PNV eta PSOEren gutxieneko etiko eta demokratikoak
PNVk eta PSOEk EAE-ANVko zinegotzion dimisinoa eskatuko ei dau Isaias Carrascoren heriotza eta ETAren jarduna gaitzezten ez badoguz. Eskari horren aurrean hauxe esan gura dotsuegu herritarroi:
- EAE-ANV alderdi politikoa da ( ilegalizazino bidean dauena, bide batez) eta gure helburu politikoak lortuteko bide politikoak baino ez doguz erabilten. Ildo horretan, Isaias Carrascorena Euskal Herriak bizi dauen gatazka politikoaren ondoriozko azken heriotza tamalgarria izan daiten lan egiteko konpromisoa inoz baino arduratsuago hartu gura dogu.
- Lar luzatuten dan gatazka politikoaren ondoriozko indarkeria adierazpide guzti guztiak desagertuteko gure konpromisoa berretsi gura dogu, alde guztietako indarkeriak ez baitakar sufrimendua luzatutea baino.
- Loiolan Ezker Abertzalearen, PSOEren eta PNVren artean izandako alkarrizketen ondorioz, gatazka behin betiko konponduteko zorian egon gintzezan. Ostera, konpromiso zehatzak eta atzerabueltabakoak hartu behar zirenean, PNV eta PSOE mahaitik altxatu ziren. Gaur da eguna euren jokabidea azaldu ez deuriena. Zegaitik? Guk gatazkaren konponbidea ekarriko deuriezan alkarrizketa eta negoziazinoa barriro emon daitezan lan egiteko konpromisoa hartute dekogu. Horretarako, politika egiten utzi behar doskue eta legez kanpo, gartzelan edo kriminalizatuta nekez egin ahal izango dogu.
- Arrasaten bertan torturatu zeituezan Igor Portu eta Mattin Sarasola. Guardia Zibilak torturatu zeituezan. Nortzuk direz Guardia Zibilen agintari politikoak? PSE-PSOEkoak ( GAL sortu zeurienak). Gaitzetsi deituez PSE-PSOEkoek torturak? Ez, noski, eurek agindu zeituezan-eta. Eskatu deituez PNVkoek PSEko zinegotzien dimisinoak torturak gaitzetsi ez deituezelako? EZ, NOSKI. Baina, zegaitik ez?
- Ertzain batek, 70 urteko andra bateri porrazoka besoa apurtuten badotso, hori indarkeria da? Gaitzetsi behar da? eta gaitzezten ez dauenak, gutxieneko printzipio etiko eta demokratikoak dekoz? Nork aginduten dotsie Ertzainei herritarrak joteko? PNVk. Nork aginduten dotsie Ertzainei ezker abertzaleko gazteen kontrako txostenak espainiako audientzia nazionalera bialduteko urte luzetako kondenak jaso dagiezan? PNVk.
- Torturak eta polizia indarren gehiegikeriak gaitzezten ez deituzen zinegotziek, gutxieneko printzipio etiko eta demokratikoak dekiez?
- Larrabetzuko PNVk, alderdien legearen kontra dauela esan, baina 2003-2007 legegintzaldian Larrabetzuarrok herri-plataformako zinegotziak ez zeituezan ordezkari politikotzat onartu, nahiz eta ederto jakin 382 larrabetzuarrek emon eutsiela botoa. 4 urtetan horrenbeste larrabetzuarren eskubide zibil eta politikoak zapaldu deituzenak, larrabetzuko horrenbeste herritarren aukera zapaldu deuenak, ze zilegitasun deko inori gutxieneko printzipio etiko eta demokratikoak eskatuteko?
- Gatazka politikoa konponduteko bide bakarra alkarrizketa dala deritzogu eta holango neurriek herritar talde eta aukera politiko independentistaren bazterketa eta kriminalizazinoa baino ez dekie helburu. Indarkeria erabiltea aurpegiratuten doskue PNVk eta PSE-PSOEk baina ez doskue lan politikoa egiten utzi gura. Guk, ostera, botoa emon euskuen herritarrekiko konpromisoari eutsiko dotsegu; Larrabetzu eta Euskal Herri aske eta justuagoak lortu arte segiduko dogu beharrean.
larrabetzu auzolanean
euskal herria aurrera