HOTEL GOLF ARTXANDA: Otsailaren 5ean udalbatzarra egitea eskatu dogu

HOTEL GOLF ARTXANDARI buruz argitu beharreko guztia herritar guztien aurrean argitzeko, otsailaren 5ean udalbatzarra egiteko eskaria sartu gendun atzo goizean udalean. Eskarian azaldu dogunez, otsailaren 5ean honako mozinoa eztabaidatu eta bozkatutea eskatu dogu:

MOZIOA

HIRIGINTZA ARLOAN GARDENTASUNA NAGUSI IZAN DADIN BERORREN JARRAIPENAZ, KONTROLAZ ETA FISKALIZAZIOAZ ARDURATUKO DEN BATZORDE BEREZIA SORTZEKO BAITA BATZORDEAREN OSAERA, EGITEKOAK ETA FUNTZIONAMENDUA ZEHAZTEKO ERE.

Legegintzaldi honetan, udalean dauden ordezkaritza politikoen zinegotzi kopurua aintzat hartuta, ezinbestekoa da guztion parte hartze, elkarlan eta malgutasuna udala gobernagarri egingo duten akordioak lortzeko. Jokamolde horrek itzelezko balioa du eta ez da inolaz ere jardunbide administratiborako oztopo. Gure ustez alderdi politikoen arteko akordioek errazago egiten dute bat herritarren nahiekin, ordezkaritza politiko bakar batek hartutako erabakiek baino. Balio sinbolikoa ere ez da edozelangoa. Legegintzaldi honetan egiaztatu egin dugu udalean beste era batera jokatu daitekeela eta akordioak lortzeko jokabideak duen balio sinbolikoak ere ilusioa eragin duela larrabetzuarren artean.

Aurreko legegintzaldian erabat baztertu gintuztela albo batera utzita, oposizio eraikitzailea egin dugu.

Bestalde, akordioetarako jarrera mantendu ahal izateko, derrigorrezkoa da udal ordezkarion artean konfidantza egotea eta konfidantza hori lortzeko derrigorrezkoa da informazioa udalera heltzen denetik gardentasun osoz denon eskura egotea. Hori bermatzeko, legegintzaldi honen hasieran, ordezkari politikoon artean, berbazko akordioa lortu genuen eta alkatetzan daudenek akordioa betetzeko hitza eman zuten. Zer adostu genuen?

A)   Udalera heltzen den informazio eta dokumentazio guztia apal eskuragarrietan uztea.

B)   Garrantzia bereziko informazio eta dokumentazioa pleno-aretoko armairuan uztea zinegotzi guztion eskura.

C)   Aldian aldian hirigintza arloko informazio bilkurak egitea gai horrek sortzen dituelako mesfidantza gehien. Ildo horretan,mesfidantzarik egon ez dadin, zinegotzi guztiok parte hartu ahal izateko informazioa sasoiz eta osorik jaso behar dugula adostu genuen. Ondorioz, Hirigintza Batzordea alkatearekin eta arkitektoarekin hamabostero biltzea erabaki genuen.

Honek guztionek esan gura du zinegotziok ez dugula dokumentazioa eskatzen ibili beharrik, dokumentazioa edozein momentutan izan behar dugula eskura, sasoiz, ez berandu.

Ez dagigun ahaztu berme guzti horiek bete daitezen liberatu genuela alkatea.

Baina berme horiek ez dira bete. Ez, behinik behin, Hotel Golf Artxanda deritzon auziari dagokionean, auzi horretan informazioa eta dokumentazioa ostondu egin baitzaigu.

Horregatik guztiagatik hauxe proposatu gura diogu udalbatzarrari:

ERABAKIA:

1.- Hirigintza arloan gardentasuna nagusi izan dadin berorren jarraipenaz, kontrolaz eta fiskalizazioaz arduratuko den batzorde berezia sortzea eta biziaraztea.

2.-Batzordea osatuko dute:

  • Ordezkaritza bakoitzeko zinegotzi batek
  • Batzordeko buru izango den alkateak
  • Aholkulari lanetan: Arkitektoak eta idazkariak.

3.- Batzordearen egitekoak:

  • Hirigintza gaien jarraipena, kontrola eta fiskalizazioa.
  • Hirigintza gaiak aztertu, ikertu eta txostenak egitea.
  • Alkateari zein udalbatzarrari proposamen zehatzak egitea.

Horretarako, zinegotziek beharrezko duten informazioa eta aholkularitza jasoko dute.

4.- Lan egiteko gutxieneko arauak:

Batzordea hamabostero batuko da, batzordekideek adostutako egun eta orduan.

Udaleko idazkariak batzarren aktak jasoko ditu.

Alkateak, arkitektoak zein idazkariak lagunduta, batzar batetik besterako tartean udalean jasotako dokumentu, eskari, instantzia eta antzeko guztien berri emango du. Era berean, udalean jasotako dokumentu, eskari, instantzia eta antzeko guzti horiekin zerikusia duten irteera dokumentuen berri ere emango du.

Batzorde honen helburua hirigintza arloan gardentasuna nagusi izan dadin berorren jarraipenaz, kontrolaz eta fiskalizazioaz arduratzea denez, zinegotziren batek, behar bezala arrazoitu ostean, batzarretara joaterik izango ez balu, beste zinegotzi batek edota ordezkaritza horren hautes-zerrendetan egondako beste lagun batek hartuko luke haren lekua. Alkateak ezingo balu, alderdiko beste zinegotzi batek hartuko luke bere lekua.

Ezker Abertzaleko zinegotziok

Mari Feli Etxeandai

Juan Manuel Basterretxea

Maite Bilbao

Asier Urgoiti

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

Gravatar
WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.