MANKOMUNITATEKO AURREKONTUAK: DEMOKRAZIA EZAREN BESTE ADIBIDE BAT

Pasadan asteartean, abenduaren 23an, Mankomunitateko aurrekontuak onartzeko Osoko Bilkura izan zan. Aurreko asteko martitzenean, abenduaren 16an, egindako Ogasun Batzordean aurkeztu zituezan eta astebeteko epean planteatu deituez aurrekontuak onartzeko Ogasun Batzordea (abenduaren 23a 18:30ean) eta Osoko Bilkura (abenduaren 23a 19:30ean).Aurrekontuak aurrera atara direz EJ-PNVren ordezkarien botoakaz (hogeita piku) eta PSOEren ordezkari bakarraren aldeko botoagaz. Hamen dekozue ezezkoa izan zan ezker abertzalekon ezezko botoagatik osoko Bilkuran emondako gure botoaren azalpena.

Bide batez esan daigun, abenduaren 16ko udalbatzarrean hau proposamenau luzatu gendula: zergatik ez doguz mankomunitateko aurrekontuak Larrabetzun eztabaidatuten? PNVren erantzuna: Mankomunitatera alderdietako ordezkariak doaz, ez dau udaletan ezer eztabaidatu beharrik.

Ostera Txorierriko ostantzeko udalatan ezker abertzaleko zinegotziek legez kanporatuta dauz, EB-ARALARek ( Larrabetzuri jagokonez) ezin dau iritzirik agertu… Ezin doguz aurrekontuak herrien eztabaidatu?

PNVren erantzuna: Ez

TXORIERRIKO MANKOMUNITATEAREN 2009KO AURREKONTUAK

Maite Bilbao Garciak, Larrabetzuko udaleko ordezkariak, Txorierriko Mankomunitatearen 2009ko Aurrekontuen Proiektuari bere ezezko botoa ematen dio, honako arrazoi hauengatik:

Azken udal hauteskundeak baldintza ez-demokratikoan burutzearen ondorioz, Txorierriko udal gehienak osatu ziren herritar multzo handi baten nahiari muzin eginez. Udal bakoitzari tokian tokiko egoera ez-demokratiko horren aurrean zer egin baldin badagokio ere, ezin dugu ahaztu hauteskunde horiek oinarria izan direla Mankomunitate honen Osoko Bilkuraren partaideak zehazteko orduan, eta beraz, ezin onartu Osoko Bilkura honen zilegitasuna.

*2009ko Aurrekontuak onartzeko planteamendua egin baino lehen, Mankomunitateak aurreko legegintzaldiaren gestioaren inguruan azalpenak ematea beharrezkotzat jotzen dugu, izandako gestioaren gardentasuna bermatzeko.

Aurreko legealdiko lau urteetan Mankomunitatea ezker abertzalearen presentziarik gabe gobernatua izateak, inposatutako apartheid politikoa dela kausa, herritarren iritziari uko egiteak eta benetako kontrol gabeziak gardentasunaren gaiaren garrantzia areagotu egiten dute.

Mankomunitatearen benetako egoera  auditoria independente batek soilik egiaztatu dezake, kontabilitate erregulartasunaren auditoria modalitatean. Helburuak honako hauek dira:Mankomunitatearen kontuak, bere gai garrantzitsuenetan, entitatearen eta bere finantza-egoeraren ispilu fidela direla egiaztatzea, udal aurrekontuak arau eta kontabilitate printzipioetan oinarriturik bete diren argitzea, eta aurreko puntuak ulertzeko eta interpretatzeko informazio eta dokumentazio egokia dagoen ziurtatzea.

Honekin ez dugu, inolaz ere, berton aritzen diren langileen gaitasuna eta zuzentasuna zalantzan jartzen. Dena behar bezala egina izan bada, auditoriak irregulartasunik ez dela izan frogatzeko balio bidea emango du.

Auditoriak azken bost urteetako dokumentuak aztertu eta egiaztatu beharko lituzke.

*Aurrekontu hauen tramitazioa eta debatitzeko era aldatzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Herritarra ez delako boto bat bakarrik eta dagozkion erabakietan inplikatzeko gaitasuna duelako herritarrak. Herritarrak ezin du onartu bere burua hautesle papera betetzera mugatua izatea, bere asmoa bestelakoa da, hau da, hauteskundeen arteko aldietan aktiboki esku-hartzekoa. Horregatik, herritarren parte hartzea gizartearen eskaera da gaur egun, eta gizartearen premia bezala hautematen dugu.

Hau dela eta, ondorengo oinarritik abiatu behar gara: ezinezkoa da herritarrengandik hurbil egon nahi duten politika eraginkorrak burutzea, haiei zuzenean galdetu gabe.

Beste alde batetik, Txorierriko Mankomunitateak, herritarren parte hartze zabala gauzatzeko aukera ez eskaintzeaz gain, ez du baimentzen berau osatzen duten udalen benetako parte hartze eraginkorra,ez eta hauen ordezkari instituzionalena ere, zeren Osoko Bilkuraren aurrekontuaren onarpena Ogasun batzordean aurkeztu denetik 7 eguneko epera mugatzeak, ametsetakoa bihurtzen baitu aurrekontua lantzean parte hartzearen aldeko edozein saiakera.

Beraz, metodologikoki proposamenak egin ahal izateko behar-beharrezkoak dira parte-hartze zabala ziurtatzeko, besteak beste, arrazoizko epeak markatzea eta baita egoeraren informazioa ere. Mankomunitatearen benetako egoeraren ezagutzan eta berau herritarrei azaltzean datza  hasieran aipatutako gardentasuna.  Mankomunitateak, berau osatzen duten udalei informazio zuzena helarazi behar die, bere egoera ekonomikoari buruz, gestionatzen dituen zerbitzuei buruz… Gaur egungo bitarteko teknikoek eta Mankomunitateak eskura dituen giza baliabideek (gerentearen kasua)  aipatutako komunikazio lana erraztera zuzenduta egon beharko lirateke, eta aldi berean, gestionatzen diren zerbitzuen ikuspegi zehatzago izateko aukera ere eskaini beharko lukete. Horrela udalek euren iritziak eta proposamenak helarazi ahal izango lituzkete atzera, Mankomunitateak aurrekontuak egiteko orduan kontuan hartu ahal izateko.

Zentzu honetan udal bakoitzean Mankomunitateko aurrekontuaren inguruan benetako eztabaidaren falta igartzen dugu, hala nola Mankomunitatea osatzen duten udaletako zinegotzi guztien asanblada.

*Zenbait egitura desagertzea beharrezkotzat jotzen dugu, parte hartze, kolaborazio eta kontsentsuaren alde egiteko.

Horrela, “eredu gerentziala” deitu dezakegunaren aldeko hautua egin da. Gerente figurarekin talde lana desafiatzen duen eredua sustatzen da, erabakiak hartzean indibidualismoa indartuz eta kontsentsua baztertuz. Beraz, erabakiak hartzean parte hartze zabalagoaren kalterako den figura da,gure ustez, eta gainera beharrezkoa ez dena.

Ildo berean, beste horrenbeste esan daiteke Mankomunitateko Gobernu Batzordeari buruz, honek erabaki gunea pertsona gutxiren eskuetan uzten baitu. Bestelakoa litzateke  Osoko Bilkuran kokatzea, honek parte hartze zabalagoa erraztuko luke eta.

Honengatik guztiagatik gerentearen figura eta  Gobernu Batzordea desagerraraztea eskatzen dugu.

*Zerbitzuak emateko azpi-kontratazioaren politika baztertzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Azpi-kontratazioak zentzua izan dezakeelako Mankomunitatean jarduera berezia betetzen duenean, ez erakundearen helburu diren zeregin nagusiak eta iraunkorrak burutzeko. Txorierriko Mankomunitateak etengabe erabiltzen du azpi-kontratazioa erakundearen helburu diren zeregin  nagusiak eta iraunkorrak betetzeko, hala nola laguntza-zerbitzuak, hondakinen biltzea eta abar.

Azpi-kontratazioarekin bete-betean sartzen gara lan baldintzak ezegonkortzearen dinamikan, ardurak gainetik kentzearren( ekonomia mailan, prebentzioan, segurtasunean…)

Honengatik guztiagatik, langileen kontratazio zuzenaren aldekoaren apustua egiten dugu.

*Aurrekontu globalaren igoera margen logiko baten barruan ematea beharrezkotzat jotzen dugu.

Udal gehienak bere aurrekontuak aurreikusitako KPIren igoeraren arabera lantzen gauden garaian, mankomunitateko aurrekontuetan udalen ekarpenean %12,16eko igoera planteatzea onartezina da. Are onartezinagoa oraingo egoera honetan, non udalen finantziazio publikoa murriztu egingo den Bizkaiko Foru Aldundiak zergen inguruan hartutako neurri atzerakoien ondorioz, hau da, Sozietateen Zerga gutxitzea eta Ondareen gaineko Zerga kentzearen ondorioz. Finantziazio murrizketa honek, udalek euren gastua planifikatzeko gaitasunean galtzea dakar.

Igoera hau, gainera, ez da aurrekontu guztian berdin islatzen. II Atalean (Gastu arruntak eta zerbitzuak atalean)kokatzen da aurrekontu guztia desorekatzen duena. Hondakinen bilketaren azpiatalean batez besteko % 15eko igoera planteatzen da. Nola da posible oinarrizko zerbitzuetan  KPItik horrenbeste aldentzen diren kopuruak aurkeztea? Azalpen bakarra egon daiteke: zerbitzuen kontratazioan kudeaketa ekonomiko desegokia izan da.

Bat-batean krisi egoeran murgilduta ikusi dugu gure burua. Dena ondo zihoala esaten ziguten, ekonomiaren “desazelerazioa” baino ez zela. Errealitatea bestelakoa da: politika neoliberalek ez dute balio ekonomia modu orekatu batean gidatzeko eta porrota nabarmena da. Lehenengo ondorioak sumatzen hasi baino ez dugu egin: langabezi tasaren igoera, soldaten izozteko proposamenak, enpleguaren erregulazio espedienteak…

Honelako egoeratan erakunde publikoak eredu izan behar dira eta gastuak arrazionalizatzearen aldeko iniziatibak planteatu.

Mankomunitatean bi neurri hartu beharko direla uste dugu.

Ø     Alde batetik Batzordeetan eta Osoko bilkuran parte hartzeagatiko diru kopurua murriztu edo, gutxienez izoztu, eta

Ø     Goi mailako karguak desagerraraztea, hau da gerentearen figura.

Bestalde, ez dugu onartzen inondik inora Urazca enpresak bere zerbitzuengatik jarri duen gehiegizko igoera. Zerbitzu horiek merkatzeko neurriak hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

*Gizarteak emakume eta gizonen berdintasun  arloan egiten duen eskaerari erantzuteko  ondo zehaztutako estrategia izatea beharrezkotzat jotzen dugu, eta beraz,  berdintasun horren aldeko pauso ausartak ematea ere.

Mankomunitateak “Txorierriko emakumeen egoeraren diagnostikoa” lanaren enkargua egin zuen era,  berdintasun gaian estrategia eta apustu falta horren adibidea baino ez da. Ezinezkoa da emakume eta gizonen berdintasuna bezalako gai garrantzitsuetan, aldeko ekintzak planteatzen hastea eta aldi berean ekintza hauengatik ezer ez ordaintzea nahi izatea. Ahal dela eta finantziazio iturri gehien bilatu behar dira, noski, baina inoiz ez diru-laguntza baten zain egon, beharrezkoa den proiektu baten lanean hasteko, kasu honetan egin den bezala. Jasotako emaitza horren ondorioa izan da: epetik kanpo egindako ikerketa 2007an burutu behar zelako eta 2008an egin zelako; osatu gabeko ikerketa, ez baitu herri guztien datuak jasotzen, eta oreka falta duen ikerketa, ez dituelako hainbat kasutan parametro berdinak aztertzen herri desberdinetan.

Estrategia falta izateak ez gaitu immobilismora eraman behar. Estrategia    zehazten dugun bitartean aurrerago eman beharko ditugun pausoetan pentsatzen jar gaitezke eta emakume eta gizonen berdintasun ezaren adierazgarri latzenetakoa den emakumeenganako indarkeriaren kontra aritzeko honako pausu hauek eman daitezkeela uste dugu:

Ø      Babes pisuen sare bat eratzen joatea, dagozkion laguntza langileez osatuta, genero bortizkeria jasaten duten pertsonei babesa eta laguntza emateko.

Ø      Behargintzako berdintasun teknikariarekin Mankomunitate mailan beharrezko neurriak adostu eta berdintasunerako plan batean jaso.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.