EAE-ANVko alkateen kontrako zentsura mozinoak

Berria egunkaritik

EAE-ANVko alkateen kontra zentsura mozioak aurkeztea «herritarren borondatearen kontra» doala salatu dute alderdi horretako hainbat alkatek; herritarrek aukeratutako hautetsien aurka egitea «demokraziaren kontra» egitea dela. EAE-ANVko hautetsiak udaletan lanean ari badira, herritarrek eman dieten babesari esker dela ekarri dute gogora, eta azpimarratu dute «batzuei itxuraz ahaztu egiten zaien arren», iazko maiatzaren 27an izan ziren udal eta foru hauteskundeetan 200.000 herritarren babesa jaso zutela. Gainera, beraien ustez, martxoaren 9ko bozetan argi geratu zen ezker abertzaleak oinarri sozial «indartsua» duela, «legez kanporatze eta traba guztien gainetik milaka herritarren babesa» lortu zutelako.

ETAk Arrasaten (Gipuzkoa) Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia tiroz hil zuenez geroztik ANVren alkate Ino Galparsororen kontrako zentsura mozioa aurkeztu nahi dute PPk eta PSE-EEk. Bi alderdi horiek bakarrik ezin dute zentsura mozioa aurkeztu, gehiengo absolutua behar dutelako, eta ez dutelako osatzen. Beraz, mozioa aurkeztu ahal izateko, EAJrekin, EArekin, EB-Zutikekin eta Aralarrekin hizketan ari da PSE-EE.

Aurkeztu dezaketen mozio horren inguruko irakurketa egiteko prentsaurrekoa eman zuten atzo ANVko hainbat alkatek, Ino Galparsororekin batera. Lezoko, Antzuolako, Legazpiko, Usurbilgo, Urretxuko, Azpeitiko eta Hernaniko alkateak agertu ziren, eta baita Pasaiako alkateordea ere. Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak azpimarratu du, Galparsorori arrasatearrek eman diotela alkate izateko zilegitasuna, eta horren kontra egitea «herritarren borondatearen kontra» doala.

EAJri, EAri, Aralarri eta EBri zuzendu zaie Beitialarrangoitia, alderdi horien esku baitago zentsura mozioa aurkeztea edo ez. Mozioa ez aurkezteko eskatuz ez direla «errukitan ibiliko» dio Beitialarrangoitiak. Izan ere, beraien ustez, norberak erabaki behar du zer egiten duen. Hori,bai, alderdi horiei gogora ekarri die bi aukeren artean erabaki beharko dutela: «Beraiei dagokie aukeratzea bat egin nahi duten alderdiak legez kanpo uzten dituztenekin, komunikabideak ixten dituztenekin, GAL eta gerra zikina bultzatzen dutenekin, herri honi salbuespen egoera berria ezarri diotenekin; edota, aldiz, herritarren iritzia errespetatzearen alde egiten duten, eta hitzez dioten moduan, inor albora uzten ez duen elkarrizketaren alde egiteko asmoa duten ala ez».

ANVko hautetsien iritzian bi arrazoi daude beraiek udaletatik baztertu nahi izateko: PSOEren «errepresio estrategia» batetik, eta, «beste kudeaketa bat posible dela» erakusten ari direla bestetik.

«Errepresio estrategiaren barnean» kokatzen dute, PSOE ezker abertzalea «txikitu» nahian dabilela iruditzen zaielako. Horrela «aldaketa oztopatu» nahi du PSOEk, EAJrekin ituna egin eta «iruzurra» abian jartzeko. Baina, horrela ezer ez dutela lortuko azaldu diote PSOEri; errezeta horiek ez direla berriak, baina «porrotera» doazela. Gatazka luzatzea besterik ez dutela lortuko ohartarazi die.

BESTE KUDEAKETA BAT. Baina, ANV udaletatik baztertu nahi izatearen benetako arrazoia beste bat dela iruditzen zaie hautetsi independentistei. Azpimarratu dutenez, beraiek udaletan daudenetik, «herri hau ezkerretik eraiki daitekeela erakusten» ari dira. Udal kudeaketa «modu gardenean eta parte-hartzailean» egiten ari direla diote, eta horregatik baztertu nahi dituztela; ANVren ereduak «aurrez aurre talka egiten duelako eurenarekin». Orain arteko kudeaketa eredua «eskuindarra eta itxia» izan dela salatu dute.

Gainera, Beitialarrangoitiak azaldu du gainerako alderdiek badakitela ezker abertzalea udaletan egoten den tokietan legegintzalditik legegintzaldira gehitu egiten dela herritarrek ematen dieten babesa, eta ulertzen dute, horregatik ez dituztela udaletan nahi.

Arazoa konpontzeko gakoa gatazkaren sustraietara jotzea dela berretsi du Beitialarrangoitiak, eta nabarmendu du alde bateko zein besteko gaitzespenek ez dutela gatazka konpontzeko balio.

«Salbuespen egoera ezarri dutenekin bat egin, edo herritarren nahia errespetatu aukeratu behar dute»

marian beitialarrangoitia

hernaniko alkatea

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.