Parte-hartze prozesuaren ondorioen txostenean argi bereizten dira plan berriak lur-okupazioari eta hazkundeari begira lortu beharreko helburuak:
- Nekazaritza bultzatu. Lursail libreak bereziki erabili lehenengo sektorea indartuz.
- Planaren indarraldian, eraikitakoa gaur egungo biztanle kopurua mantentzen laguntzeko bide izan daitela. Erantzun honekin ulertzen da eraikitako etxebizitza kopurua batezbesteko famili tamainaren txikitzearen ondorioz sortutako beharrizanak asetzeko izan behar duela.
- Herritarren iritziz, zortzi urte barru biztanle kopurua 2000 inguruan egonkortu beharko litzateke..
- Hutsik dauden etxebizitzei aparteko zerga bat ezarri. Erantzun honek etxebizitza hutsen merkaturatzearen nahia adierazten du modu honetan lurraren okupazioa saihestuz.
- Lonjak etxebizitzak bihurtu. Eraikitako ondarearen gaineko jarduketaren alde egiten da.
Larrabetzuko biztanleriak jasangarritasunaren aldeko apustua egin du. Planifikatzeko orduan konpromiso instituzionala dago. Honetan oinarrituta, egin beharrekoaren bideak herritarrek markatutako helburuen araberakoak izan beharko dira. Biztanleriaren esku-hartzea ezin daiteke benetako parte-hartze baten simulakro bihurtu plangintzaren prozedura teknokratikoa berretsiz. Udalbatzak parte-hartzearen testuinguruan HAPNren elaborazioan aholku lanetarako osatutako Hirigintza Kontseiluaren eginkizuna funtsezkoa da eta dinamika parte-hartzailearen bermea izan behar du. Eta udalean gizartearen ordezkaritza dutenei, herritarrekin hartutako konpromisoak bete daitezen jagotea dagokie, erabakiak haiek hartzen baitituzte.
Herritarrek ezarritako helburuen eta deskribatutako errealitatearen arabera planak egin beharreko aurreikuspenak honako hauek lirateke:.
- Etxebizitza hutsen merkaturatzeko helburua duten aurreikuspenak. Plangintzatik kanpo gelditzen diren beste udal-erabaki batzuekin osatu beharko lirateke: sentsibilizazio kanpainak, aholkularitza, tasak,…
- Lehenago aipatutako eraikitako ondarearen gaineko jarduketak.
- Lurzoru berriaren okupazioa txikitu, hektareako etxebizitza kopuru handiago eta eraikuntza berri gutxiago..
- Nekazal lurzoruaren babesa.
PTParen arabera 2018rako batazbesteko famili tamaina 2.43koa dela kontsideratuz, gaur egungo etxebizitza parkea osatzen duten etxe kopurua (920 gutxi gorabehera) plangintzaren urtemugan aurreikusitako beharrizanei erantzuna emateko beste direla ulertzen dugu. Datu hau kontuan hartuta eta Plan Nagusiak eraikitakoaren gainean jarduteko aukerak areagotu behar duenaren ustean gaudelako:
200 etxebizitza nahikoa dira kanpoko eskaerari zein bertoko beharrizanei erantzuteko.