Honako idatzi hau da azaroaren 25eko ohiko udalbatzarrean irakurri genuena:
Azken hilabeteotan, Larrabetzuko Ezker Abertzaleak garbi adierazi du, aspaldion udalean izan diren irregulartasun guztiak, legez kanpo emandako lizentziak ( Legina Goikoa baserria) eta Golf Artxanda konplexuak suposatzen duen iruzur politiko, sozial eta ekologikoa, PNVk gure herria gobernatzeko eta zuzentzeko duen jarreraren ondorioa direla.
Tomas Ordeñana PNvk alkate izateko aukeratu zuen lehenengoz 1999-2003 legegintzaldian. Geroztik beste hiru legegintzalditan ere, PNVk Tomas Ordeñana aukeratu du alkatetzarako. Horietako batean, 2003-2007 legegintzaldian, PNVren izenean udalean bakarrik egon ziren zinegotziek, horietako bi gaur egun ere zinegotzi direnak, Ezker Abertzalea erabat baztertu zuten udaletik. Tomas Ordeñana buru, Larrabetzuko 382 herritarren erabaki erabat baztertu zuten ordezkariak, berriz ere udalerako proposatu izanak esan gura du, PNVk konfidantza osoa duela Tomas Ordeñanarengan eta erabat babesten duela Tomas Ordeñanak alkate delarik duen jokabidea. Halandaze, ezin dugu esan, Golf Artxanda konplexuari dagokionez, Tomas Ordeñanak bere kabuz jardun duenik. Ezin dugu esan Tomas Ordeñanak maila pertsonalean jokatu duenik. Ezin dugu esan Tomas Ordeñanak PNVren oneritzi barik jokatu duenik. Ezin dugu pertsonalizatu eta esan gertatutakoa bakarrik Tomas Ordeñanaren ardura izan dela, uneoro PNVren babespean jokatu baitu, tartean, bere taldea osatu izan duten zinegotzien babespean.
Beraz, Tomas Ordeñanak urteetan PNVren babespean jokatu badu, PNVk alkatetzatik dimititzea da eskatu behar duguna, ez bakarrik Tomas Ordeñanak. PNVk babestu duen ordezkari baten lekuan alderdi bereko beste bat jartzea herritarrei adarra jotzea eta dagozkigun ardurei ihes egitea da. Gu, udalean gehiengoa osatzen dugun oposizioko bi alderdietako zinegotziok, herritarrek aukeratu gintuzten, hain zuzen ere, larrabetzuarren gehiengoak, eta gure arduren artean, txarto egindakoa konpontzea, udalaren funtzionamendu demokratiko zein gardena ziurtatzea, herritarren parte hartzean oinarritutako demokrazia bultzatzea eta dagokionean, erantzunkizun politikoak eskatzea daude. Hori zor diegu larrabetzuko herritarrei.
Azaroaren 11ko ez-ohiko udalbatzarrean onartu genuen udal-adierazpenaren 4. puntuan hauxe onartu genuen: Larrabetzuko udalak jokabide okertzat jotzen ditu Golf Artxanda konplexuari dagozkion txosten guztien kudeaketarekin burututako irregulartasunak. Legina Goikoa baserrian jatetxea eraikitzeko emandako baimenarekin gertatutakoa, aipatutako kudeaketa okerraren azken adibidea baino ez da, eta argi frogatzen du interes pribatu eta espekulatzaileen beharrizanetara egokitutako kudeaketa izan dela, beraz, nahita burututakoa. Halandaze, nahita burututakoa izan bada ezin da negligentzia izan. Nahita burututakoa izan dela onartzen badugu, jokabide politiko baten kontra agertzen gara eta PNVk berak Tomas Ordeñanaren jokabidea babesten duela esan badu, argi dago ez dela pertsona baten jokabidea izan, alderdi oso batena baino.
Beraz, ez du zentzurik Tomas Ordeñanaren dimisioa eskatzea PNVko beste kide bat alkate jartzeko. Udalean gehiengoa osatzen dugun herritarren ordezkariak garen heinean , Larrabetzuko udalaren alkatetza PNVkoa ez den beste ordezkari baten eskuetan jartzea dagokigu. Horretarako bide bakarra ZENTSURA MOZIOA aurkeztea da. Ezker Abertzaleko zinegotziok ezin dugu zentsura mozioa aurkeztu, legez, zentsura mozioak aurkezteko gehiengoaren oneritzia behar baitu, Larrabetzuri dagokionean, bost zinegotzirena.
Zer gertatuko da, Larrabetzuko udalean gehiengo absolutua osatzen dugunok dimititzea eskatu arren, Tomas Ordeñanak, beraz PNVk, dimititzen ez badu?
Zertarako balio izango du dimisio eskariak?
Ezker Abertzaleko kideontzat UKAEZINA DA KONPONBIDE BAKARRA ZENTSURA MOZIOA dela.
Bai azaroaren 11ko ez-ohiko udalbatzarrean kalifikatu genuena bai gaur kalifikatzen ari garena ez da jarduera juridiko penala baizik eta jokabide politikoa. Jokabide politiko hori zelangoa izan den argi eta garbi adierazi dugu azaroaren 11an onartutako udal-adierazpenean zein gehiengo absolutua osatzen dugun bi alderdion arrazoibideetan.
Beraz, epai juridikorik ez egoteak ez du esan gura ezin denik zentsura moziorik aurkeztu. Alkatetzan dagoen PNVk 490 boto izateak ez du esan gura edozelango jokabidea onartu behar zaionik. Boto gehien izateak ez dio inori zilegitasunik ematen, Golf Artxanda konplexuaren auzian gertatutako irregulartasunak onartzeko. Horrez gain, oposizioan egon arren, bi alderdik euren botoak elkartzea erabat demokratikoa da.
2011ko hauteskundeetan herritarrek epaituko dutela esatea, dagozkigun erantzunkizunak ez betetzeko aitzakia dira. Gainera, Ezker Abertzaleko kideonganako begirune eza adierazten dute, gaur gaurkoz, Ezker Abertzaleak eta beronen proiektu politikoa babesten dugun milaka lagunek, ez baitugu bermatuta 2011ko hauteskundeetan gainontzeko alderdien antzera hauteskundeetan parte hartu ahal izatea.
ONDORIOA ETA GURE BOTOA:
Gaur gaurkoz, gure ustez konponbide bakarra den ZENTSURA MOZIOA aurkezteko boto nahikoa ez dugunez, Ezker Abertzaleko zinegotziok baiezkoa emango diogu dimisio eskaerari, ez gaia bertan behera gera dadin, baizik eta egoera konpontzeko bide logiko bakarra den zentsura mozioa gauzatu dezagun.
Ondorioz, dei egiten diogu EB/ARALARi, zintzotasun eta erantzukizun politikoaren, herritarrekiko begirunearen eta Larrabetzuko udalaren sinesgarritasunaren izenean, datozen asteotan zentsura mozioari buruzko bere iritzia aldatu eta elkarrekin gauzatu dezagun.