Aste honetan bi hitzaldi izan doguz Larrabetzurako Hirigintza Plan Orokorra gaitzat hartu deurienak. Bata PNVk antolatu dau eta bestea SORTU LARRABETZU prozesua dinamizatzen dabilen Kontseiluak. Kronologikoki egingo doguz biei buruzko gure balorazinoak:
PNVren hitzaldia
Larrabetzuren etorkizuna izenburuko hitzaldia martitzenean izan zan, 19:30ean Angulerin. Hitzaldirako herrian kartelak ipintzeaz ganera, PNVk hainbat gonbidapen banatu zeituzen, bai Ezker Abertzalekoen artean bai EB-ARALARekoen artean bai TXOTX KAFEan izan ziren batzuen, ez danen, artean. Harritu egin gintuen PNVk Ezker Abertzaleko kideok gonbidatzeak eta geuk ere aurrerantzean kontuan hartzeko moduko keinua dala uste dogu, hau da, herriko alderdiok ekitaldi zabalak egiten doguzenean ostantzeko ordezkaritza politikoei gonbidapen zuzena egitea elkarbizitza demokratikoaren seinale dalako.2003-2007 legegintzaldian Ezker Abertzaleko zinegotziak guztiz baztertzetik gonbidapenak eskura emotera aurrerapausu itzela dago, zoriontzekoa edozelan be.
PNVkoa dan Otzara blogean azpimarratu egiten deurie zein garrantzitsua izan dan PNVk egin dauena, baina ahaztu egin jakie herritarrei azaldutea PNVk Kontseiluan izan dauen jokaera:
- Ezker Abertzaleari etenbarik kontuak eskatzen ibili dira PNVkoak Ezker Abertzaleak herritarrok SORTU LARRABETZU prozesuan parte hartzeko ekitaldiak, kartelak, blogean informazinoa… zabaldu deituzelako. Oso gogor kritikatu euskuen Angulerin Plan Orokorrari buruz berba egiteko batzarra antolatu izana ETA HARA NON ANTOLATU DEURIEN HITZALDI BAT KONTSEILUAK BESTE BAT ANTOLATU DEUEN ASTE BEREAN ETA GAI BERAREN INGURUAN!!! Gure ustean, Kontseiluak proposatutakoez ganera, Larrabetzuko alderdi politikoek ahalik eta gehien motibatu behar deitu herritarrak SORTU LARRABETZU prozesuan parte hartu dagien. Zergatik? Herritar askok alderdiaren akuiluagaz errazago hartuten deurielako parte antzekoetan. Adibide garbiena PNVk antolatutako hitzaldi hau bereu.
- Ezker Abertzaleari aurpegiratu doskue SORTU LARRABETZU prozesua monopolizatu gura dogula: Eta zelan definidu behar dogu Kontseiluak beste hitzaldi bat antolatutako aste berean gai beraren inguruko hitzaldia antolatzeari? Ezin zan beste aste batean egin? Alkateak Agirregoitia aurkeztean esan zeuen hitzaldia Larrabetzun Plan Orokorrari buruz egiten gabizen hitzaldi zikloaren barrukoa da”la? Ez zan ba PNVren hitzaldia izan?
- Horrez gain, herritarrok jakin behar dogu Kontseilua eratu zanetik PNV behin eta barriro kideak aldatuten ibili dana eta egun PNVren izenean Kontseiluan dauzen 2 Larrabetzun bizi be ez direla egiten. Eta okerrena dana, Kontseiluan talde politiko legez jokatzen deurie, ez Kontseiluko kide legez.
Gatozen barriro hitzaldira.Banan banan zenbatuta 57 lagun egon gintzezan, aspaldian Angulerin egin dan hitzaldi jendetsuena. %90 PNVkoak eta horietatik %85a SORTU LARRABETZUk antolatutako hitzaldi bakar batera be joan ez zirenak, tartean aurkezle lanak egin zeituzen eta SORTU LARRABETZU Kontseiluko kidea dan Tomas Ordeñana alkatea.
Hitzaldia Anton Agirregoitiak emon zeuen, kurrikulum itzeleko arkitektoa bera.
Hitzaldi osoa espainol hutsez emon zeuen eta alkateak Larrabetzuri buruzkoa izango zala esan arren, ez zan Larrabetzuri buruzkoa izan, Agirregoitiak berak hasiera hasieran zehaztu zeuenez, ” desconozco el caso de Larrabetzu”. Esanguratsua egin jakun Agirregoitiaren aitortza. Zergatik? Urteetan Larrabetzuko udalaren abokatua dan Beristainen lankidea dalako. Gogoan izango dogunez, 2003-2007 legegintzaldian PNVk berak bakarrik diseinatu eta onartu zeuen Plan Orokorraren azalpena Beristainek emon euskun, Agirregoitiaren lankideak.
Hitzaldia aspergarria bezain teknikoa iruditu jakun, bai terminologia aldetik zein diskurtsoaren garapenaren aldetik. Bi ardatzen ganean egin zeuen berba Agirregoitiak: Zer da PTP bat eta zer da herri bateko Plan Orokorra eta zein muga, limitazino eta agindu ezartzen deutsozan PTPak herriko Plan Orokorrari.
Eman zeituzen azalpenak horrek Beristainek emon euskuzan aurreko legegintzaldian baita orain dala gitxi Fernando Heviak SORTU LARRABETZUk antolatutako hitzaldian.
Herritarron parte hartzeari buruz ez zeuen berba bakar bat esan, dana izan zan tekniko, arkitekto, plano, udal, lege eta ofizialismoa. Ezer nabarmentzekotan, guk esan zeituzen honek nabarmenduko geunkez:
- Etxebizitza barriak eraikitzeari jagokonez, PTPak ezartzen deituzen gitxieneko zein gehienezkoen tarteko bat aukeratu behar dau edozein herrik baina horrek ez dau esan gura 8 urtean etxebizitza kopuru hori derrigor eraiki behar danik.
- Etxebizitza barriak eraiki orduko, herri batek barruko eskaera hartu behar dau kontuan, Agirregoitiak ” necesidades endogenas” deitutakoak.
- Eraikitzekotan, eraikita dagoenaren alboan eraiki behar da ez tartean lurrak utzita
- Familia bakarreko zein biko etxebizitzak egitea ez da komenigarria.
- PTPetan ez dira egundo kontuan hartzen hutsik dauzen etxebizitzak
- Larrabetzuko udalak etxebizitza hutsen errolda egin beharko leuke
- Udal batek, %100ean promozino publikoko etxebizitzak egitea erabaki leike bai Babes ofizialekoak, zein tasatuak zein ostantzeko edozein formulapekoak.
- Agirregoitiak uste dau etxepeak ( lonjak) etxebizitzarako gaitzea ez dala egokia baina PTPak ezartzen dauzen gitxienetarako zenbatzeko modukoak direna.
Galderen tartean ez zan ezelango eztabaidarik egon, 6 galderatatik 4ri ez zeuelako erantzuten jakin eta beste biak erretorikoak zirelako.
PNVtik joan ziren %80 edadekoak zirela eta antzeko hitzaldietan egoten ohituta ez dauzela kontuan izanda, uste dogu planteamendua oso desegokia izan zala, Agirregoitiak teknikoegi egin zeuelako berba, espezifikoegi.
SORTU LARRABETZUren hitzaldia
Atzoko hitzaldia Izaskun Larzabalek emon zeuen, erdia euskeraz eta erdia espainolez. Euskaldunok, hartara, bitan entzun genduzan argudio bardinak.
Banan banan zenbatuta, 37 lagun egon gintzezan, alkate ta guzti. Bi egun lehenago PNVk antolatutako hitzalditik PNVko 10 lagun egon ziren. Horra zein garrantzia dekon alderdiek deialdia egiteak.
Larzabalek, herritarrok Plan Orokorra egitean izan behar dogun parte hartzeari buruz egin zeuen berba. Berbaldian zehar hainbat galdera eta parte hartze izan ziren, PNVko hitzaldian baino askoz gehiago.
Guri honakoak egin jakuzan nabarmen:
- 2006tik, egiten direzen Plan Orokor guztietan herritarren parte hartze bultzatzeko neurriak hartu behar direz.
- Euren lan taldeak ezarritako helburuen artean Elgoibartarrei hauxe pentsatuazotea: Plan Orokorrerako proposamenak egiterakoan, norberaren interesak albo batera utzita herriaren, komunidadearen interesekoak proposatu behar direzela.
- Eurak izan ziren Plana idazteko ardura euki zeuen talde erredaktorea eta prozesuaren hasieratik ibili ziren lanean.
- 50 lagunez osatutako tailerra osatu zeurien, herriko elkarte, ideologia zein norbanakoei gonbitea egin ostean ( Elgoibarren 11.000 lagun bizi dira)
- Bloga zabaldu zeurien
- Hasierako dokumentua ( abantzea) jendaurrean erakusteko lokala alokatu zeurien. Lokal horretan egunero 2 orduz euren lan-taldeko kidea egoten zan herritarren zalantzak argitzeko.
- Izaskun Larzabalen ustez, XXI. mendeko Plan Orokorrak aurrez eraikita/eginda dagoena zelan hobetu izan behar deurie helburu, ez barria egiten hasi aurrekoa konpondu barik. Krisi sasoiak gogoetarako oso egokiak izan leikezela deritzo.
- Herritarren parte hartzea bermatuteko metodologia zehatzik ez dauela azpimarratu zeuen baten baino gehiagotan; herri bakotxak bereak asmatu behar deituzela, batentzako balio dauenak akaso beste batentzako ez deuela balio.
- Sano da garrantzitsua hasiera hasieratik herritarrei ahalik eta informazino gehien helarazotea
- Gazteen parte hartzea bermatu behar da etorkizuna eurena dalako
- Ez zeurien inkestarik egin
Eta horixe da guk batu genduna, ZER DERITZOZUE?