta Mattin Sarasolak jasandako Tortura larrien aurrean Espainiar Estatuak euskal herritarren aurka erabiltzen duen Torturarekin amaitzea helburua duen MOZIOA aurkezten da,
2008ko urtarrilaren 6an, goizeko 10ak aldera, Espainiar Guardia Zibileko GAR delakoak Igor Portu Juanena eta Mattin Sarasola atxilotu zituen Arrasaten. 18 ordu beranduago Igor Portu Donostia Ospitaleko UCIn ingresatu behar izan zuten. Txosten medikoaren arabera saihets bat hautsia du, saihets hautsi horrek ezkerreko birika zulatu dio eta, ondorioz, pleura eta odol isuri larria izan du. Gainera, larruazalaren azpian enfisema handia du -azala puztua-, ornoetatik pelbiseraino. Disnea ere badu Portuk -arnasa hartzeko zailtasuna-, hematoma, higadura eta urradura ugari belaun eta orkatiletan, eta ubeldua eta odol bildua ezkerreko begian. Mattin Sarasola, Guardia Zibilaren esku eta inkomunikaziopean zegoela, torturatzen jarraitzen zutela jakin genuen. Forenseak berak jasotakoaren arabera ubelduak eta makatuak zituen gorputzeko hainbat ataletan, hala nola, eskuineko belarrian, bi besoetan, bizkarraren goialdean, toraxaren eskuinaldean eta ezker alboan.
Poliziaren bertsio ezberdinek, Rubalcaba ministroaren egiaztapen lotsagarriak, Zapatero presidenteak Guardia Zibilari agerturiko babes osoak, argi eta garbi agertzen zaigun Tortura kasu larri honen aurrean ez dute inolako sinesgarritasunik. Zoritxarrez luzea da Euskal Herriak jasan behar izan duen Torturaren historia, frankismo ilunetik jarraipen osoa izan duena. 1978tik aurrera 7.000 euskal herritar baino gehiagok salatu dituzte Guardia Zibila, Espainiar Polizia Nazionala edota Ertzaintzaren eskuetan jasandako Torturak. Joxe Arregi, Esteban Murueta Goiena, Mikel Zabalza, Lasa eta Zabala, Gurutze Iantzi, Xabier Kalparsoro,… Torturak erahildako euskal herritarren zerrenda horren lekuko.
Espainiar Estatuak etengabe eta sistematikoki erabili izan du eta erabiltzen du Tortura Euskal Herriko eskubideen aldeko borroka eta lan ezberdinetan antolaturiko herritarren aurka. Argia ikusi duten kasuak, proiekzio mediatikoa izan dutenak, salbuespenak ditugu. Unai Romano, Egunkariako Atxilotuak,… izeberg handi baten punta txikia besterik ez dira. Milaka tortura kasu dira isiltasunak ezkutatuak.
Tortura Estatu batek bere indar eta inpunitate osoz herritar babesgabetuaren aurka ezartzen duen bortizkeria da. Torturaren atzean Estatuko aparatu guztiak daude, polizia indarrak tortura gauzatzen, gobernua agintzen, legislatiboa tortura ahalbidetzen duten legediak onartzen, justizia aparatuak inpunitatea bermatzen. Guardia Zibilak PSOEren gobernuaren aginduz torturatzen du, espainiar kongresuak onetsitako inkomunikazioa erabiliz, Audientzia Nazionala inpunitatea bermatzen du.
Baina bada beste elementu bat Tortura posible egiten duena. Espainiar segurtasun indarren jarduera irmoa eskatzen denean, espainiar Justiziaren jardunari babes osoa agertzen zaionean, Torturari bidea irekitzen zaio. Eta Tortura kasuak ezkutatzen direnean, torturatuen testigantza eta salaketak isilarazten direnean, Tortura kasu berriak posible egiten dira. Horren arabera neurtzen da alderdi politiko, eragile ezberdin zein komunikabideek Torturaren aurrean duten ardura, baita Torturarekin amaitzeko duten aukera ere.
Espainiar Estatuak, PSOEren gobernuak, Euskal Herriaren aurka darabilen estrategian Torturaren erabilera gordintzea eta areagotzea erabaki du, une politiko jakin batetan eta helburu zehatzarekin: Euskal independentismoa bortizki kolpatzea. Atxiloketak, epaiak eta zigorrak, legez kanporatzeak, baita Torturak ere, Independentziari ateak ixteko, konponbidea ukatzeko, Euskal Herriaren eskubideak jazartzeko erabiltzen ditu.
Abenduaren 1ean PSOEren Gobernuaren estrategia errepresioari babes osoa agertu zioten hainbat alderdi politikok Madrilgo Kongresuan. Egun batzuk geroago ezagutu genuen Gorka Lupiañez euskal herritarraren Tortura testigantza beldurgarria, ezkutatua eta isilarazia izan zen. Urtarrilaren hasieran Igor Portu eta Mattin Sarasola izan dira Tortura latzak jasan dituztenak. Hurrengoa? Torturaren sekuentziari amaiera jarri behar zaio, behingoz eta betiko. Euskal Herrian Torturarekin amaitzeko oihua ozen eta argi entzuten dugu, eragile bakoitzari dagokio bere ardurari eutsi eta Torturarekin amaitzeko neurriak hartzea.
Gauza bakoitzak du bere izena, hau Tortura da. Eta gauzak diren moduan esan behar dira, Tortura sistematikoki eta helburu politikoekin erabiltzen duen Espainiar estatua ez da Zuzenbide Estatu bat, Espainian ez dago demokraziarik, ez dago Euskal Herriarentzako ezta euskal herritarrentzako eskubide aitortzarik. Ez da epelkerietarako garaia. Tortura argi salatu beharrean “zalantzak, zantzuak, kontraesanak,…” aipatzeak ez du baliorik. Zertarako balio du Espainiar Gobernuari edo Justizia aparatuari “kasu hau” argitzea eskatzeak? Espainiar Gobernuak gezurren bitartez estali nahi izan du Tortura kasu hau, agerikoa izanik ere, poliziaren bertsioen aurrean hamaika zantzu eta lekukoen testigantza izan arren. Espainiar Justiziak inpunitatea bermatzeko neurriak besterik ez ditu hartu, Audientzia Nazionala atxilotuen inkomunikazioa espetxean luzatuz argi agertu duenez.
Torturarekin amaitzeko badira gaur bertan hartu daitezkeen benetako neurriak, Espainiar Estatuari, PSOEren gobernuari, euskal herritarren aurka Tortura erabiltzea zailduko diotenak. Tortura salatu eta babesgabetu behar da, torturatzen dutenak argiki salatu behar ditugu, tortura posible egiten duen isiltasuna behingoz apurtu behar da. Baina Torturarekin betiko amaitzeko behar den neurria bestelakoa da, Euskal Herriak bere eskubideak errespetatuak izan behar ditu, Euskal Herriak marko demokratiko bat behar du, euskal herritar bat espainiar zein frantziar polizi indarren eskuetan torturatua izatea ezinezko egingo duen marko demokratiko bat.
Hau guztia dela eta honako mozioa aurkezten dugu udal osoko bilkurak eztabaida eta onar dezan:
- Udal honek irmoki salatzen ditu Igor Portuk eta Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren esku jasan dituzten Tortura latzak, baita azken urte luzeetan pilatu diren milaka tortura kasuak ere.
- Udal honek argi agertu eta salatu nahi ditu Tortura kasu honen atzean dauden ardura guztiak: tortura erabiltzen duten espainiar polizi indarrak, torturak agindu edota baimentzen duen espainiar Gobernua, inpunitate osoa eskaintzen dion Justizia aparatua, baita Tortura kasu hau isilarazten edo justifikatzen saiatu diren alderdi politiko zein komunikabideak ere.
- Udal honek, euskal herritarrek espainiar polizi indarren eskuetan jasaten duten Torturekin amaitu asmoz honakoa nabarmendu nahi du: euskal herritarrak torturatzen dituzten espainiar polizia indarrek zein inpunitatea bermatzen duen espainiar Justizia aparatuak ez dute Euskal Herrian inolako zilegitasunik. Hortaz, hauei babesa agertzea Tortura ahalbidetzea besterik ekartzen ez duenez, eragile politiko, sozial zein sindikalei babesik ez ematea eskatzen diegu eta behingoz Torturarekin amaitzeko jarrera argia eta beharrezko neurriak har ditzatela.
- Udal honek bereziki salatu nahi du PSOE alderdiak osatzen duen espainiar Gobernuak Tortura kasu honi dagokionean agertu duen jarrera, Rubalcaba Barne Ministroa zein Zapatero Presidentea gezurretan aritu dira Tortura hauek estali nahian, Guardia Zibilari erabateko babesa agertu eta inpunitatea bermatua izango dela agindu dute.
- Udal honek bat egiten du euskal herritarren gehiengo zabalak eskatzen duenarekin: euskal herritarroi aplikatzen zaigun Salbuespen legediaren amaiera, inkomunikazioaren amaiera, Audientzia Nazionalaren desagertzea. Bide beretik, udal honek bat egiten du Torturaren Aurkako Taldeak aurkeztu eta Torturarekin amaitzea helburu duen 9 puntuko zerrendarekin.
- Azkenik, udal honek, Tortura helburu politikoarekin erabiltzen dela salatu nahi du, euskal independentismoaren aurka eta Euskal Herriko eskubideen ukazioa iraunkortu asmoz. Hortaz, udal honek, Torturarekin, eta euskal herritarron eskubide urraketa guztiekin behingoz eta betirako amaitzeko marko demokratiko bat behar dela aldarrikatzen du. Euskal Herriaren eskubideak aitortu eta euskal herritar guztiok gure etorkizuna libreki eta aukera politiko guztien artean erabakitzea bermatua izango dugun marko demokratikoa, hain zuzen ere.
- Onartutakoa herritarrei zein komunikabideei helaraziko zaie.
Euskal Herrian,
2008ko urtarrilean