Espainiar gobernua, Europa eta munduko botere ekonomikoen irizpide eta aginduak betez, langileriaren aurkako neurri basatiak bultzatzen ari da. Eremu sozialeko hainbat neurri bertan behera utzi ditu, lan erreformaren aldaketari ekin dio eta orain pentsioen erreforma burutu nahi du.
Pentsioen erreformarekin PSOEren gobernuak langileon aurkako neurri zehatz batzuk hartu nahi ditu:
- Erretiro adina 67 urtetara luzatu.
- Pentsioa eskuratzeko kotizazioaldia luzatu.
- Oinarria erregulatzailea kalkulatzeko urte gehiago hartuko dituzte kontuan. Orain 15 urte hartzen badira kontuan, baliteke 20 edo 25 hartzea hemendik aurrera. Honek gure pentsioak %20an edo gehiago murriztu ditzake.
- Jasotzen den diru kopurua murriztea kotizazio urteen arabera. %100era heltzeko, 38 edo 40 urte kotizaturik izatea nahi dute.
- Pentsioek eros ahalmenari eusteko betebeharra ezabatu.
Lan merkatu prekario honetan, zatikako jardunaldiekin, aldi baterako enpleguekin eta kale gorrira botatzeko erraztasun guztiekin, praktikan ezinezkoa izango da eskatzen dituzten urte guztiak betetzea eta, hortaz, gero eta jende gehiago pentsio eskubiderik gabe geldituko da.
PSOEk, PPk eta PNVk euren eredu sozio-ekonomikoa inposatu nahi digute. Krisi ekonomikoaz baliatzen ari dira langileon aurkako neurri basati eta lotsagarriak adostu eta onartzeko. Euren ereduari jarraiki, zerbitzu publikoen murrizketarekin urrats berri bat eman nahi dute pentsioen sistema pribatizatuz, banka eta botere ekonomikoen mesedera.
- Ezin dugu onartu milaka lagun pentsio eskubiderik gabe gelditzea. Behar beharrezkoa dugu, ezinbestekoak diren aldaketen aldeko borroka indartzea.
- Enplegua sortu behar da, baina kalitatezkoa: soldata zenbat eta handiagoa, orduan eta gehiago kotizatuko da.
- Gazteak eta emakumeak lan merkatuan sartu behar dira, baina baldintza eta aukera berdinetan.
- Fiskalitate justu eta progresiboa, gehien irabazten dutenek gehiago ordain dezatela eta kapital errentak ez daitezela sarituak izan.
- Euskal langileok geure pentsio sistema erabakitzeko ahalmena eta bitartekoak behar ditugu. Berton erabaki behar dugu, berton lan egin eta berton kotizatzen dugulako.
Gaurko arduradun instituzionalak ez daude prest politika ekonomiko eta sozialak aldatzeko. Gaur instituzioetan nagusi diren indar politikoek erabaki berdin-berdinak hartzen dituzte eta egiten ari diren bidea betirako dela bermatzen dute euren arteko alternantzia politikoarekin. Beraz, aldaketa sozialak lortzeko, aldaketa politikoak behar ditugu, instituzioak aldaketaren zerbitzura jarri behar dira eta marko instituzional berria eraiki behar dugu.
Greba orokor hau ez da amorrualdi edo kasketaldi hutsa. Benetako aldaketaren alde borrokan jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde borrokan jarraitu behar dugu, herritarrak gutxi batzuen ekonomiaren mesedetan ez daitezen erabili, baizik eta ekonomia herritarren mesedetan.
Durangaldeko Ezker Abertzaleak bat egiten du urtarrilaren 27rako euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin eta egun horretan burutuko diren mobilizazio desberdinetan parte hartzeko deia luzatzen du.
Euskal herritarrok mobilizatu beharra daukagu, kalera irten eta gure eskubideak errespeta ditzaten aldarrikatu.
Urtarrilaren 27an Greba Orokorra!
Zutik Euskal Herria!
Zutik Langileria!
