Urtea bete da EAE-ANV udalean dagoenetik eta guk elkarrizketa egin dotsiegu urte horrek emon dauenaz euren iritzia agertu dagien. Horra zer erantzun doskuen:
Urte bete egin dozue udalean, zelan joan jatzue urtea?
Asier: Ba niri azkar joan zait. Urte bat pasatu da eta udalean gai asko tratatu dira, horretaz aparte egoera politikoak buelta pilo bat eman ditu eta horrek suposatu dauen aktibitatea kontuan hartuta urtea konturatu barik pasa zaigu.

Mari Feli: Hainbat gauza egiteko, hainbat gauza aldatu gurean, programan zehaztutako hainbat gai atara gura aurrera, funtzionamendua aldatu, eguneroko arazoei konponbidea aurkitu… eta konturatzen zara urte batean ez dekozula pentsetan dozunaren zati txiki bat baino egiteko astirik.
Maite: Nik uste dot gehitu behar dala gu ez garela honetan profesionalak, hau da, denbora libretik egiten dogula eta udaleko gaietan eman behar dozun denbora ez da inoiz nahikoa.
Juan Manuel: Kontuan hartu behar da ez dala bakarrik zuk aurrera eraman nahi dozuna, baizik eta beste talde politiko batzuk daudela lanean Udalaren barruan, beste iritzi batzuk eta sarritan erabakia adostu behar dozu. Adostasunera heltzeko mila buelta eman behar dozu, elkartu, komentatu, bai, ez, …
Asier: Eta nik uste dot oso inportantea dala, orain arte alkatea izan dala dena egin eta desegin egin dauena eta gu sartu garenetik beste dinamika bat planteatu dogu.
Maite: PNVn oso ohituta dagoz alkateak agintzen dauena betetzen eta hori nabaritzen da hartu emonetan. Behar bada, zinegotziekin akordura ailegatu zintezke baina beti ematen dau behar dauela alkatearen oniritzia. Eta honek, segun eta ze inportantzia emoten dautson gaiari ba arinago edo geldoago gidatzen ditu betebeharrak.
A.: Azkenean, edozer gauza aldatzeko zuk pentsatzen dozuna baino askoz ere zailagoa da. Aurreikusitakoa baino denbora gehiago pasatzen dozu.
Zuek, Mari Feli eta Juan Manuel, lehenago zinegotzi izandakoak zarie, baina zuek, Maite eta Asier, inoiz izan zarie zinegotzi?
M.: Ez, Asier eta biok “estrenatu berriak” gara honetan.
A.: Ni berria naiz honetan, eta zinegotzi bezala asko ikasteko daukat. Lehenengo urtea da. Bilbokoa izanda beti ikusi dot udal politika eta jendearen artean distantzia handia zegoela eta Larrabetzun bizi naizenetik ikusten dot gertutasun handiagoaz. Hori izan da pixka bat motibatu nauena zinegotzia izatera.
Maite: Azkenean ikusten dozu defendatzen dozun proiektuaren alde jende mordoa dagoela eta horrek motibatu egiten zaitu. Eskerrak ekipo ona daukagun, laguntza asko eskertzen da.

Mari Feli, lehengo esperientzetik, zer esango zenuke?
M.F.: Guztiz diferentea da. Zinegotzi nintzen aurreko agintaldian indar korrelazioa 6-3 izan zan. PNV eta Herri Batasuna bakarrik geunden. Gu oposizio hutsean ginen; ez gendun ia aukerarik ezer aurrera ateratzeko. Oraingo agintaldian PNVk gehiengo absolutoa galduta derrigorrez lan egiteko modua aldatu egin behar izan dau.
Juan Manuel: Bai, ni ere aurreko bi agintaldietan izan nintzen zinegotzia. Eta bietan PNV, gehiengo absolutua izanik, saiatu zen ezker abertzaleko zinegotziak eta baita herritarrak ere baztertzen. Eta lortu egin zuen.
M.F.: Gaur egun, printzipioz, badago adostasunaren aldeko apostua, eta hainbat gai modu horretan ateratzen dira aurrera. Beste gai batzutan gure proposamenak botoen gehiengoaz, EB-Aralarren aldeko botoarekin, lortzen dogu ateratzea. Herritarrekiko harremana ere erabat aldatzea lortu dogu.
Zein eginbehar dekozue bakotxak udalean?
A.:Ni bi batzordeko partaidea naiz. Alde batetik Kirola, Osasuna eta Ongizate batzordean nago. Batzorde hau momentu puntualetan batu izan da orain arte: ordenantza fiskaletan, aurrekontuetan, udal ikastaroak tratatzeko…
Beste batzordea, Sektore Kontseiluen Garapenerako batzordea da. Batzorde hau guztiz berria da eta bere helburua udaleko gaietan herritarren partaidetza posible egitea da.
Hortik aparte, astean bitan edo etortzen gara sartzen den dokumentazioa begiratzera. Egia esan, hona etortzen zarenean pentsatzen dozu ordu erdi baterako edo izango dala baina , batagatik edo besteagatik, asuntoa beti luzatzen da.
M.F.: Ni Ogasuna, Gobernazioa eta Komunikazioa batzordean nabil. Ogasunean, ordenantza fiskalak (tasa eta inpuestoak) eta aurrekontuak burutzea izan da lan handiena orain arte. Gobernazioan langileriaren asuntoak, mozioak …
Kultura, Gazteria eta Euskera Batzordeko partaidea ere banaz. Azkenaldi honetan dirulaguntza politika guztia aldatu gurean gabiz. Gure asmoa Kulturako Kontseilua sortzea da, udal politika kulturala herriko sektore guztien parte hartzeagaz burutzeko.
Hezkuntzan Eskola Kontseilutik edo Haurtzaindegitik datozen arazoak konpontzen doguz gehien bat: Haurtzaindegiaren anpliazioa, eskolako aterpea…eta aipatu beharra dago eskola eta udalaren artean ia guztiz apurtuta zegoen harremana normalizatzea aurrera pausu inportantea izan dala. Horrez gain, Larrabetzuk Ur Partzuergoan dekon ordezkaria naz.

M.: Ni Gazteria, Emakumea, Nekazaritza eta Enplegu batzordean nago. Orain arte bi erabaki nagusi hartu dira: Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako plan bat adostea, eta, bertoko nekazaritza bultzatzeko asmoz, herriko talde batek aurkeztutako azoka proiektua diruz laguntzea. Momentu honetan beste talde politikoko ordezkariekin, arrazoi desberdinengatik, batzeko zailtasunak daudela esan behar dot.
Dena den, izandako bileren emaitzak irailean edo hasiko dira ikusten; Genero berdintasunaren alorrean irailetik abendura egingo dira programatuta dauden ekintzak. Gai honetan, beste guztietan bezala, laster hasi beharko gara pentsatzen hurrengo urtean zer egin nahi dogun.
Hortik aparte, Mankomunitateko ordezkaria naiz. Boto kopuruengatik PNVk bi ordezkari dauzka eta guk bat. EAE-ANVko ordezkari bakarra izatean, aukera daukat batzorde guztietan egoteko. Hor ikusten da Mankomunitatearen dinamika zein den: PNV nagusi da, eta guztira 24 ordezkari gara: 22 PNVkoak, PSOEko 1 eta ANVko 1. Uste dot partidu politiko bakoitzak Mankomunitatean daukan ordezkari kopurua eta Txorierriko errealitatea ez datozela bat. Udaleko diruzaina ere banaiz.
Juan Manuel: Ni Hirigintza, Obrak eta Ingurumen Batzordean nago. Batzorde honek lan itzela izango dau udal agintaldi honetan, Larrabetzuko Hiri Antolamendurako Plan Nagusia egin eta onartu beharko dogu eta. Azpimarratzekoa da, larrabetzuarren kolaborazioarekin diseinatuko dogula, horretarako bitarteko egokiak jarriko ditugulako.
Beste “patata beroa” alde historikoaren PERIa izango da. PERIa eginda izatearen abantailetako bat, obretarako lizentziak udalak zuzenean eman ahalko dituela izango da, Diputazioaren aurreko oniritziaren beharra izan gabe.
Zelango hartuemona dekozue ostantzeko zinegotziekaz?
M.F.: Sartu ginenetik lehenengo jarduera funtzionamentua bera aldatzea izan zan eta lortu egin dogu neurri handi baten. Gobernu Batzordea ez da eratu eta dana plenora doa, batzordeak gehitu egin doguz gai ezberdinak modu egokiago baten tratatzeko… Honeri esker hartuemon handia dekogu talde politikoen artean, eta horrek alkarrenganako ikuspegia aldatu egiten dau. Alkarregaz hainbeste egoteak humanoagoa bihurtzen dau harremana.
A.: Nahiz eta askotan kabreatu, hurrengo astean batzarra dozunez azkenean erlazioak ez dira txarrak. Gaiak tratatzean eztabaida gogorra izan arren, nik esango nuke harremanak zuzenak direla. Hemen ere ikasten da lehenbailehen haserreak ahaztu egin behar direla.
Juan Manuel: Nik pentsetan dot alkarreri errespetoa dekotzegula; arazo eta diskrepantzia handiak euki ahal dozuz gai baten inguruan baina hurrengo astean beste gai bat tratatzen da eta ezin dozu muturtuta segidu aurrekoagaz, eta normalidadera bueltatzen gara danok.
Eta herritarrakaz?
A.: Ondo. Nik eskertzen dot hartuemona. Kalean harrapatzen zaitue eta haien kezkak edo jakinminak komentatzen dotsuez. Azken finean, honek konfidantza dagoela esan nahi dau.
M.: Nik suertea dot, jendeak ez nauenez hainbeste ezagutzen … Zuek Andra Mari kalean ordu asko egiten dozuez (barrez).
M.F.: Herriko ordezkariak gara eta gu prest egon behar gara edozein momentutan jenteari atenditzeko. Normalean jenteak galderak edo proposamenak egiten dauz, hau zelan doa? eta hau zelan egiten da?, normala dan moduan.
J.M: Honen harira esan behar dogu herritarrakaz harremanetan egoteko badaukaguzela bulego ordu batzuk, astelehenetan eta barikuetan.
M.: Baina nik uste dot jendeak nahiago dauela kalean harrapatzea eta gauzak komentatzea jarritako orduetan etortzea baino.
Udalean sartu eta Larrabetzuren etorkizunerako egitasmorik inportanteana gauzatuteko ardura hartu dozue: Plan Orokorra. Urte honetan, zein izan da garapena eta zein da gaur egungo egoera?
Juan Manuel: Plan Orokorragaz gure etorkizuneko herria diseinatu egiten da. Horregatik, herritarrak inplikatzea, parte hartzearen bitartez ezinbestekoa da. PNVk, unilateralki, behin behinean onartutako Plan Orokorra bertan behera itxi gendun, EB-Aralarren laguntzagaz, partaidetzarako bide egokiak ez zirelako zabaldu. PNVrentzako partaidetza bakarra Bizkaiko Boletinean behin behineko onarpena argitaratzeagaz zabaltzen dena da, eta hau formalitatez beterikoa, baina eraginkortasun gutxikoa da.
Plan Orokor berria egiteko auzolanari emango jako garrantzi handia. Honetarako udalak Hirigintza Sektore Kontseilua eratu dau, sektore ezberdinetako hamar pertsonakaz. Helburu berdinagaz partaidetza bultzatuko dauen lan talde bat kontratatuko da.

Zuek proposatuta, azkenengo 25 urteotan ez bezala, 2008ko aurrekontuak herritarren parte hartze zuzenagaz adostu direz.
M.: Oso interesantea izan da esperientzia. Jendearen parte hartzea oso handia izan da, bai idatziz, bai egin zen asanbladan be, … jendeak naturaltasun osoz parte hartu zuen eta nik uste dot beste talde politikoentzat ere oso inportantea izan dala.
M.F.: Egindako proposamena eta aurrera eroan dan dinamikagaz partehartzearen balioa berrestea lortu dogu. Hain izan da gauza majoa, jenteak egin dauzen proposamen piloa eta aportazio baliotsuak… gatxa izango dala atzerantza botatea, gu egon ez arren. Gainera, aurrekontuak herriari zabaldutea proposatu dogu eta kuadernilo bat egitea pentsatu da.
A.: Lehen urtea izateko ikusi dogu, eta eurek be ikusi dute, zentzunezko proposamen asko izan direla eta ez diotela hainbeste beldur euki behar jendearen parte hartzeari.
” Ezker Abertzaleak egiten deituzen planteamentuak beti dira destruktiboak, ezkorrak” Larrabetzuar askok euki dauen iritzi hori oinarri bakoa dala frogatuten zabizie
M.: Behar bada, azpitik jarraitzen da mezu hori zabaltzen, baina hainbat gauzatan, argi eta garbi, ikusten da ez dala horrela. Gauzak aurrera ateratzeko gaitasuna badekogula.
Entzun bai egiten da, esate baterako, Plan Orokorra atzera bota eta dana geldirik dagoala zuen erruz …
A.: Bai, hori egia da, herritarren inolako parte hartze barik egindako Plan Orokorra atzera bota genuen; baina batzuek zabaldu dituzten zurrumurru asko ez dira egia. Entzun dogu obrak paralizatuta daudela gure erruagatik; gezur borobila da. Gu ez gaude udalean gauzak oztopatzeko edo proiektu guztiak atzera botatzeko, zurrumurru horiek zabaltzen dituenak beste interes batzuengatik egiten dau. Gure jokabideak beti zuzentasunez eta herriaren onerako erabaki ditugu.
Demokrazia eta parte hartzea be sarritan aitatuten dozuez zuen politikaren plan egiteko modutzat.
Maite: Parte hartzearen adibide bat aurrekontuak egiteko prozedura da. Argi daukagu askoz be gehiago sakondu daitekela partehartze horretan eta horixe izango da hurrengo urteetarako gure eginbeharra. Plan Orokorraren diseinoa ahalik eta parte hartzerik handienagaz burutzea gure dogu.
Asier: Demokrazia errepresentatiboaren aurrean demokrazia partehartzailea bideratu gura dogu, pitike-pitike arlo guztietara eroango dogu filosofia hau kultura, euskera, kirola, emakumea…
EAE-ANV zinegotzi zarien einean gartzelaratuteko arriskuan zauzie. Zelan bizi dozue hori?
M.F.: Maletia prest dekogu.
A.: Hau Euskal Herria da, eta zoritxarrez honelako egoerara ez dot esango ohitzen zarenik baina nik behintzat sorpresa handirik ez dot hartzen. Argi dago Estatuak hartu dauen bidea errepresioa dena. Eta egoeraren arabera errepresioa areagotu egingo da. Kartzela orain urrun ikusten dot baina bihar….
M.F.: Kartzelaratzea hor ikusten dogu posibilidade bat moduan, gaurko egoeran edozeineri tokatu ahal jako, EAE-ANVren ilegalizazio prozesuan ez dakigu zer pasatuko dan; Garzonen Autoa heldu da udalera, eta gure jarduera politikoa oztopatzen hasi dira. Esate baterako, talde politiko moduan aritzeko eta dirua jasotzeko arazoak ditugu. Danok dakigun moduan, kargua pertsonala da eta segidu ahal izango dogu zinegotzi izaten baina ez dakigu zer gertatuko den aurrerantzean.
Zein eragin deko, zelan islatuten da, gatazka politiko nazionala Larrabetzu moduko herri txiki baten edo zuen jardueran?
Juan Manuel: Azkenengo hilabeteetan EAE-ANVren ilegalizazio prozesua zuzenean tokatu jakun gaia izan da. Beste talde politikoengandik gure taldearentzat eskubideen errespetua eta babesa adostu gurean gabiz.
Beste hainbat gai agertu dira mozinoen bidez: 18/98ko auzia, tortura salaketa, Askatasunaren kontrako epaiketa… Beste taldeek be aurkeztu deuriez hainbat mozino honen inguruan
Mari Feli: Gatazka politikoaren inguruan hainbat gauza eroan doguz udalbatzarrera. Guk hori presente dekogu denpora guztian. Gatxa da horretan adostasuna lortzea (torturaren kontrako mozinoa atara gendun aurrera) baina gutxienez eztabaida zabaltzeko ahalegina egiten dogu.
A: Bai, goi mailako politikan eta gatazkaren inguruko mozioetan alderdien jokaerak mugiezinak direla ikusten da. Gai horretan talde politiko bakoitzak bere planteamentu ideologikoak mantentzen dauz telebisinoan, radioan edo periodikuetan ikusten doguzen moduan.
M: Eta hori izan da arrazoia Mari Feli alkatea ez izateko. Azken finean, egon ziren negoziazinoetan gatazkaren inguruko ikuspegi desberdinek oztopatu zuten bidea akordio batera heltzeko.
Aurretik dekozuezan hiru urteotarako zeintzuk direz zuen asmoak?
M.F.: Gure programako gai pendiente guztiak planteatu, Larrabetzuko Plan Orokorraren diseinuan adarrak apurtu eta partehartzean ahal danik eta gehien sakondu.
Juan Manuel: Lortu dogun funtzionamendurako dinamika garatzen joan. Ez dogu horretan atzera egingo.
Asier: Espainiar Legealdiaren arabera legalak izan zein ez, gure ordezkaritza eta dagozkigun eskubide guztiak errespetaraztea lortu.
M: Eta hurrengo hauteskundeak irabazi.