Gaurko udalbatzarrean gazte independentisten aldeko mozinoa

Azaroari jagokon udalbatzarra gaur izango da, 20:00etan udaletxean

Hauxe gai-ordena: GAI ORDENA

Horrez ganera eta azken orduan, gertakizunek halan aginduta, atxilotuta dauzen 34 gazte independentisten aldeko mozinoa sartu dogu. Hauxe testua:

GAZTE MUGIMENDUAREN KONTRAKO ESPAINIAR ESTATUAREN ERASO ERREPRESIBOAREN AURREAN MOZIOA:

Azaroaren 23an euskal gazte independentisten aurkako beste operazio poliziala eta judizial bat burutu zuten. Horren ondorioz, hegoaldeko lau herrialdetan Euskal Herriaren eskubideen defentsan aritu diren 34 gazte atxilotu zituzten. Poliziek 90 bat miaketa burutu zituzten: etxeak, gaztetxeak, elkarteak, peñen egoitzak, tabernak…

Atxiloketa hauek arrazoi politikoak direla medio burutzen dituzte, oinarrizko eskubideak urratuz eta berme juridikoak ukatuz. Kasu honetan operazio mediatiko-poliziala erabiliz. Bestalde, esan beharra dugu, makro-operazio hau testuinguru politiko zehatz batean egiten dela.

Izan ere, hilabete hauetan ezker abertzalea eztabaida sakonean murgildua dago. Euskal Herria aldaketa politikora eraman eta eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko estrategia eraginkorra definitzeko lanean dabil, eta argi dago honi beldurra diola Estatu espainiarrak. Eztabaida hau eta ezker abertzalearen iniziatiba politikoa zapuzteko Estatuak horrelako operazio errepresiboak burutuko zituela jakina zen, izan ere, errepresioa da Estatu espainiarrak duen tresna bakarra.

Azken aste hauetan burutu diren atxiloketak eta espetxeratzeko agindu horien atzean, estatuak ideia jakin batzuk dituzten herritarrei parte hartze politikorako eskubidea ukatzeko jarrera politikoa ezkutatzen du. Bestalde, aldaketa politiko eta soziala eman ez dadin, estatuak aldaketa horren motorra gripatu nahi du: ezker abertzalea eszenatoki politikotik atera nahi du.

Historia luzea du gure herriak, eta luze, luzeegi, jo du gatazkak. Udal hau osatzen dugun guztiok ondo baino hobeto dakigu errepresioaren bidea ez dela bidea. Errepresioak ez dio gatazkari konponbidea ekarriko. Gatazka gainditzeko errepresioaren aldeko apustuak gainditu behar dira.

Euskal herritarroi hitza eta erabakia zor zaigu, gure etorkizuna askatasun osoz eta egitasmo politiko guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatzean datza konponbidea.

Hau guztia dela eta, honako mozio hau aurkezten dugu Udalbatzak eztabaida eta onar dezan:

1.- Larrabetzuko udalak bere elkartasun osoa helarazi nahi die egun hauetan atxiloturiko gazte guztiei eta euren senide zein lagunei. Halaber, inkomunikazio erregimenak, legeria antiterroristak eta dispertsioak eragiten duten eskubideen urraketa salatu nahi du.

2.- Larrabetzuko udalak euren jardun politiko eta sozialagatik espetxeratuak izan diren gazte independentista hauek berehala aska ditzatela exijitzen du.

3.- Larrabetzuko udalak gazte mugimendu, erakunde politiko, sozial eta komunikabideen aurka zabaldutako prozesuetan gutxieneko berme juridikorik ez duten ehundaka pertsonei bere elkartasuna helarazi nahi die.

4.- Larrabetzuko udalak espainiar estatuaren jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboak salatzen ditu. Jardunbide horrekin irtenbide bakarra gatazka luzatzea delarik.

5.- Larrabetzuko udala osatzen dugunok ez gaude egoera hau onartu eta etsitzeko prest. Horrexegatik, gatazka honi irtenbide demokratikoa bilatzeko gure konpromisoa berresten dugu.

6.- Larrabetzuko udalak atxilotuen askatasuna eskatzeko antolatuko diren elkarretaratzearekin bat egin du eta herritar guztiak deitzen ditu bertan parte hartzera.

7.- Azkenik, onartutakoaren berri herritarrei eta komunikabideei jakinaraztea erabakitzen dugu.

Euskal Herria. 2009.11.26.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.