Azaroaren 25eko ohiko udalbatzarrean, Ezker Abertzaleak eta PNVk adostutako mozioa onartu zuen Larrabetzuko Udalak. Onartu ostean, Ezker Abertzaleko zinegotziok, herritarrei Saharar herriaren alde elkarretaratzeko deia luzatzea proposatu genuen. Baita onartu ere.
Halandaze, zapatu honetan, abenduaren 4an eta eguerdiko 13:00etan udaletxearen aurrean, Saharagaz alkartasuna lelopean elkartuko gara.
Azaroaren 25ean onartutako mozioa:
SAHARAREN ALDEKO MOZIOA
Orain dela aste batzuk, milaka saharar Mendebaldeko Saharako hiri okupatuetatik atera eta protesta-kanpalekuak antolatzen hasi ziren. Kanpalekuok manifestazioak egin eta adierazpen askatasunerako altxatu dira, El Aaiunen eta beste hainbat hiri sahararretan ezin baitute halakorik egin. Kanpamentuotan herriaren ahots isildua, lapurtua berreskuratzen da, erakusteko erasoen, torturen eta atxiloketen aurrean, baliabide naturalen espoliazioaren aurrean, injustiziaren aurrean, beste herrialde askoren pasibitatearen aurrean, interes ekonomikoen aurrean, traizioaren eta isiltasun mediatikoaren aurrean herri sahararraren ahots etenezin eta baketsua dagoela.
Baina armada marokoarrak kanpaleku sahararra hustu eta bortizki desmantelatu egin du. Ekintza honen ondorioez jabetu orduko armada eta polizia marokoarrak El Aaiun hiria setiatu dutela jakin genuen. Han gertatutakoa eta gertatzen ari dena jakitea ezinezkoa bada ere ailegatzen zaigun apurra dramatikoa da. Ez dago jakiterik zenbat zauritu, hildako, desagertu, atxilotu, torturatu dagoen.
Herri sahararra borrokaren eta erresistentziaren eredu argia dugu. Hagako Nazioarteko Auzitegiko eta Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluko ebazpen guztiek diote herri sahararrak bere etorkizuna autodeterminazio eta independentziarako erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea duela. Saharar herriak Nazio Batuen erabaki guztiak bete ditu, eta bere etorkizuna erreferendum horren bidez erabakitzeko prest jarraitzen du, baina marokoar estatuak, nazioarteko komunitatearen konplizitatearekin eta Saharako okupazioaren arduradun nagusi den estatu espainolaren pasibitatearekin batera, nazioarteko politikaren agendatik arazo hau ateratzeaz arduratu dira.
Marokoar gobernuak okupatutako herria sahararrari lapurtzen jarraitzen du horrela. Mendebaldeko Sahara baliabide naturaletan oso aberatsa da. Bu Craa-ko meatzeak planeta osoko fosfato-meategi handienetakoak dira. Urtean 2’8 milioi tona baino gehiago ekoizten ditu. Meategi hau Francoren diktadurak jarri zuen martxan, eta bertan behera utzi zuten Espainiak Mendebaldeko Sahara eta bere herria alde batera utzi eta alde egin zuenean 1975ean. Gaur egun, meatze hau marokoar estatuak ustiatzen du. Europar Batasuna eta Marokoren artean arrantza-gune sahararren gaineko arrantzarako itunak sinatzen dituzte: arrantza-guneok ere munduko aberatsenetakoak dira. Baimendutako 114 lizentzien artean, 100 estatu espainiarrari dagozkio. Are gehiago, hondartza sahararretako area bera ere estatu espainiarrari saltzen zaio, Kanariar Uharteetako eta espainiar itsasertzeko beste hainbat hiritako hondartzak berreskuratzeko.
Hori guzti hori nahiko ez balitz, marokoar estatuak, Europar Batasuneko lehentasunezko kide denak, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan bizi diren herritar sahararraren aurka jazarpen, eraso, tortura eta atxilotze ilegalen politika ezarri du. Saharar herritar zibilen aurkako erasoak egunero jazotzen dira Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan.
Nazioarteko komunitatearen hipokresiak ez du mugarik. Marokok Nazio Batuen ebazpenak behin eta berriz urratzen dituen arren, horren aurka inolako neurririk ez hartzeaz gain, zer eta lehentasunezko kide izendatzen du, hori bai, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan Giza Eskubideak errespetatzeko eskatu dio, bereziki ekintzaile sahararrak babesteko esanez. Europar Batasunaren eta Marokoren arteko lehen goi-bilera egin eta hurrengo egunera, ekintzaile sahararrak zaurituak izan dira Dajlan, El Aaiunen eta Smaran, eta Europar Batasunak ez du zirkinik ere egin horren aurrean. Ildo beretik, estatu espainiarraren jarrera, Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean dioena babestuz, erabat lotsagarria izateaz gain, ilegala ere bada. Mendebaldeko Sahara Afrikako azkeneko kolonia da, baita estatu espainiarraren orrialderik beltzenetakoa ere. Deskolonizazio prozesua ez da aurrera eraman, estatu espainola zen horren arduradun, eta horixe izan da hain zuzen ere herri sahararraren zoritxarrik handiena.
Guzti honengatik, hurrengo puntu hauek onartzea proposatzen dugu:
1- Larrabetzuko Udalak kondenatu egiten du saharar zibilen hilketa, Marokoko armadak Aaiunen kokatutako zibilen kanpalekuen kontra burututako eraso militar bortitzak eragindakoa, eta elkartasuna adierazten die eraso horren biktimei eta beren senidei.
2.- Larrabetzuko Udalak bere elkartasuna adierazten die estatu marokoarrak herri sahararrarekiko burutzen dituen jazarpen, giza eskubideen bortxaketa eta baztertze-politika era baketsuan salatzeko okupatutako hirietatik atera ziren 20.000 sahararrei.
3.- Larrabetzuko Udalak herri sahararrari bere babes osoa agertzen dio, eta Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararrari herri sahararraren eskubide zibil eta politikoak bermatzen eta bere askatasuna lortzen laguntzeko konpromisoa berresten dio.
4- Larrabetzuko Udalak salatu egiten du Marokoko Gobernuaren jarrera, galerazten ari baita Europako Parlamentuko, Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko kideek Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara sartzea.
Espainiako Gobernuari eta instituzio guztiei eskatzen die bermatzaile eta begirale jarrera mantendu dezatela Mendebaldeko Saharan giza eskubideak haustearen aurrean, eta areagotu ditzatela beharrezko diren lan diplomatikoak, behingoz bukatu dadin Gdeym Izik kanpalekuaren kontrako eraso bortitza eta Aaiungo ondorengo gorabeherak, aurrerantzean biktima gehiagorik ez izateko.
5.- Larrabetzuko Udalak eskatu egiten dio Europar Batasunari Marokoko Erresumarekin duen Elkartze-Akordioa eteteko, Giza Eskubideen 2. artikulua bortxatu duela oinarri hartuz. Nazio Batuen Erakundeari eskatzen dio eman diezaiola MINURSOri saharar populazioaren giza eskubideak babesteko ahalmena. Larrabetzuko Udalak exijitzen du ,gainera, MINURSOk (Nazio Batuen misioa Mendebaldeko Sahararen erreferendumerako) bitarteko indar gisa jokatu dezala gertakari hauen aurrean.
6.- Larrabetzuko Udalak berretsi egiten du saharar herriaren autodeterminazio eskubidea eta eskatu egiten dio Marokori nazioarteko legedia errespetatzeko, batez ere Nazio Batuek egindako ebazpenak, Mendebaldeko Saharan deskolonizazio prozesua bukatu eta autodeterminazioaren gaineko erreferenduma burutzearen aldeko ebazpenak, hain zuzen ere.
7.- Larrabetzuko Udalak eskatu egiten die Nazio Batuei, Europar Batasunari eta estatu espainiarrari, azken honi lehengo potentzia koloniala izan zen heinean, Maroko behartu dezaten arestian aipatutako autodeterminaziorako erreferenduma garatzera eta Nazio Batuen esparruan gatazka konpontzeko prozesua babestu dezala.
8.- Larrabetzuko Udalak onartu egiten du azken gertakarien aurrean marokoar erakunde politiko eta ekonomikoekin izan dezaken edozein harreman haustea, eta erabaki hau berau jakinarazteko berton erakunde marokoarrek duten ordezkaritzari.
9.- Larrabetzuko Udalak adierazten du beharrezkoa dela nazioarteko behatzaileak etengabe egotea lurralde okupatuetan, eta animatu egiten ditu gizarte zibila eta erakunde eta kargu instituzionalak jarraitu dezaten giza eskubideen bortxaketak salatzen.
10- Larrabetzuko Udalak bere eskutan dagoen laguntza emateko prestutasuna agertzen dio Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararrari.
11- Larrabetzuko Udalak animatu egiten ditu herritarrak eta instituzioak egitate hauek arbuiatzeko antolatzen diren ekitaldietan parte hartzera.
Mozio hau Marokoko agintariei, agintari sahararrei, Espainiako Gobernuari, Europar Batasunari eta Nazio Batuei bidaliko zaie.
Larrabetzu, 2010eko zemendiaren 19a

[...] 25eko plenoan, Ezker Abertzaleak eta PNVk adostutako mozioa onartu zan. Ezker Abertzaleak, herritarrei Saharar herriaren alde elkarretaratzeko deia luzatzea proposatu [...]