Berria egunkaritik
Arrasateko ANVko alkatea zentsura mozio bidez kargutik kentzearen kontra egingo du EAJk
Horrenbestez, PSE-EEren proposamen horrek ez du aurrera egingo. Sozialisten Donostiako egoitzan bilera egin dute Arrasateko Udaleko oposizioko taldeek. Zentsura mozioa bultzatzearen alde egin dute PSE-EEk, EAk, EBk eta PPk. Kontra, ordea, EAJk eta Aralarrek. ETAk Isaias Carrasco PSEko zinegotzi ohia hil eta ANVk ez gaitzestea erabaki ondoren sortu zen proposamena.
Ino Galparsoro EAE-ANVko ordezkariak jarraituko du Arrasateko (Gipuzkoa) alkate izaten, PSE-EEk haren kontra bultzatutako zentsura mozioak ez baitu aurrera egiteko adinako babesik bildu.
Sozialisten Donostiako egoitzan bilera egin dute gaur goizean Arrasateko Udaleko oposizioko taldeetako ordezkariek, zentsura mozioa bultzatzeko prest zeuden argitzeko. PSE-EE, EA, EB eta PP agertu dira zentsura mozioaren alde; EAJ eta Aralar, ordea, kontra. Horrenbestez, jeltzaleen babesik gabe, mozioaren aldekoek ez dute ekimenak aurrera egin dezan behar adinako gehiengorik bildu.
Arrasateko Udaleko 21 hautetsietatik 11ren babesa behar zuen zentsura mozioak aurrera egiteko. PSE-EEk (4 hautetsi), EB-Zutik-ek (3), EAk (1) eta PPk (1) 9 bildu dituzte guztira, baina jeltzaleen babesa (4 hautetsi) ezinbestekoa zuten mozioa bultzatzeko. Aralarreko hautetsi bat dauka eta EAE-ANVk 7.
Erabakiari buruzko azalpenak gaur emango dituela iragarri du Joseba Egibar EAJko GBBko buruzagiak.