ESTUDIO K enpresak aurkeztu digun hirugarren dokumentua, Abantzea, Kategorizazio Irizpideak eta Helburuak, 2010eko abenduan aurkeztu zen, behin-betiko bezala.
Lau alternatiba planteatzen ditu:
· A Alternatiba: Etxebizitzen barne beharrizanak zehazterakoan hazkunde begetatiboa du kontutan (jaiotzak – heriotzak). Horrela, momentuko 1.960ko biztanle kopurua eta 2019rako 1.979koa kontuan izanda, egiten duen eskaintza errezidentziala gehieneko 650 eta gutxieneko 306 etxebizitzen tartean kokatzen du, 319 etxebizitzako aukera eginez, onartezina den dentsitate baxukoak (23 etxebizitza hektareako). Honek izugarrizko lurraren okupazioa suposatzen du: 100.673 m² proposamen berrikoak + 34.709 m² exekutatu barik daudenak oraingo arauetan.
- B Alternatiba: Ados Consultinek egindako inkestan oinarritzen dela dio. Gaur egungo 1.960 biztanle eta 2019 urtean 2.107 biztanleko kopuruentzat, gehienezko-gutxieneko 811–461 etxebizitzetako tartea planteatzen du eta 531 etxebizitzaren aukera egiten du. Okupatutako lurraren neurria: 146.736 m² da (proposamen berriarentzat 112.027 m² + 34.709 m² oraingo Arau Subsidiarioetan garatu gabe daudenena).
- C Alternatiba: Azken 12 urteetako biztanleriaren eboluzioa hartzen du kontuan. Momentuko 1.960 biztanleko kopurua eta 2019 urterako 2.212korako gehienezko-gutxieneko 939-589 etxebizitzetako tartea aurkezten du, eta 696 etxebizitzako aukera egiten du. Lurzorua guztira 192.170 m² (157.461 m² aukera berrirako + 34.709 m² aurretik datozenentzako).
- D Alternatiba: Azken 10 urteetako biztanleriaren eboluzioa kontuan hartuta, oraingo 1.960 eta 2019rako 2.290 biztanle, 1.033-683ren tartean, 870 etxebizitzen aukera egiten du. Okupatuko lukeen lurra 239.019 m² dira (204.310 m² proposamen berrirako + 34.709 m² oraingo Arau Subsidiarioetan egin barik daudenak)
Emandako alternatiba guztietan urtemugarako proposatzen diren etxebizitza kopuruen eta biztanle kopuruen artean ez dago proportzionaltasun arrazionalik. Ez da behar horrenbeste etxebizitza. Plan Orokorraren abantzerako dokumentuan ezarri diren neurri bako etxebizitza kopuruak, hutsik daudenekin eta eraikita dagoen patrimonioan egin daitezkeenekin, herria bikoiztu egingo litzateke. Neurri bako hazkunde urbanistikoak lurra suntsitzea dakar, lurrari loturiko jarduera desartikulatzea, lotura sozialak eta komunitarioak galtzea, hau da, udalerriaren ezaugarri identitarioak galtzea. Planifikazioak errealitatearen aurre-ezagutzan du bere oinarria eta ezagutza horren araberako eta lortu nahi diren helburuen araberako beharrizanen aurreikuspenak egin beharko ditu.
[...] Abantzeari buruzko gogoetak. [...]