Biharko udalbatzarrean beste bi berbagai izatea proposatu dogu:
IKUSKARITZA: Otsailaren 4ko ez-ohiko udalbatzarrean HOTEL GOLF ARTXANDAkoei ikuskaritza independientea egitea proposatu gendun, hau da, alderdi bakotxak arkitekto bat aukeratu eta HOTEL GOLF ARTXANDAk baimendutako neurriek dekozen ziurtatzea. EB/ARALARek baiezkoa emon eta PNVk ezezkorik esan ez zeuenez, gure proposamenaren inguruko erabaki garbia hartutea proposatuko dogu.
MOZINOA: Joan dan asteko okupazino militarrari buruz sartu dogun mozinoa eztabaidatuko da. Mozinoak halan dino:
OKUPAZIO MILITARRA GAITZESTEKO MOZIOA
Joan den astelehenean, otsailak 15 , goitik beherako okupazio militarra jasan behar izan genuen Larrabetzun. Arratsaldeko 4ak aldera dozenaka Guardia Zibil agertu ziren herritar bat atxilotzeko asmoz eta metrailetaz armatuta ITURRIKOETXE eta AITA PATXI UGALDE kaleak moztu zituzten. Enkaputxatutako ertzainek ere agertu ziren okupazio militarra inolako arazo barik burutu zedin. Sei orduan zehar hainbat herritarrek ezin izan zuten euren etxeetara joan. Jende nagusia eta umeak etxean inkomunikatuta edo bertara joan ezinda geratu ziren. Dozenaka auzokide identifikatu zituzten etxera sartu eta irtetean. Kotxeak ere miatu zituzten. Ibilgailuek ezin zuten frontoiko kaletik pasatu, moztuta baitzegoen, eta lineako autobusak ere ezin izan zuen herri erditik pasatu. Etxebizitza bateko atea bota eta bilatzen zuten herritarra bertan aurkitu ez zutenez, Guardia Zibilek INONGO BAIMEN JUDIZIALIK GABE Iturrikoetxe 1 blokeko etxebizitza guztiak bitan miatu zituzten, ganbara, garage eta guzti. Ohean zeuden pertsona nagusiek pertsona armatuen “bisita “ izan zuten euren logeletan. Inpunitateak eta armek ematen duten babesaz eta jarrera harroputzaz Guardia Zibilak okupazio militarra ezarri zuen gure herrian.
Ertzaintzaren martitzeneko jarrera ere salatu beharrean gaude. Istiluen kontrako materialrekin eragotzi gura izan zuten aurretik aipatutakoa salatzeko deitutako mobilizazioa eta UTZI BAKEAN! Zioen pankarta ere errekisatu zuten. Era berean plaza inguruan zeuden herritarrak grabatu zituzten. Zein da grabazioen helburua? Audientzia Nazionalaren laguntzaz errepresio egoera larriagotzea?
Honen guztiaren aurrean Larrabetzuko ezker abertzaleak Larrabetzuko udalbatzari honako hau proposatzen dio baiztapena emateko:
- Larrabetzun emandako okupazio militarra salatzea.
- Udalak okupazio militar honengaitik beharrezko den instituzioetara kexa bidaltzea.
- Gertakari hauek salatzen dituen nota publikoa ateratzea.
- Okupazio militarra babestu eta ekimen herritarrak eragozteagaitik Ertzaintzaren jarrera salatzea.
- Egoera errepresiboa amai dadin eskatzea eta Euskal Herriko hainbat txokotan atxilotuak izan diren pertsonen egoeraren inguruan kezka azaltzea.
2010eko otsaila