ZUZENKETA: Azkenean EA zentsura mozinoaren kontra

Baina ez hauteskundeetan boto gehien hartu zituzen Ino Galparsoro kentzearen kontra dauelako, ostantzeko alderdien artean adostasunik egon ez dalako baino

Berria egunkaritik

EAJk ez du babestu Arrasateko alkatearen kontrako zentsura mozioa

EAk eta Aralarrek ere ezezkoa eman zuten atzo PSE-EEren Donostiako egoitzan eginiko bileran

Jokin Sagarzazu

Donostia

Ino Galparsoro (EAE-ANV) Arrasateko (Gipuzkoa) alkate izaten jarraituko du, PSE-EEk haren kontra alkatetza kentzeko bultzatutako zentsura mozioak ez baitu aurrera egiteko babes nahikorik lortu. Sozialistek ez dute lortu, beraz, mozioak aurrera egiteko beharrezkoa zuen gehiengo osoa, EAJ, Aralar eta EAk zentsura mozioaren kontrako iritzia eman dutelako. Joan den martxoaren 7an ETAk hil zuen Isaias Carrascoren hilketa publikoki gaitzesteari uko egiteagatik udal gobernutik kanporatu nahi zuten sozialistek EAE-ANV.

Gipuzkoako sozialisten Donostiako egoitzan bilera egin zuten atzo goizean Arrasateko Udaleko oposizioko alderdietako ordezkariek, zentsura mozioa bultzatu edo ez erabakitzeko. Bilera hasi aurretik jakina zen EAJren iritzia erabakigarria izango zela, Arrasaten dituen lau hautetsien iritziak balantza alde batera edo bestera makurtzeko adina pisu baitzuen. Are, martxoaren 11n EB-Zutik-ek Arrasateko Udalean EAE-ANVrekin zuen gobernu akordioa hautsi eta herenegun Arrasateko EBko bi hautetsik beren alderdiko agintariei zentsura mozioaren alde zeudela jakinarazi ostean. Bilera hasi aurretik PPk bakarrik zeukan argituta bere zinegotziak baiezko botoa emango zuela.

Ordu erdiko bilera amaitu eta berehala jakinarazi zuen alderdi bakoitzak bere erabakia. Arrasateko Udaleko 21 hautetsietatik 11ren babesa behar zuen zentsura mozioak aurrera egiteko. Orotara, 8 hautetsien babesa jaso zuen sozialisten ekimenak. PSE-EEk (4 hautetsi), EB-Zutik-ek (3) eta PPk (1) zentsura mozioaren alde agertu ziren. Kontrako iritzia eman zuten EAJk (4 hautetsi), EAk (1) eta Aralarrek (1); guztira, 6. EAE-ANVk 7 zinegotzi ditu Arrasateko Udalean.

EAJk zentsura mozioaren aldeko iritzia eman izan balu, PSE-EEren ekimenak aurrera egingo zuen. Iritzi hori gailendu zen bilera amaitu ostean zentsura mozioaren aldeko botoa eman zutenen artean. Manuel Huertas Gipuzkoako PSE-EEko presidentea izan zen komunikabideen aurrean hitz egiten lehena. Huertasek adierazi zuen bilera laburra izan zela eta bertan zentsura mozioaren inguruan alderdi bakoitza bere ikuspuntua azaltzera mugatu zela; ez zela ia eztabaidarik izan gaineratu zuen. Zentsura mozioak aurrera egiteko EAJren botoa giltza zela jakitun, Huertasek alderdi jeltzalearen «koldarkeriagatik» minduta zegoela adierazi zuen: ez zuela halakorik espero. Bidenabar, aurreratu zuen Miguel Buenek Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak -atzo Madrilen zegoen- gaur azalduko duela zein den Gipuzkoan sozialisten iritzia.

EAJ izan zen deklarazioak egiten hurrena. Joseba Egibarrek EAJko GBBko buruzagiak egin zuen prentsaurrekoa, EAJren Donostiako egoitzan. Egibarrek argitu zuen alderdi jeltzalearen zuzendaritza Arrasateko lau zinegotziekin bildu zela herenegun. Halaber, Miguel Buenek bilera egin aurretik EAJren erabakiaren berri bazuela argitu zuen.

Egibarren aburuz, zentsura mozioa babestea ez luke normalizazio politikorako jokaleku berririk irekiko. Halako ekimenek arazoa «sakondu» baino ez dutela egiten gaineratu zuen. Hori dela-eta bere alderdiak ez duela «gisa horretako ekimenik» babestuko argitu zuen. Halaber, EAJk EAE-ANVrekin udaletan akordiorik ez duela nabarmendu zuen, «beste batzuek» badutela edo eduki izan dutela iradokiz.

Arrasateko EAE-ANVren kasuan, «onartezin» deritzo alderdi honek Isaias Carrascoren hilketa salatu ez izanari, eta momentu hartan Galparsoro alkateak dimisioa eman behar zuela adierazi zuen. Egibarren irudiko, zentsura mozioak eta halako ekimenak baino eraginkorragoa da «pedagogia sozial eta politikoa lantzea» ANVren boto-emaileen artean. «Ez dugu guk askatuko uztarri horretatik, beraiek askatu behar dute», gaineratu zuen, ordea.

«EGUNGO MAPA POLITIKOA». Horretaz gain, iazko udal hauteskundeetako testuingurua ahalbidetu zutenei «gogoeta partekatua» egiteko eskatu zien Egibarrek, «ANVk leku batzuetan aurkeztea izan zuelako eta beste batzuetan ez». PSOEri eta Batasunari zuzendu zaie Egibar. «Alfredo Perez Rubalcabak eta Pernando Barrenak azal diezagutela zer dela-eta geratu zen egun erakundeetan dugun mapa politikoa».

Ildo horretatik, Miren Azkarate Eusko jaurlaritzako bozeramaileak ere PSOEren politiken inguruko «inkoherentziak» nabarmendu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan: «Nor izan zen ANVko zerrenda batzuei azkenengo hauteskundeetan aurkeztea utzi ziena eta beste batzuei bidea itxi ziena?».

EAk eta Aralarrek ere PSE-EEren ekimenaren kontrako botoa eman zuten atzo, eta Isaias Carrascoren hilketa gitzetsi zuten.

Prentsa ohar baten bidez, EAk bileran izandako jarreraren berri eman zuen. EAk «erabateko adostasuna» lortzea helburu zuela adierazi zuen. Akordioak egiteko aukerarik ez zegoela ohartu zenean zentsura mozioa ez babestea erabaki zuela azaldu zuen. «Udalaren gobernagarritasuna ziurtatu nahi genuen».

Aralarreko zuzendaritzak PSE-EEk aurkeztu nahi zuen zentsura mozioa ez babestea erabaki zuen herenegun. Oxel Erostarbe Gipuzkoako koordinatzaileak eta Ainhoa Beola Donostiako zinegotziak osatu zuten Aralarren ordezkaritza. Erostarbek salatu zuen PSOEk bide eman ziela udal batzuetan EAE-ANVren zerrendei: «Bere egunean egin ez zena zentsura mozioen bitartez egitea iruzur politikoa dela uste dugu». Aralarrek eskubide zibil eta politikoak «egoera guztietan» babesten dituela berretsi zuen.

Bestalde, Bizkaiko PPko presidenteak EAJren erabakiaren atzean «terrorismoa gaietan erabakiak hartzeko beldurra» dagoela adierazi zuen.

«Rubalcabak eta Barrenak azaldu behar dute egun erakundeetan dugun mapa politikoaren zergatia»

Joseba Egibar

EAJ-ren GBB-ko Presidentea

«Nork utzi zien EAE-ANVko zerrenda batzuei hauteskundeetan aurkeztea?»

Miren Azkarate

Eusko Jaurlaritzako Bozeramailea

«Terrorismo gaietan erabakiak hartzeaz beldur delako eman du EAJk ezezkoa»

Antonio Basagoiti

Bizkaiko PP-ren presidentea

«Erabateko adostasuna lortzerik ez zegoela ohartuta, ezezkoa ematea erabaki genuen »

EA

«Bere egunean egin ez zena zentsura mozioen bitartez egitea iruzur politikoa dela uste dugu»

Oxel Erostarbe

Gipuzkoako Aralarreko Koordinatzailea

Huertas: «EAJrekin izango ditugun harremanak baldintzatuko ditu»

Manuel Huertas Gipuzkoako PSE-EEko presidentea «minduta» atera zen atzo goizaldean Arrasateko Udaleko oposizioko alderdietako ordezkariekin izandako bileratik. «Laburra» eta «ia eztabaidarik gabekoa» izan zela adierazi zuen, eta «etorkizuneko harremanetan» eragin dezakeela adierazi zuen.

Huertasen aburuz, Isaias Carrascoren hilketa gaitzesteaz haratago «erantzun politiko, etiko eta morala» espero zuen alderdi guztien partetik. Hartarako, baina, mozioa babestea ezinbestekoa zela iritzi zion. EAJk, EAk eta Aralarrek ezezkoa eman zuten.

PSE-EEko buruak gogor kritikatu zuen alderdi horien jarrera, eta indarkeriaren kontrako borrokan «koldar» jokatzea leporatu zien. «Koldarkeria ekintza izan da eta demokraziaren oinarrizko printzipioak iraindu dituzte».

«Arrasateko auzia ez da herri baten edo lurralde jakin baten auzia, terrorismoaren kontrako borrokaren auzia baizik», adierazi zuen PSE-EEko Gipuzkoako presidenteak. Gipuzkoako sozialisten egoitzan atzo eginiko bilera «terrorismoaren aurkako borrokarekin lotuta» dagoela adierazi zuen. Borroka horretan alderdi politikoak elkarrekin aritzeko borondatea lortzeko ahalegina izan zela nabarmendu zuen: «Demokraten batasuna berreskuratu nahi genuen mozio horren bidez».

Ekimenaren emaitza ikusita, «EAJk erakutsitako jarrerak» PSE-EErekin etorkizunean izango dituen «harremanak baldintzatuko» dituela dio Huertasek.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.