Txorierriko Mankomunitatearen 2011ko aurrekontuak

Maite Bilbao Garciak, Larrabetzuko udaleko ordezkariak, Txorierriko Mankomunitatearen 2011ko Aurrekontuen Proiektuari bere ezezko botoa ematen dio, honako arrazoi hauengatik:

*2011rako Mankomunitatearen  aurrekontuak   krisi ekonomiko baten erdian.

2008. urtean finantza-krisialdiaren ondorioak ekoizpen ekonomiari eragiten hasi zitzaion. Orduz geroztik, Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoa bortizki hondatu da, eta egoera konpondu ordez, larriagotzen ari da urtez urte.

Krisia langileok eta herri sektoreak pairatzen ari gara aspalditik, ez bankeroek ezta enpresariek ere. Ekonomia hazkunde garaian, sektore pribatua ere handituz joan zen, eta behin eta berriz egindako fiskaltasun eraldaketak errenta altuenen eta kapitalaren errenten presio fiskal txikiagotzeko helburuz egin dira.

Krisi hau sortu dutenak ez dira langileak izan, eta lanpostuak desagertu, soldatak jaitsi eta zerbitzuak gutxitzen zaizkigun bitartean, sektore finantzariora bideratzen dira laguntza handienak, beste guztion lepo.

Egoera honetan, Bizkaian toki erakundeetara bideratzen den  zerga bidez jasotakoaren zatia  gero eta txikiagoa da, nahiz eta udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izan. Udal finantziazioa berez, ez-nahikoa zen eta orain egoera kaskartu baino ez da egin hartutako neurrien ondorioz.

Txorierriko udalen egoera ekonomikoa kezkagarria da: urtez urte jasotzen den diru kopurua txikiagoa da eta beharrak, aldiz, handiagoak.

Udalen sarrerak gutxitzea ez da krisiaren ondorio natural bat, zerga politika diseinatzen dituzten erakundeen ardura baizik. Toki erakundeek finantziazio duina behar dute.

*Zilegitasunik gabeko aurrekontuak

2007ko udal hauteskundeen ostean, ezker abertzalea osatzen duen esparru soziala ahotsik gabe , eskubide sozial eta politikorik gabe dago Txorierriko hainbat herrietan. Defizit demokratiko handia dago udalbatza horietan eta defizit hori konpondu gabe sortu diren Mankomunitateko egituretan ere. Beraz, ez udal hauek, ez Mankomunitateak berak ere, ez  dute zilegitasun demokratikorik, eta ondorioz, haien esanetan,  ordezkatzen duten  giza-esparru zabalaren kontrako apartheid politikoaren itzalpean aurkezten diren aurrekontu hauek ere ez.

*Mankomunitateak aurreko legegintzaldiaren gestioaren inguruan azalpenak ematea beharrezkotzat jotzen jarraitzen dugu, izandako gestioaren gardentasuna bermatzeko.

Aurreko legealdiko lau urteetan (2003-2007) Mankomunitatea ezker abertzalearen presentziarik gabe gobernatua izateak, inposatutako apartheid politikoa dela kausa, herritarren iritziari uko egiteak eta benetako kontrol gabeziak gardentasunaren gaiaren garrantzia areagotu egiten dute.

Mankomunitatearen benetako egoera  auditoria independente batek soilik egiaztatu dezake.

Honekin ez dugu, inolaz ere, berton aritzen diren langileen gaitasuna eta zuzentasuna zalantzan jartzen. Dena behar bezala egina izan bada, auditoriak irregulartasunik ez dela izan frogatzeko bidea emango du.

*Aurrekontu hauen tramitazioa eta debatitzeko era aldatzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Horren harira  dator Larrabetzuko Udalbatzak Mankomunitateari 2009ko uztaileko Osoko Bileran luzatu zion eskaera, zeinean Mankomunitate mailan eta bere menpe dauden erakundeen mailan (Udal euskaltegia eta Behargintza), hartzen diren akordio eta erabakiak udalari zuzenean igortzeko esaten zaio, Larrabetzuko zinegotzi guztiok, inolako oztopo  barik, eskura izan ditzagun.

Udalentzat,  Mankomunitatearen edozein egituran hartzen diren erabakien inguruko informazioa eguneratua izatea funtsezkoa bada, zeresanik ez  aurrekontuen gaian.

Urtero Mankomunitateak egiten duen aurrekontu proposamena herrietan aldez aurretik ezagutzea eta Txorierriko udalbatza bakoitzak horren inguruan bere iritzia emateko aukera oinarrizko eskubideak dira eta hori gauzatzeko estatutuak aldatu behar badira, aldatuko ditugu.

Udal bakoitzak bilatu beharko ditu bitartekoak herritarren parte hartzea ziurtatzeko aurrekontuen eztabaidan, herritarren parte hartzea gizartearen eskaera baita gaur egun, eta gizartearen premia bezala hautematen baitugu guk.

Beraz, herritarrek proposamenak egin ahal izateko behar-beharrezkoak dira parte-hartze zabala ziurtatzea eta, besteak beste, arrazoizko epeak markatzea eta egoeraren informazio zabala eta eguneratua izatea. Mankomunitatearen benetako egoeraren ezagutzan eta berau herritarrei azaltzean datza  hasieran aipatutako  gestioaren gardentasuna.

Txorierriko  udaletan Mankomunitateko aurrekontuaren inguruan benetako eztabaidaren falta igartzen dugu, baita Mankomunitatea osatzen duten udaletako zinegotzi guztien asanblada ere.

*Aurrekontua prestatzeko egin den urteko hausnarketa eta lan-ildoak zeintzuk izan diren jasotzen duen azalpen idatzia beharrezkotzat jotzen dugu.

Urteko memoria baten falta nabaritzen dugu,  hau da, urtean egindakoaren inguruko hausnarketa, indar-guneak eta puntu ahulak seinalatzen dituena. Erabakiak hartzean  eraginkorragoak izateko aukera emango diguna eta errekurtsoak nora bideratu behar ditugun argiago erakutsiko diguna.

*Zenbait egitura desagertzea beharrezkotzat jotzen dugu, parte hartze, kolaborazio eta kontsentsuaren alde egiteko.

Eredu gerentziala talde lana desafiatzen duen eredua da. Erabakiak hartzean indibidualismoa indartzen du eta kontsentsua baztertu. Beraz, erabakiak hartzean parte hartze zabalagoaren kalterako den figura da, gure ustez, eta beharrezkoa ez izateaz gain, oso garesti ateratzen dena.

Antzeko zerbait esan daiteke Mankomunitateko Gobernu Batzordeari buruz, honek erabaki gunea pertsona gutxiren eskuetan uzten baitu. Erabakigunea  Osoko Bilkuran kokatu behar da, honek parte hartze zabalagoa erraztuko luke eta.

Honengatik guztiagatik gerentearen figura eta  Gobernu Batzordea desagerraraztea eskatzen dugu.

 

*Zerbitzuak emateko azpi-kontratazioaren politika baztertzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Txorierriko Mankomunitateak etengabe erabiltzen du azpi-kontratazioa erakundearen helburu diren zeregin  nagusiak eta iraunkorrak betetzeko, hala nola laguntza-zerbitzuak, hondakinen biltzea eta abar.

Azpi-kontratazioarekin bete-betean sartzen gara lan baldintzak ezegonkortzearen dinamikan, ardurak gainetik kentzearren( ekonomia mailan, prebentzioan, segurtasunean…)

Honengatik guztiagatik, langileen kontratazio zuzenaren aldekoaren apustua egiten dugu, eta edozein kasutan, enpresaren bat kontratatu behar bada, prekarietate tasa oso baxua duela eta azken urte hauetan lan osasuneko prebentzio neurriak ez errespetatzeagatik lan istripu larriak izan ez dituela  ziurtatzea eskatzen dugu. Hala nola, langileen artean gizon eta emakume ratioak hurbiltzen joateko neurriak hartuta izatea eta emakumeenganako diskriminaziorik ez izatea.

*Mankomunitateko aurrekontuak herrietan lantzen ari diren
aurrekontuekin bat etorri behar du.

 

2011ko aurrekontuak %3,55eko igoerarekin datoz, 2010eko Hego Euskal Herriko KPI %2,2koa izan denean. Berriro KPIren gainetik kokatzen gara, orain dela bi urte eta aurreko aurrekontuen tendentzia berreskuratuz.

Ez dugu ahaztu behar bere langileen soldataren gainean Mankomunitateak egingo duen 23.778 €-ko murrizketak, (Zapateroren %5 famatua) Mankomunitatearen aurrekontu osoa %0,8 gutxitzean lagundu duela.Hau da, Mankomunitatearen gastu erreala % 4,35 handitu dela,  ez % 3,55, eta langileei soldata jaisteak datu hori mozorrotzen lagundu duela.

Bizkaiko Foru Aldundiak zergen inguruan hartutako neurri atzerakoien ondorioz, hau da, Sozietateen Zerga gutxitzea eta Ondareen gaineko Zerga kentzearen ondorioz, udalei bideratutako diruen gutxitzea eragin guztiz negatiboa izaten ari da azken urteetan udal planifikazioan.

Aurrekoari, Erakunde berak, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak,gizarte zerbitzuen finantziazioan aurten egin duen murrizketa gehitu behar diogu. Gure kasuan,Txorierriko udalen Mankomunitatearen kasuan, %25 gutxiago jasoko dugu Aldunditik. Diru-sarrera gutxitze horrek, gizarte zerbitzuen gastuetarako udalek jarri beharreko kopurua % 69 handitzera behartu du, hau da, iaz baino 269.000 € gehiago jarri beharko dugu.

Krisi garaian eztabaidagarriak diren makro-proiektuetan aldaketarik ez egiteak eta  gastu sozialean artaziak sartzeak argi erakusten dute zein den Bizkaiko Foru Aldundiko gidari politikoen benetako kezka.

Finantziazio murrizketa horiek, udalek euren gastua planifikatzeko gaitasunaren galeran sakontzen du.

*Politika aktibo eraginkorren beharra, krisiaren ondorioak paliatzeko.

Krisi egoeran murgilduta gaude. Dena ondo zihoala esaten ziguten agintari politikoek, ekonomiaren “desazelerazioa” baino ez zela. Errealitateak bestelakoa erakutsi digu: politika neoliberalek ez dute balio ekonomia modu orekatu batean gidatzeko eta porrota nabarmena da. Horren ondorioak egunez egun ikusi ahal ditugu: langabezi tasaren igoera etengabekoa, soldatak izozteak, enpleguaren erregulazio espedienteak…

Honelako egoeratan erakunde publikoak eredu izan behar dira eta gastuak arrazionalizatzearen aldeko iniziatibak planteatzearekin batera, politika aktibo eraginkorrak martxan jarri behar dituzte.

Honen harira Mankomunitateak zenbait neurri hartu beharko dituela uste dugu.

Ø     Zorroztasuna aplikatzea gastuetan. Handituta dauden edota beharrezkoak ez diren gastuak desagerrarazi, hala nola,

  • Mankomunitateko Batzordeetan eta Osoko bilkuran parte hartzeagatik zinegotziok jasotzen dugun kantitatea murriztea.

Gaur egun batzordeetan eta Osoko Bilkura bakoitzean parte hartzeagatik jasotzen diren  kantitateak,30 € eta 60 € hurrenez hurren, gehiegizkoak iruditzen zaizkigu.

  • Goi mailako karguak desagerraraztea, hau da gerentearen figura. Horrekin bakarrik 60.000€ inguru aurreztea lortuko litzateke, langile guztiei aplikatuko zaion deskontua (24.000€) baino 2,5 aldiz handiagoa den kantitatea.

Ø     Urtero errepikatzen diren ekintzetan egiten den gastua ondo aztertzea eta zerbitzuak gutxitu gabe, eskaintza arrazionalagoa egitea.

Ø     Hiri hondakinen kudeaketan zabaltzen ari diren esperientzia sostengarriagoak eta ekonomikoagoak eredutzat hartu eta Txorierria horretara hurbiltzeko prozedura aztertzen hastea.

Ø     Krisiak gure herrietan izaten ari den eragina zehazki ezagutzeko estudioa bideratzea, politika  sozial eraginkorrak martxan jarri ahal izateko.

Ø     Honekin batera Mankomunitatearen pean dagoen Behargintza Txorierrik gai honetan,krisiaren gaian, zer esateko duen  Mankomunitateko partaide garenoi Gizarte Ongizate Batzordean maiztasunez informatzea.

*Gizarteak emakume eta gizonen berdintasun  arloan egiten duen eskaerari erantzuteko  ondo zehaztutako estrategia izatea beharrezkotzat jotzen dugu, eta beraz,  berdintasun horren aldeko pauso ausartak ematea ere.

Txorierriko udaletan egiten ari den bezala, Mankomunitateak ere bere “Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plana”  osatzea premiazkotzat jotzen dugu.

Ez dugu ahaztu behar pobreziak eta bazterketa sozialak batez ere emakumeak kolpatzen dituztela, eta ondorioz, hauek gizarte zerbitzuen erabiltzaile nagusiak bilakatzen direla.

Txorierriko udalen gizarte arloko gaiak Mankomunitatearen eskuetan egoteak premia hori are handiagoa egiten du, eta atzerapen gehiagorik gabe, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plan propioa lantzen hastea eskatzen dugu.

Plana osatzen den bitartean, honako neurri hauek har daitezkeela uste dugu:

Ø     Mankomunitateko arlo desberdinetan, martxan jarritako  programek, ekintzek… emakume eta gizonengan duten eragin desberdinaren inguruan datuak jasotzen hastea.

Ø     Bizi garen krisiak emakumeok bereziki kolpatzen eta kolpatuko gaituela jakin badakigunez, egoera horri aurre egiteko Mankomunitatetik zer egin dezakegun zehaztea.

Ø     eta emakume eta gizonen berdintasun ezaren adierazgarri latzenetakoa den emakumeenganako indarkeriaren kontra aritzeko Txorierriko herrietan babes pisuen sare bat eratzen joatea, dagokion langile taldeaz osatuta, genero bortizkeria jasaten duten pertsonei babesa, aholkua eta sostengua emateko.

 

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.