Atzo burututako 4 orduko udalbatzarrean gertatutakoa laburtzen ahaleginduko gara, baita gure lehen balorazinoa egiten be.
Ezer baino lehen gogorarazi daigun Ezker Abertzaleak ez-ohiko udalbatzarra Angulerin egitea eskatu gendula aurreikusten gendulako udaletxeko aretoa txiki geratuko zala. Izan be, halantxe izan zan, jarrita 30en bat lagun eta beste hainbeste zutik. Angulerin ez egiteko arrazoia idazkariak egindako txostena izan da, alkateak beren beregi eskatutako txostena. Legearen zein irakurketa egin zeuen idazkariak? Murriztaileana, errestriktiboana, izan be, txosten horretan,ez da inon aipatzen Angulerin egitea legez kanpokoa danik. Ildo honetan, atzoko udalbatzarrean, jendea zutunik egoala, EB/ARALAReko zinegotziak esan zeuen eurak antzeko udalbatzarrak udaletxeko aretoan egitearen aldekoak direzela. ( Abenduko udalbatzarrean HOTEL GOLF ARTXANDAri buruzko ez-ohiko udalbatzarra Angulerin egitearen alde agertu ziren).
Berba egiten lehena, Ezker Abertzalearen izenean Hirigintza batzordean dagoen Juan Manuel Basterretxea zinegotzia izan zan. Ordu bete eta hamabi minutuan, udalean sartutako idatzi guztiak, Arau Subsidiarioetako artikuluak, Lurzoruari buruzko legearen artikuluak oinarri hartuta, GOLF ARTXANDA KONPLEXUAri ( Hotela, Golf Eskola, Hormaondo…) buruzko kronologia egin zeuen IRUZUR SOZIALA, IRUZUR EKONIMIKOA ETA IRUZUR POLITIKOA egon direzela salatuteko.
Ostean, hauxe frogatu zeuen, dokumentazinoa eta informazinoa eskuetan:
- HOTEL GOLF ARTXANDAri emondako lizentzia legez-kanpokoa izan leitekeela uste izateko zalantza itzelak dauzela
- HOTEL GOLF ARTXANDAko sustatzaileek iruzur larria egin zeuriela unidade bakarra izateko baimena dekon Hoteletik 51 apartamentu saldu deituzelako. Iruzur hori gureta eginda dagoala. Hoteleko sustatzaile dan Jose Maria Pelaezek berak idatzia aurkeztu zeuen udalean eta onartu egin zeuen saldutakoa barriro erosteko konpromezua hartu deuela.
- Golf Artxandako sustatzailea dan Jose Maria Pelaezen jokabide mafiosoaren beste adibidetzat, bertan lan egin zeurien enpresakaz dekozan zor itzelak aipatu zituzen. Hartzekodun edo zordun horretako bat Larrabetzuko enpresa bat da. Enpresa horretako arduradunari milaka euro zor deutsoz Pelaezek eta herenegun gauean telefonotik deituta mehatxatu eta guzti egin zeuen, udalak lizentzia emon ezean txakur txikirik ez zeuela ikusiko esanez.
- PNVko alkateak , HOTEL GOLF ARTXANDAko sustatzaileak iruzurra egiten zegozala jakin arren, oposizioko alderdiei INFORMAZINOA ETA DOKUMENTAZINOA OSTONDU EUTSIELA. Azalpena emon ostean, galdera zuzena egin eutson alkateari: ZERGATIK OSTONDU ZENDUN DOKUMENTAZINOA?
- Ez bakarrik PNVko alkateak, udaleko arkitektoak eta idazkariak be, jakitun egon arren, informazinorik ez eutsiela emon oposizioko zinegotziei. ZERGATIK?
- HORMAONDO kasua: HOTEL GOLF ARTXANDAren sustatzaile bera dan Jose Mari Pelaezek sustatutko Hormaondo jatetxeari emondako lizentzia legez kanpokoa dala. Zergatik? Legina goikoa baserriaren jatorrizko neurriak errespetatu barik, Hormaondo 158,75 metro handiagoa egin zalako eta hori gure Arau Subsidiarioek guztiz galazoten deurielako. Hori gutxi balik, Ezker Abertzaleko zinegotziak frogatu zeuen, Hormaondo jatetxeak 2007ko otsailean ospatu zeuela inaugurazinoa, nahiz eta PNVko alkateak bidali eutson idatzian argi eta garbi jakinarazi eutson Pelaezi irekiera baimena euki arte ezingo zeuriela jaten emon. Irekiera baimena bi urte eta erdi beranduago jaso zeuen Hormaondok. Halan eta guztiz ere, PNVko alkatea eta alkateordea, bertan izan ziren, inaugurazinoan, irekiera baimen barik egin zeurien inaugurazinoan. ZELAN DA POSIBLE HORI?
- Argudiatutako guztiagatik zera eskatu zeuen:
- HOTEL GOLF ARTXANDA S.Lri espedientea zabaldutea
- Eraikinak arauak betetan deituzen ziurtatzeko ikuskaritza independientea
- Hirigintza arloan gardentasuna nagusi izan dadin berorren jarraipenaz, kontrolaz eta fiskalizazioaz arduratuko den batzorde berezia sortzea.
Ezker Abertzaleko zinegotziak berba egin ostean, EB/ARALARekoak idatzia irakurri zeuen, 20 bat minututan, español hutsean. Zer esan zeuen?
- GOLF ARTXANDA KONPLEXUA egitasmoagaz bat ez badatoz be, ez deurie ezelango irregulartasunik igarri.
- Lizentzia ondo emonda dago
- HOTEL GOLF ARTXANDAko sustatzaileek egindako iruzurra nahita egindakoa da
- Hotelekoek milaka euro zor dotsiez gremioari, udalak neurriak hartu behar deitu Hotelekoari presinoa egiteko
- Alkateak informazinoa ostondu dau eta ondorioz txarto jokatu dau, baina hori UN ERROR ( sic) izan da, besterik ez.
Azkenik, alkateak, PNVren izenean, 10 minutuan, idatzi bat irakurri zeuen, español hutsean:
- Idatzi guztiz tekniko batean ( arkitektoak idatzikoa?), orain arte egindako guztia ondo egin deuriela adierazo zeuen.
- Ez eutsien iruzurraren barri emon oposizioko zinegotziei espedientea itxi barik egoalako ( espedientea itxi barik egon barik be, zinegotziek beti euki behar deurie informazinoa eta dokumentazinoa eskura, beti)
Ordezkaritza bakotxak bere argudioak emon ostean, Ezker Abertzalearen eskaerak eztabaidatu ziren:
HOTEL GOLF ARTXANDA S.Lri espedientea zabaldutea:
EZKER ABERTZALEA: Frogatuta dago HOTEL GOLF ARTXANDAko sustatzaileek, proiektuaren arabera baimenduta euki daurienaren kontra, 51 apartamentu indibidual saldu zeituezela. Frogatuta dago notarioak bidalitako idatzien arabera, apartamentuak saldu saldu zirela, sustatzailea dan Pelaezek berak onartu zeuen. Beraz, derrigorrezkoa espedientea zabaldutea legez kanpoko jokatu dauelako.
EB/ARALAR: Espedientea zabaltzearen alde
PNV: Udaleko zerbitzu juridikoak dinoenez, ezin jako espedienterik zabaldu
Idazkaria: Ezin jako espedienterik zabaldu ez dauelako infrakzinorik egin
Eraikinak arauak betetan deituzen ziurtatzeko ikuskaritza independientea egitea:
EZKER ABERTZALEA: Hotel Golf Artxandako iruzurraren barri izanda informazinoa ostonduteagatik, Hormaondori emondako legez kanpOko lizentziagatik eta legegintzaldian izan dEuen jokabideagatik, udaleko arkitektoarekiko konfidantza osoa galdu dogunez, ikuskaritza independientea egitea eskatzen dogu.
EB/ARALAR: Españolez: Guk ez dogu arkitektoarekiko konfidantza galdu baina ikuskaritza independientea egitearen aldekoak gara.
PNV: Gu ez gagoz kontra baina udaleko arkitektoak egiten badau
Herritar batek: Udaleko arkitektoak baten baino gehiagotan frogatu dau ez dala konfidantzazkoa
Idazkaria: Ez dagokio udalbatzari holango erabakia hartzea
Hirigintza arloan gardentasuna nagusi izan dadin berorren jarraipenaz, kontrolaz eta fiskalizazioaz arduratuko den batzorde berezia sortzea.
EZKER ABERTZALEA: Legegintzaldiaren hasieran ordezkaritza politiko guztien artean adostutakoak bete ez direzenez, zinegotzien arteko konfidantza apurtu egin danez, PNVko alkateak zein talde teknikoak informazinoa ostondu doskuela frogatu danez eta barriro gertatu ez daiten, batzorde berezia sortzeari derrigorrezkoa deritzogu
EB/ARALAR: Ez dogu beharrik ikusten. Orain dagoenaren funtzionamendua hobetzeagaz nahikoa da
PNV: Ez dogu beharrik ikusten. Orain dagoenaren funtzionamendua hobetzeagaz nahikoa da.
20:10ean hasi zan udalbatzarra 11:50ean amaitu zan, antzeko iruzurrik paseu ez daiten ezelango neurririk hartu barik, inori ezelango erantzukizun ez ardura politikorik eskatzea onartu barik, ezer paseu ez balitz lez.
ZER GERTATU BEHAR DA LARRABETZUKO UDALEAN ERANTZUNKIZUN POLITIKOAK, ARDURA POLITIKOAK EXIGITZEKO?