Bihar 20:00etan udaletxean burutuko den ez-ohiko udalbatzarrean, Ezker Abertzaleak eta EB/ARALARek adostutako adierazpen instituzionala onartuko da. Bai Ezker Abertzaleak bai EB/ARALARek, adierazpen horregaz bat egiteko euren argudioak irakurriko dituzte. Nork bere irakurketa egin ostean, adostu dugun adierazpen instituzionala onartuko dugu. Hauxe da adierazpena:
GOLF ARTXANDA KONPLEXUAREKIN GERTATUKOARI BURUZKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Larrabetzuko udalak zera adierazten du:
1.- Larrabetzuko landa inguruneak, nekazaritzan eta abelazkuntzan du lehentasunezko izatea eta horretan izan behar du berezko jarduera. Larrabetzuko landa-ingurunea, batez ere nekazaritzarako zein abelazkuntzarako gorde eta babestu behar da. Larrabetzuko landa-inguruneak kulturari, jendarteari, naturari, ingurumenari eta herritarron oroitzapenei guztiz lotutako eremua osatzen duelako gorde eta babestu egin behar da.
Landa-ingurunearen balio hori guztiz kontrajarrita dago Golf Artxanda konplexuaren antzekoekin.
Udal honek aurrerantzean, ez du babestuko lurraren nortasun, aberastasun eta balio mugatuak deusezteko helburua duten egitasmo espekulatzailerik.
2.- Larrabetzuko Udalak, landa-ingurunean nekazaritzatik kanpo kokatzen diren proiektuak onartzeko gutxiengo baimen eta baldintza hauek eskatuko ditu: publikoa osorik edo, publiko eta pribatu ekimen mistoa izatea; izaera publikoko Sistema Orokorra moduan kalifikatzea; “Herritarron onurarako eta jendartearen interesekotzat” deklarazioa izatea; Ingurugiro Inpaktuaren estudioak ontzat ematea; Nekazaritza Sailaren baimena izatea; Turismo Sailaren baimena izatea; PGOUan arautua egon eta araudiaren aldaketa puntuala udala edo ente publiko baten agindupean burutzea.
Udal honek aurrerantzean ez ditu landa eremuetan onartuko, giza interesa eta erabilpen publiko argia ez duten proiektuak.
3.- Larrabetzuko udalak ez du ontzat hartzen gure Arau Subsidiarioak aldatzea gure lurretan hain eragin kaltegarria duten Golf Artxanda konplexuaren antzeko instalazioak baimentzeko.
Udal honek aurrerantzean ez du eskainiko edozelango interes pribatuen neurrira egindako hirigintza araudien aldaketarik.
4.- Larrabetzuko udalak jokabide okertzat jotzen ditu Golf Artxanda konplexuari dagozkion txosten guztien kudeaketarekin burututako irregulartasunak. Legina Goikoa baserrian jatetxea eraikitzeko emandako baimenarekin gertatutakoa, aipatutako kudeaketa okerraren azken adibidea baino ez da, eta argi frogatzen du interes pribatu eta espekulatzaileen beharrizanetara egokitutako kudeaketa izan dela, beraz, nahita burututakoa.
Udal honek aurrerantzean neurriak hartuko ditu kudeaketa irregularrik egon ez dadin.
5.- Larrabetzuko udalak salatu gura du, Golf Artxanda hotela eraikitzeko baimena ematerakoan, gure Arau Subsidiarioen zentzu zuzena jarraitu beharren, malgutasuna argudiatuz, legearen ezarpen eztabaidagarria egin izana. Izan ere, baimena emateko, gure Arau Subsidiarioen benetako zentzua, edukia eta garrantzia aintzat hartu beharrean, pribatuak diren interes espekulatzaileetara egokitu zituztela orduko udaleko arduradunek.
Udal honek aurrerantzean hirigintzako araudien benetako zentzu, eduki eta garrantzia zainduko ditu.
6.-. Larrabetzuko udalak baztertu egingo ditu lurzoru urbaniezinarentzat kaltegarriak diren egitasmoak bultzatzen dituzten irizpide politikoak eta aztergai jartzen ditu Golf Artxanda konplexua handitzeko hartu daitezkeen erabakiak. Adibidez 2005eko HAPNaren abantzean hartutakoa, zeinetan Golf Artxanda konplexua 40.000m2 handitzea baimentzen baitzen.
Udal honek aurrerantzean hobetsi egingo ditu, eguneroko udalgintzan zein bidean dugun Hiri-Antolamendurako Plan Nagusi berrian, ingurumena iraunarazteko eta mugatua den lurra jagoteko politikak.
Larrabetzun, 2010eko azaroaren 10ean
Zorionak beraz, bi aldeoi akordioa lortu eta udalera testu adostua eroateagatik.
Ondorioz beraz, hori guztiori gauzatu duen alderdiak -orain arte boterean bakarrik eta inogaz ezetarako kontau barik egon denak- jokaeraz aldatu, edo dimisioa eskatu beharko luke.
Larrabetzun, herritarren gehiengoak pentsatzen duena, eta kasu honetan eroan den jarrera izkutu eta ustelak, erantzukizun politikoa behar du.
Tomas Ordeñanak eta bere ekipoak, publikoki aitortu beharko luke bere hutsegitea, eta kontsekuentea izan.
zorionak ezker abertzaleari eta danon arteaneko taldeari.
[...] jueves hay pleno extraordinario. Podemos leer en ESANLARRABETZU que la IZQUIERDA ABERTZALE y EB-ARALAR-DANONARTEAN han acordado una declaración institucional para [...]