Martxoaren 8a hurbiltzen denean, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezuak helarazten dizkigute erakunde ezberdinek. Baina, zer egiten dute eguneroko politikan? Adibide gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak menpekotasunaren inguruan duen politika har dezakegu.
BFAko Gizarte Ekintza Sailak, menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko bultzatzen duen prestazioa Familia inguruko Zainketari dagokiona da: 2008ko aurrekontuetan 8 miloi zegoen prestazio horretarako; aurtengoan, 49,7 milioi! Genero-ikuspegitik, prestazio hori ez da neutroa, baizik eta prestazio horren bidez, pertsonen zainketa emakumeon eskuetan jarraitzea bultzatzen baita.
Familiako emakume bat izango da zaintzailea, edo larriagoa dena, askotan, diru-laguntza hori erabiltzen ari da emakume etorkinak azpikontratatzeko segurantza sozialik gabe, kontratu idatzirik gabe, soldata ez-duinekin,… Hau da, prestazio horren bidez, emakume etorkinen lan prekarioa eta eskubiderik gabea bultzatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiak.
Gizarte patriarkal honetan, emakumeek jasaten duten zapalkuntzari aurre egiteko ez dute balio egun bateko mezuek, eguneroko politiketan islatu behar dira emakumeen eskubideen aldeko proposamenak. Eta Gizarte Ekintza arloan, argi dago bidea ez dela orain arte Bizkaiko Foru Aldundiak eramaten duena. Pertsonen zainketak gizarte osoaren ardura izan behar du, eta ez emakumeena. Ildo horretatik, Familia inguruko Zainketa baino, Gizarte Zerbitzuen Sare Publikoan inbertitu beharko luke Bizkaiko Foru Aldundiak. Publikoak eta unibertsalak, zainketaren beharra duen edonoren eskura egongo direnak.
Emakumeak zaintzaileak izateari lotuta dauden bitartean, ez da posible gizarte parekidearen aldeko urratsak ematea. Feminismoa eguneroko proposamen politiketara eraman behar dugu. Hori da Ezker Abertzalearen konpromisoa.
