Apirilaren 2an egindako udalbatzarrari buruz apuntetxo bat
Azkenengo udalbatzarrean, herritarren parte hartze minimo batekin egindako aurrekontuak onartzeaz gain, eguneko gai-ordenean zeuden beste puntu batzuk tratatu ziren. Horietako baten ganean, hain zuzen be, Hirigintzako Sektore Kontseiluaren konposaketa eta eraketaren ganean berba egin behar zenean, ezuzteko galanta hartu gendun.
Hirigintzako Sektore Kontseilu honetan zinegotziak (alderdi bakoitzetik bat) eta herritarrak bildauko dira eta talde honen ardurarik nagusiena ondorengoa izango da: gai konkretuei buruz (hazkundea, herriak behar dituen ekipamenduak, etxebizitza…) herritarren ekarpenak eta iradokizunak bideratzea eta eztabaidatzea. Horrela, prozesu honen amaieran parte hartzean oinarritutako Plan Orokor Berria definitzeko irizpideak markatuko jakoz erredakziorako kontratatuko dan talde profesional bateri.
Hau guztia martxan jartzeko 2007ko azarotik 3 alderdien artean bilerak egin dira. Geroago, aurrera jarraitzeko oinarri sendoak jarri zirenean, Sektore Kontseilua bera aldizka batu da barne funtzionamendua eta bestelako gaiak argitu eta markatzeko. Batzar horietan tratatu dan lehenetariko puntua taldearen osaketa betetzea izan da. Parte hartzaileen behin-behineko osaketa adostu(izen-abizen eta guzti) eta plenora eramatea onartu gendun, bertan ontzat eman daiten. Baina osaketa adostea ere asko kostatu jakun PNVko alkatea danak aurreko batzarretan adostutakoaz berriro berba egin behar zala esaten zeuelako edota aurrera egiteko eragozpenak jartzen zituzelako beti. Horren adibidea da apirilaren 2ko udalbatzarrean gertatu zana:
Harrituta geratu gintzezan udalbatzarrean gai horri onespena eman behar geuntsonean (horrela uste gendun, behintzat, Kontseiluan horrela adostu gendun-eta) PNVk arazo bi planteatu zituzenean:
- Taldekideen kopurua gehiegizkoa zala gaiak praktikotasunez eztabaidatzeko. Haien ustez 9 pertsona izan beharko ziren.
- Alderdiek Udaletxean mantentzen deurien proportzionaltasuna ez dala mantentzen (4-4-1).
Arazo hauek ez ziren planteatu Kontseiluak aurretik egin dituzen batzarretan, ezta inongo Informazio Batzordeetan ere. Batzar hauetan gehiengoa ados egon gara puntu horri jagokonez. Eragozpenak udalbatzarrean eta egoera konkretu batean atera zeituezan; EB-ARALAR-INDEPENDIENTEAK taldeko zinegotzia, arazo pertsonalak direla medio, bertan ez zegoenean. Jakinda, egoera horretan, alkatearen kalitatezko botoari esker balizko bozketan PNVk gehiengoa zuela.
Ordu batez eztabaidatu eta gero, Hirigintzako sektore Kontseiluaren osaketa eta konposaketaren inguruko bozketa hurrengo udalbatzarrerako atzeratu zan.
PLAN OROKOR BERRIA herritar guztien parte hartzean oinarrituta egiteko sortu gendun Kontseilua EAE-ANV eta EB-ARALAR-INDEPENDIENTEAKek baina badirudi PNVk ez dauela begi onez ikusten, oztopoak eta frenoa baino ez baititu jartzen, borondate osoz gabizenon pazientzia agortzeraino. Ostera, guk argi dekogu Larrabetzuko Plan Orokor Berria larrabetzuar guztien artean egingo doguna. PNVko zuzendaritzak azaldu beharko dotsie bere jarraitzaileei zergatik ez dauen gura Plan Orokorra herritarron iritzien arabera egiterik.