“Dagozkien eskubideen alde, euskal presoak Euskal Herrira” lelopean Etxerat-ek deituta eta hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek babesturik larunbatean ospatzekoa zen manifestazioaren debekuaren aurrean, ezker abertzaleak honakoa adierazi nahi du:
Euskal presoen eta euren senideen aurka Estatu espainiarra garatzen ari den errepresio estrategian urrats bat gehiago da debeku hau. Espetxe politika ankerrean gehiago sakondu du PSOEk, berriro ere, Audientzia Nazionaleko epaile txotxongilo bat horretarako erabiliz. Debeku hau eta PSOEk garatzen duen espetxe politika kriminala irmoki salatzen ditugu.
Larunbateko manifestazioaren debekuarekin, euskal presoekiko eta euren senideekiko elkartasun keinu erraldoi bat galarazi nahi dute. Berriro ere tronpatuko dira: Euskal Herriak ez ditu sekula bere presoak bakarrik utziko, ezta espetxe politika bortitz honen aurkako salaketa alboratuko ere.
Azken hilabeteetan buruturiko bestelako ekimen errepresiboen gisan, debeku honek Euskal Herrian irekitzen ari den eskenatoki berria zapuztea du helburu. Atxiloketa, tortura, espetxeratze eta debekuen bidez ezker abertzaleak Prozesu Demokratiko bat garatzeko duen apustu politikoa oztopatu nahi dute. Honetan ere oker dabil PSOE, ezker abertzalea bere apustuan berretsi egiten da, eta Rubalcabaren ekimenek ez dute ekimen hau baldintzatuko
Azkenik, debeku eta errepresio ororen gainetik, ezker abertzaleak bere elkartasun osoa adierazi nahi die euskal preso politikoei eta euren senideei.
Ezker Abertzalea,
2009ko abenduak 30