Ohikoa den eran eta hileko azken eguena izaki, 20:00etatik aurrera udalbatzarra burutuko da udaletxean. Gai zerrendan irakurriko duzuenez, Ezker Abertzaleak aurkeztutako mozioa eztabaidatuko da. Mozioa, espainolek duela bi aste atxilotutako euskal herritarrei eragindako torturak gaitzesteko aurkeztu dugu.
Beatriz Etxeberriaren tortura salaketa
MOZIOA
LARRABETZU herriko UDALBATZAK, Madrilgo Entzutegi Nazionalaren aginduz buruturiko azken operazioetan, atxilotuak eta inkomunikatuak izan diren herritarren tortura salaketen aurrean, ERABAKITZEN DU:
1. Konponbide demokratikoa ahalbidetuko duen prozesu baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu eta beharrezkoa deritzogu atxiloketa eta torturaren bidearekin bukatzea.
2. Gobernu espainolari zein Gobernu frantsesari, gatazkaren konponketaren bidean urratsak eman ditzaten eskatzen diegu. Mantentzen duten politika errepresiboa alboratuz, bake eta demokrazia eszenatoki batera iristeko urrats zehatzak eman ditzaten eskatzen dugu. Eskaera irmoa egin nahi diegu darabilten politika errepresiboa alboratzeko, helburu politiko garbiekin buruturiko atxiloketak, euro aginduak eta Tortura alboratzeko.
3. Justizia Ministerioari zein EAEko Parlamentuari, azken atxilotuek denuntziatutako tortura kasuak argitzera etorriko den ikerketa sakon eta egiaztagarria abiatzea eskatzen diegu. Honela, atxilotutako pertsonen eskubideen defentsa bermatu eta funtzionario publikoen eskutik eratorritako edozein ardura eta erantzukizuna argitzea eskatzen dugu.
4. Euskal Herriko Torturaren Aurkako Taldeak, Nazioarte mailan Giza Eskubideen alde lanean ari diren hainbat erakunderen babesarekin zehaztu duen Torturaren ezabaketaren aldeko 10 puntutako aldarrikapenarekin bat egiten dugu eta berauen aplikazioa exijitzen diegu dagokien erakunde publikoei.
1.- Inkomunikazioaren amaiera eta berau onartzen duten arauen desagerpena.
2.- Atxilotuen eskubideak murrizten dituzten arau guztien desagerpena. Zehazki Prozedura Kriminaleko Legearen 520 eta 527. artikuluen ezabaketa.
3.- Entzutegi Nazionalaren eskumenen desagerpena eta epaile naturalaren eskubidea bermatzea.
4.- Atxilotu guztiek konfiantzazko mediku baten bisita pribatua edukitzeko eskubidea, bai komisarian zein auzitegian.
5.- Atxiloketa aldi osoa irudi eta soinu bidez grabatua izatea, eta grabazio horiek defentsako abokatuen eskura egotea.
6.- Atxilotu guztiek beraiek izendatutako abokatu bat izateko eskubidea bermatu eta errespetatzea eta honekin elkarrizketa pribatu bat izateko eskubidea bermatzea.
7.- Egun zabalik dauden tortura kasu guztiak eta iraganean inolako ikerketarik egin gabe eta bidegabeki itxi zirenak era eraginkorrean ikertu behar dira eta horien epaiketa burutu.
8.- Tortura delitua preskribaezina bihurtu, eta bere garaien ezarri ez ziren salaketak jartzen direla bermatzea.
9.- Torturapean lortutako deklarazioetan oinarritutako epaiketak eta beraien ondorioak baliogabetzea.
10.-Torturatu guztiek beharrezkoa duten asistentzia mediku, juridiko eta psikologikoa jasotzen dutela bermatzea.
Larrabetzun., 2011ko martxoak 24