Ekainaren 26an, 20:00etan eta udaletxeko udalbatzarretarako gelan egingo dan udalbatzarreko berbagaietako bat honako mozinoa izango da:
UDALA HERRITARRONA DA. GEUREA DA ERABAKIA
Herriarena da erabakia, eta herriarena zilegitasuna, guztia eta bakarra. Hori izan behar da demokraziaren oinarria baita edozein erakundeena ere. 2007ko udal hauteskundeak ez ziren baldintza demokratikoetan garatu, ez zen aukera berdintasunik izan. Espainiar Estatuak Alderdi Politikoen legearen bidez aukeratua izan eta aukeratzeko eskubidea urratu zuen Euskal Herrian. Demokraziaren aurkakoa den lege horren gainetik herritarrek euren borondatea agertu zuten, euren ordezkariak aukeratu zituzten. Batzuk legezko aitortza izan zuten, beste batzuei ukatu egin zieten. Baina udal ordezkari egiten gaituena ez da legea, herritarren borondatea baizik. Eta hori da errespetatu beharrekoa, herritarren borondatea.
Euskal Herriak bizi duen egoera ez da demokraziazkoa, ez da bake egoera bat. Euskal Herriak gatazka nozitzen du, azken hilabete hauetan gordindu den gatazka. Euskal Herriari nazio izaera ukatzen zaio, herri bezala dagozkion eskubideak ukatzen zaizkio, herritar bezala dagozkigunak ere. Espainiar eta frantziar estatuek euskal herritarroi euren legediak ezartzen dizkigute, gure borondatearen gainetik. Ikuspegiak anitzak izan daitezke eta behar dute izan, baina gatazkaren muinean bada ukaezina den errealitatea: euskal herritarrok ukatua dugu, egun, gure etorkizuna libreki eta demokratikoki aukera guztien artean erabakitzeko eskubidea. Egoera horren isla zuzena pairatzen dugu udalean, herriaren borondatearen gainetik ezartzen delako espainiar Alderdi Politikoen legea, hautetsi batzuei izaera bera ukatuta eta beste batzuen eguneroko jarduera bertan behera edo legez kanpo utzita. Demokrazia faltan du gatazkak sorburua, eta demokratikoa izan beharko da konponbidea.
Bizi dugun egoera gordinaren aurrean, herritarren ordezkari garenok arduraz jokatu behar dugu. Ezin dugu gatazka ukatu, ukatzeak ez duelako gatazka konpontzen, ezin dugu gatazkaren sorburua ukatu, konponbideak gatazkaren muinera joatea eskatzen digulako, eta ezin ditugu gatazkaren ondorioak ukatu, gatazka eta ondorio guztiak gainditzea izan behar dugulako helburu. Arduraz jokatu behar dugu, behingoz eta betirako gatazkari konponbide bat ematea delako, herriaren aurrean, gure ardura nagusia.
Ardura eta zintzotasuna da herriari zor dioguna, ez ditugu arazoen konponbideari mesede eskasa egiten dizkioten alde bakarreko irakurketak behar. Ez ditugu oportunismotik abiatu eta alderdien interesak ase besterik helburu ez dituzten neurriak behar. Udal jardueran inolako oinarria izan ez eta alderdikeriaz erabiltzen diren Zentsura Mozioak ez ditugu behar, ez dira zilegiak, herritik kanpo erabakiak eta herriaren borondatearen aurka aurkeztuak direlako, alderdi batzuk herritarrek eman ez dieten boterea eskuratzeko erabili nahi dituztelako. Urteetan ezarri eta porrota eta sufrimendua besterik ekarri ez dituzten neurri errepresiboak alboratu behar dira, gatazkaren muinetara jo eta ariketa demokratiko bat egin behar dugu, herritarren esku utzi etorkizuna, aukera guztien artean erabakitzeko eskubidea.
Herri honek ezin du permititu orain 30 urte gertatutakoa errepikatzea. Guk, nahi duten guztiekin batera, benetako aldaketa politikoa eman dadin baldintzak sortzeko lan egingo dugu.
Arduraz, zintzotasunez, herriari arazoak konpontzeko alternatibak eskaintzea baldin bada gure udal jardueraren oinarria, agertu dezagun herri honek bizi duen arazorik larrienari konponbidea emateko konpromisoa eta ausardia.
Hau guztia kontutan hartuta, honako mozioa aurkezten dugu udalbatzarrak eztabaidatu eta onar dezan:
1.- Udal honek, herritar oro eskubide zibil eta politiko guztien subjektu dela aldarrikatzen du. Era berean, Euskal Herritar orori dagokigula gure herriaren etorkizuna erabakitzea.
2.- Udal hau ez dago herriak aukeraturiko ordezkariak legez kanporatuak izatea onartzeko prest. Hala, udal hauteskundeetan jazarpena jasan zuten zerrendetako kide, nola suspentsioaren ondorioz eragina jasan dutenak. Hortaz, herritarrek aukeraturiko EAE-ANVko zinegotziak, eragile eta mintzakide politiko gisa onartzen ditu.
3.- Udal honek, alkate eta zinegotzien aurkako jazarpen judiziala salatzen du.
4.- Udal honek herriari aitortzen dio zilegitasun guztia eta bakarra. Hortaz, udal honek, 2007ko maiatzaren 27an, lege arrotz eta neurri errepresiboen gainetik, herriak aukeraturiko ordezkari guztien aitortza exijitzen du, udalerri guztietan herritarren borondatea errespetatua izan dadin.