Ezker Abertzaleak ETAren adierazpenari buruz

Ekintza armatuak etetearen ETAren alde bakarreko erabakiaren iragarpena bake eta konponbide demokratiko marko bateranzko ibilbidean sekulako garrantzia duen ekimena da.
Adierazpen hau, azken hilabeteotan emaniko gertaera adierazgarrien testuinguru batean kokatzen da: Ezker Abertzaleak aurkezturiko “Zutik Euskal Herria” ebazpena, EA eta Ezker Abertzalearen arteko “Lortu Arte” akordio estrategikoa, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu sozial baten abiatzea, Aberri Eguna eta esparru sozial zabal independentista baten garapena, aldaketa sozialaren alde sindikatu abertzaleek buruturiko Greba Orokorra… Euskal jendarteak aldaketarako eta konponbide estrukturatelarako duen irrikaren adierazle dira ekimenok.
Testuinguru honetan eta Ezker Abertzaleak Iruñean buruturiko agerraldian luzaturiko “erantzun eraikitzaileen” eskaeraren aurrean, berau ETAren partetik erantzun positiboa jaso duela deritzogu, prozesu demokratiko atzeraezin baten egonkortzean aurrera egitea bermatzen duen eszenario bat ireki delarik.
Horregatik, Ezker Abertzaleak ez ditu erabaki honen nahikotasun edo eskasiak baloratzen. Elkarrizketa eta negoziazio agertoki baten aurrekari den indarkeriarik gabeko eta normalizazio polítiko-demokratiko agertoki baten egonkortzean ETAren erabakiak duen balioa da Ezker Abertzaleak baloratzen duena, eta balio hori ezin daiteke zalantzan jarri.

Ezker Abertzalearen iritziz beraz, ETAren ekintza armatuen etete hau Bruselako adierazpenak markaturiko norabide egokian kokatzen da. Bruselako adierazpena erreferentzia argia da indarkeriarik gabeko elkarrizketa eta negoziazio prozesu egiaztagarri bat irekitzeko eta oinarrizko baldintza demokratikoen berrezartzearen norabidean.

Beraz, ETAren erabaki honek ez du nazioarteko komunitateak alde guztiei, ETA eta Gobernu espainiarra tarteko, eginiko enplazamendua saihesten. Aitzitik, bere eskaera eta edukietan indartu egiten du. Zentzu honetan, Ezker Abertzaleak alde askotako distentsio eta prozesu demokratiko baterako baldintza minimoen inguruko adostasun marko baten alde lanean jarraituko du eragile politiko, sindikal eta sozialekin.

ETAren erabakiaren iragarpenak eragindako erreakzioen inguruan, lehenik eta behin ETAren erabakiaren garrantzia azpimarratu duten hainbat euskal alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen partetik izan duen harrera ona azpimarratu nahi dugu. Era berean, ETAren adierazpenak izan duen nazioarteko oihartzun handia adierazgarria deritzogu.

Bestetik, gure iritziz, ETAren ekimenaren balioa bera ukatzen duten eta ekimena deskalifikatu edota duen birtualitatea ukatzea helburu duten adierazpenak, gatazka eta blokeo agertoki baten eroso diren estrategia politikoen inertzian kokatuak daude. Jarrera horiek arduragabekeri ariketa bat dira, euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahi eta itxaropenetatik urruti direnak. Euskal jendarteak bere orokortasunean itxaropenez jaso du erabaki hau, eta eragile politiko, sindikal eta sozial guztien aldetik ekarpen eraikitzaileak espero ditu.

Ezker Abertzaleak, bere ebazpen subirauekin koherentzian, euskal jendartean fase politiko berri baterantz ematen ari diren urrats garrantzitsuak atzeraezin bihurtzeko ekimenak bultzatzen eta bere konpromisoa indartzen jarraituko du.

Zentzu honetan, fase politiko berri bati ateak irekitzen ari zaizkiola deritzo Ezker Abertzaleak, eta hori lortzeko bere ahaleginetan jarraituko du. Prozesu hau bururaino eramateko determinazioa eta konfiantza dugu.

Euskal Herrirako aldaketa eta konponbide politikoen agertokira garamatzan karriletik ez gaitu inork ez ezerk aterako.

Horregatik, Ezker Abertzaleak bere oinarri sozialari dei egiten dio bere lan, borroka eta antolakuntza ahalegina inplementatzeko, prozesu demokratikoa eta irekitako aukera indartzeko. Larunbat honetarako Adierazi EH-k Bilbon deituriko manifestazioa garai politiko berriekiko ezker abertzalearen eta Euskal jendartearen apustu masiboaren adierazle izan behar du.

Paraleloki, sektore sozial eta ekonomikoei dei egiten diegu egoera berriaren egonkortzean aktibo izan daitezen. Euskal jendartearen osotasunarentzako inbertsio politiko eta ekonomiko onena da eta izango da.

Zentzu honetan, euskal jendartea, bere mobilizazio eta determinazioarekin, izan behar du prozesu demokratikoa tutelatuko duena eta bere bermea. Prozesu Demokratikoak baina, Gobernuen, eragile politikoen zein nazioarteko komunitatearen ekarpena behar du era saihestezinean.

Ezker Abertzalearen iritziz, bermaturiko indarkeriari ezan, elkarrekiko distentsioan eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen berrezartze agertoki batean egonkortu behar da prozesu demokratikoa. ETAren erabakia aldebakarreko ekarpen bat da norabide horretan.

Azkenik, berriro ere dei egiten diegu eragile politiko, sindikal eta sozialei, Madril eta Pariseko Gobernuei eta Nazioarteko Komunitateari egoera berriari era eraikitzailean erantzuteko arduraz jokatzeko .

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.