UDALBILTZA ASKE, JUSTIZIA ABSOLUZIOA.
URTARRILAK 19. KONZENTRAZIOA UDALETXEAREN AURREAN.
Udalbiltza auziaren sententzia jakiteko atarian.
Udalbiltzako auzipetuen, Bai Udalbiltzari Sarea osotzen duten udal hautetsi eta hautetsi ohien, gizarte, kultura eta politikako eragileen eta Udalbiltza Elkartasuna ekimena osotzen duten pertsonen agerraldi publikoa egin da Donostiako San Sebastian hotelean, gaur goizean.
- 1.- Udalbiltzaren kontrako ahozko epaiketa bukatu zenetik bi hilabete eta erdira, sententzia jasotzeko atarian gaude. Idatzizko probidentzia baten bitartez jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Salako epaimahaiko buruak, Javier Gomez Bermudez jaunak, heldu den urtarrilaren 20an, osteguna, goizez, jakitera emango duela epai hori. Era berean, ez du egin, auzipetuak edo eta defentsako abokatuak bertara joan daitezen inolako dei edo zitaziorik.
- 2.- Beraz, ulertuko duzuen bezala, auzipetuok sentsazio nahasketa ikaragarria bizi dugu: zazpi urte eta erdiko prozesamendu luzearen ondoren, urduri gaude orain. Urduri, 21 auzipetuon etorkizun hurbila eta askatasuna jokoan dagoelako. Urduri, Udalbiltzan, instituzio demokratiko batean, jardun izana delitu modura zigortuko ote den argituko delako. Era berean, hala ere, lasai ere bagaude, eta serenitate horren berri ere gaurko agerraldi honetan zuenganatu nahi dugu: oso lasai eta harro baigaude, hautetsi modura, Udalbiltzako kide modura egindako bide guztia eskubide demokratiko guztien defentsan egin izan delako. Konbentzimendu osoarekin emandako urratsak izan ziren Udalbiltzan egindakoak, eta gorabeherak gorabehera, eta etorkizunean findu eta hobetu beharreko hainbat kontu hor egonda ere, inoiz baino ziurrago gaude horrelako tresna instituzional bat bakea eta demokrazia egoera erdiesteko bidean tresna oso baliagarria dela.
- 3.- Are gehiago une hauetan: pauso oso positibo eta esanguratsua ezagutu dugu aste honetan, ETAk iragarritako aldebakarreko su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarriarekin. Pausoak metatzen jarraitu beharra dago, gatazka egoeratik bake eta demokrazia egoerarantz bidea egiteko. Hori diogu orain, 2011n, eta hitz berberekin erraten genuen 2000n, 2002an, 2003an ere. Konponbide politikoa erdiesteko bere ekarpen xumea egin izan du Udalbiltzak, sasi guztien gainetik eta hodei beltzenen azpitik ere. Orain, tunelaren amaierako argia denon artean hurbilagotzen gaudela uste dugun honetan, Udalbiltzako auzipetuok harro gaude ereindako hazitxo hartaz. Eta, etorkizunean ere horrelako tresna demokratikoen beharra egongo dela, ez dugu zalantzarik.
- 4.-Urduritasunaren barruan, beraz, lasai, serenitatez gaude, itxaropentsu ere bai. Izan ere, ahozko epaiketan argi eta zalantzarako tarte barik geratu ziren hainbat kuestio. Udalbiltzaren jardueraren zilegitasuna baieztatu zuten, baita akusazioen peritoek beraiek ere. Eta, horrekin batera, auzia martxan jarri zuten salaketak faltsuak zirela demostratuta gelditu da. Epaiketa politikoa izan zen, goitik behera, behin ere delitu zantzurik erakutsi ez zuen epaiketa.
- Baina, hori horrela izanda ere, beste batzuetan esan izan den bezala antzeko auzi politikoetan, epaiketa irabazita eduki arren, goleada-z gainera, sententzia falta da. Eta, sententzia ez dago gure esku. Horrela bada, lehengoari buelta emanez, lasaitasunaren barruan urduri ere bagaude.
2) ERAGILEAK
- Ez goaz gaurko honetan ezer berririk esatera. Azken hilabeteotan, epaiketaren aurretik eta epaiketa bitartean ere baieztatu genuena berrestera gatoz, besterik gabe. Udalbiltzaren kontrako prozesamendu osoan esan dugu behin eta berriro, udal hautetsi hauek ordezkaritza demokratikoa osotzen zutela; Udalbiltzan lan instituzional publikoa eta gardena egin zutela, eta horregatik, gure sentsibilitate ezberdinetatik, Udalbiltza berarekin bat etorri zein ez, gure uste sendoa da inolaz ere ezin dela zigortu horrelako jarduera.
- Guztiz zilegia da. Instituzioetan lan egin ahal izatea hautetsi modura, oinarrizko eskubide bat da.
- Gure ustez, demokraziaren kontrako eraso oso larria izan da prozesamendu hau aurrera eramatea, epaiketa eta guzti, zazpi urte eta erdi luzez. Are larriagoa izango litzateke zigorren bat balego.
- Horregatik, Euskal Herrian, sigla eta pentsakera oso desberdinetako jendearen artean gehiengo baten iritziarekin bat eginez, uste dugu justizia egiteak absoluzioa egotea besterik ez duela ametitzen. Absoluzioa Udalbiltzako auzipetu guztientzat, eta jarduera askerako eskubidea Euskal Herri osoko udal hautetsi guztientzat etorkizunera begira.
- AUZIPETUAK BERRIRO
-
- Udalbiltza udal hautetsiek sortu zuten, sortu genuen. Borondate askoren eta premiaren baturak ekarri zuen. Herritarren bozkaz hautatutako udal ordezkarien Biltzarra zen eta da. Herritarrena da, beraz. Mugarik gabe, eskubide guztien errespetua eta borondate askea izan dadila muga bakarra. Horregatik, amaitzeko, dei egiten diegu herritar guztiei, datorren asteazkenean, urtarrilak 19, udaletxeen aurrean egingo diren elkarretaratze isiletara joan daitezen.
- Leloa, Udalbiltza aske! Justizia=Absoluzioa
- Agerraldia bukatzeko, sententzia dena delakoa izanik ere, auzipetu guztien izenean eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu bide luze eta korapilotsu honetan gurekin bat egin duzuen guztioi: udal hautetsi eta hautetsi ohiak, herrietako babes taldeak, gizarte, kultura, kirol zein politikako era guztietako eragileak, Elkartasun Ekimena osotu duzuen herritarrak, Euskal Herritik kanpo ere abian ipinitako elkartasun taldeak, eta gaiaren inguruko informazio zuzena eskaini duten hedabideak. Sententzia dena delakoa izanda ere, aurrerantzean ere elkarrekin bidea egiten jarraitzeko hitza ematen dizuegu.