Gure herritar batzuk luzatuko doskuen galdera da. Usurbilen egin badeurie, Larrabetzun be egin geinke?
Gaurko BERRIAn, galdera horren berorren hausnarketa leidu dogu. ZER DERITZOGU LARRABETZUARROK?
Usurbildarrek bai; besteok zergatik ez?
Otsailaren 27an eta 28an usurbildarrek erabaki ahal izango dute Usurbilgo hondakinen bilketa nola egingo den, herri galdeketa bidez. Urtebete izan dute gaikako bilketa mota berri bat probatzeko, eta orain, edukiontzien bidezkoa eta atez atekoa ezagutu ondoren, bata ala bestea egokiagoa den bozkatuko dute; eta Udalak emaitza errespetatzeko hitza eman du.
Gauza bera mila aldiz eskatu da Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan hainbat gai direla eta, azkenekoak bakarrik aipatzen diren arren: AHTa, Zubietako errausketa planta, Pasaiako kanpoko portua. Agintarien erantzuna beti berdina izan da: adostasun handia dago, gutxiengo zaratatsua da, betikoak dira, Batzar Nagusietan edo Legebiltzarrean gehiengo osoz onartu da… baina inoiz ez dute onartu gai baten inguruan zuzenean herritarrei galdetzea.
Herriaren ordezkariak baldin bazarete, zergatik halako beldurra herriak eskatzen duenean herriarekin eztabaidatzeari eta herritarrei galdetzeari? Herritarrok benetako parte-hartzea eskatzen dugu, agintari eta enpresa handien artean gure herri txiki hau erabat kutsatzen, suntsitzen eta hormigoitzen ari zaretela ikusten baitugu eta oso kezkatuta gaude.
Ez dakit zer emaitza aterako den Usurbilgo galdeketan, baina ziur nago Udalak pauso handia eman duela usurbildarrak kontuan hartuz hondakinen kudeaketaren inguruko galdeketarekin.
Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, denok hain demokratak zaretenok, noiz jarraituko diozue Usurbil izeneko herri txiki baten ereduari? Gaiak ez zaizkizue falta.
Juan Miguel Galatas.
Donostia.