Jatabekoako buruk arazoak dituen batek erre zituen, Zarauzkoak eta Gasteizkoak mozkorkeriatan zebiltzan batzuk, Bilbokoak, bertako udaltzaingoaren arabera, bandalismoaren ondorio. Ostera, ezer frogatu orduko, daturik izan orduko, denak Ezker Abertzaleari kontu eske. Zergatik ote?
BERRIA egunkaritik
Analisia
Pello Urzelai
Ezer ez da dirudiena. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiaren gogoko esaldietako bat da, urte askotako eskarmentuan oinarritutakoa. Filosofia horrek, politika kontuetan, zuhurtziaz jokatzea eskatzen du, presarik gabe eta berehalako balorazioen gurpilean erori gabe. Ez da ohiko portaera, azken egunotako zaborrontzien erreketa eta bestelako erasoekin gertaturikoak erakusten duenez. Izan ere, ekintza horien jatorri eta intentzioaren inguruan zalantza bat baino gehiago izan arren, politikari batzuek presaka ibili dira kale borrokatzat jotzeko eta gaitzespenen gurpilari heltzeko.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berak ohartarazi zuen joan den larunbatean balorazioak «informazioa egiaztatu ondoren» egin behar direla. Halaber, larunbateko ohar hartan, Herrizaingo Sailak argi utzi zuen Zarauzko gertaerak «ganberrismo eta gehiegizko alkohol kontsumoaren ondorio» izan zirela, Ertzaintzaren txostenaren arabera. Baina Ares sailburua agertu zen astelehenean, eta Herrizaingo Saila eraso guztiak kale borrokatzat jotzen hasi zen, hori justifikatzeko informazio zehatzik eman gabe. Zarauzko kasuan agertutako zuhurtzia desagertu egin da.
Zarauzko zaborrontzien erreketaren aurrean, zalantza egitea ez zen doakoa. Azken zortzi hilabeteetan, kale erasotzat jo daitezkeen ekintzak salbuespenak izan dira. Uztail osoan ez da arrastorik egin. Ikuspuntu horretatik, giro barea nagusitzen ari zen. Horrez gain, azken hilabeteotan, ziklo berri bat eraikitzeko asmoz, ezker abertzalearen apustua indartuz joan da.
Kontestua alde batera utzita, egun hauetako erasoen inguruko kontu batek areagotu du zalantza: ekintzen helburu nagusia zaborrontziak izatea. Abuztura arte, izandako hamar erasoek helburu jakin bat izan dute: Aguraingo Ertzaintzaren polizia-etxea (ekainak 24), Artziniegako Posta bulegoa (ekainak 4), Bilboko BSCH banketxearen kutxa automatiko bat (maiatzak 22), Bilboko BBKren kutxa automatiko bat (apirilak 25), ertzain baten etxea Bilbon (apirilak 24), Telefonica Laudion (apirilak 17), Adif eta Euskal Trenbide Sarea (apirilak 12), Soraluzeko telefonia hedagailu bat (martxoak 18), AHTaren bi induskatzeko makina Zaratamon (martxoak 7), Bilboko hiru banketxe, eta zaborrontzi batzuk Santutxun (urtarrilak 22).
Zarauzko, Azkoitiko, Gasteizko eta Bilboko zaborrontzien erreketak ez datoz bat aurtengo erasoen ezaugarriekin, ezta ohiko kale eraso antolatuekin ere, besteak beste, helburu jakinik gabekoak direlako. Andoaingo bi kamioien erreketak, berriz, antz handiagoa izan zezakeen, baina Herrizaingo Sailak ez du argibiderik eman helburuaz edo suaren jatorriaz.
Zalantzazko gertaera horiek argitzea ez da erraza izango. Are gutxiago, tesia ikerketaren aurretik jartzen bada. Dena den, gertakariok, inondik inora, ez dute pisurik ziklo berriaren aldeko apustua zalantzan jartzeko.