BERRIA egunkaritik
ANVren kontrako mozioa onartu dute Pasaian EAJk, PSEk eta PPk
Herritar batek hitza hartu duenean PSEko zinegotziak aretotik ateratzen hasi dira, eta liskarra sortu da
erredakzioa
Donostia
EAJk eta PSE-EEk EAE-ANVren kontra aurkeztutako mozio etikoa onartu egin zuten atzo Pasaian (Gipuzkoa), bi alderdi horien eta PPren botoekin. Aldeko bederatzi boto lortu zituen mozioak: PSE-EErenak bost, EAJrenak bi eta PPrena bat. EAE-ANVko zazpi hautetsiek kontra bozkatu zuten, eta EAko hautetsi bat eta EB-Aralarreko bat abstenitu egin ziren.
EAE-ANVk ere aurkeztu zuen bere mozioa atzoko udalbatzarrean, baina ez zen aurrera atera, bere taldeko hautetsien babesa besterik ez baitzuen lortu.
Tentsio handia izan zen 20:00etan hasi zen osoko udal batzarrean. Ezker abertzaleko jarraitzaile ugari joan ziren aretora, eta PSE-EEren eta EAJren kontrako oihuak egin zituzten. Besteak beste, «torturatzaileak» eta «faxistak» deitu zieten.
Bi testuen bozketak egin ostean herritar batek hitza hartu zuen, eta PSE-EEko bost zinegotziak altxatu eta aretotik ateratzen hasi ziren. Une horretan, berri agentzien arabera, zinegotzien kontra egin zuten udal batzarra jarraitzen ari ziren hainbat lagunek. Iturri horien arabera, bekainean ukabilkada eman zioten Bixen Itsaso zinegotzi eta alkate ohi sozialistari. Efe berri agentziaren arabera, ireki txiki bat egin zioten, baina ez zuen medikuen zaintzarik behar izan.
PSE-EEk eta EAJk Gipuzkoako hamar herritan aurkeztu dituzte mozio etikoak. Nolanahi ere, herri horietako gehienetan ez dira aurrera atera. Pasaiaz gain, Soraluzen eta Legazpin bakarrik onartu dira. Ostegunean Urretxun eztabaidatuko dute.