BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK AURTEN RENTANET 48 H ZERBITZUA EZ ESKEINTZEKO ASMOAREN AURREAN, EZKER ABERTZALEAREN OHARRA
Ezker abertzaleak jakin izan du Foru Aldundiak azkeneko urteetan eskainitako Rentanet 48 h zerbitzua, 40.000 herritarrek erabiltzen zutena, bertan behera gelditzeko asmoa duela 2009ko errenta kanpainarako. Araba eta Gipuzkoako Ogasunek, berriz, zerbitzua mantenduko dute.
Ezker Abertzaletik salatu nahi dugu Bizkaiko Foru Aldundiak Rentanet 48 h zerbitzua kentzeko hartutako erabakia. Erabaki horrek suposatuko du bizkaitar zergadunak ezin zango dutela errenta aitorpena Ogasun Sailean egin, orain arte egin duten moduan eta finantza entitateetara edo gestoria pribatuetara joan beharko dutela suposatuko du, nahiz eta Rentanet etxean zerbitzua indartzeko asmoa agertu.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurreko urteetan eskainitako zerbitzua ezabatuko du. Ezin ahaztu iaz 40.000 bizkaitarrek erabili zuten zerbitzu publiko hau errenta aitorpena egiteko.
Eta ziurrenik eskainiko duen aitzakia diru aurreztea izango da. Baina ordea errenta eta ondarearen kanpainan aitorpenak egiteko finantza erakunde laguntzaileekin sinatzen dituzten lankidetza hitzarmenetan 2008ko errenta kanpainarako 3.350.000euro eman zizkien Bizkaiko Foru Aldundiak. Horietatik 1.700.000 euro 2008ko errenta kanpainan aitorpenak egiteko erabili ziren eta 1.650.000 aitorpenen digitalizazioan eta oinarrizko informazioaren zentralizaziorako. Zenbatekoa izango da aurtengo hitzarmena? Dirua aurreztu nahi badute zergatik ez dute banku pribatuekin duten hitzarmena bertan behera utzi eta Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu publiko honen kudeaketa osoa berreskuratzen du?
Oraingoan berriz ere argi geratu da Bizkaiko Foru Aldundiak darabilen politika. Aldundiak zuzenean zerbitzuak eskaini beharrean, bere apostua pribatizazioaren eta azpikontratazioaren alde egitea da, publikoak eta kalitatezkoak diren zerbitzuen alde egin beharrean.
Beti bezala, pribatizazio guztietan gertatzen den bezala, herritarrak galtzaileak aterako dira. Orain arte, zerbitzuak ematerakoan inork ez du frogatu enpresa pribatu batek administrazioak baino hobeto egiten duenik. Kontrakoa baizik. Ezin ahaztu ere, errenta aitorpena egiteko erakunde laguntzaileek jartzen duten pertsonalak hilabete eskas bateko ikastaroa jasotzen duela.
Errenta aitorpenaren kasuan, kalitatea gero eta urriagoa da. Aldundiak ia prozesu osoa pribatizatu egin du. Gaur hemen salatutako aitorpena egitearen pribatizazioaz gain, egun zergari buruzko telefono bidezko laguntza eta babestuko datuez beteriko aitorpenak kudeatu eta grabatzeko lana esku pribatuen dago.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ezker Abertzaleko taldetik, idatziz erantzuteko galderak erregistartu ditugu Ogasun eta Finantza Foru Ahalduna den Jose Mariak Iruarrizagak erabakiaren zergaitia azaldu dezan.
Bizkaiko Ezker Abertzalea
2010eko otsailak 18.