
Azken hilabeteotan hainbatetan adierazi dugun moduan, Ezker Abertzalearen iritziz normalizazio politiko eta demokratiko prozesuan aurrera egiteko lehentasun osokoa da Euskal preso politikoek pairatzen duten egoerari bere osotasunean eustea.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen zaion espetxe politika behin betiko etetea izan behar du Ezker Abertzalearen iritziz lehen urrats bat, nahiz eta urrats ez nahikoa izan. Presoei jazartzen zaien espetxe politika bere baitan mantentzea soilik aurreko konfrontazio egoera mantendu nahi denaren prismatik uler daiteke. Euskal jendartearen gehiengoak behin betiko gainditu nahi duen gatazka egoera bat hain zuzen ere.
PSOEren aurreko gobernuaren utzikeri eta arduragabekeria nabarmentzekoak direla deritzogu. Gobernu horren maila politiko eskasa uzten dute agerian azken urteotan eta bereziki azken hilabeteotan erakutsiriko immobilismoak. Gobernu horrek, baldintzarik hoberenetan, uko egin dio Euskal Herrian bake justu eta iraunkor baten eraikuntzan eragile eraginkor izateari. Autonomi erkidegoko lehendakariak bere alderdiko Rodriguez Zapateroren gobernuari exijitzeko gai izan ez zen Eneako maizterraz hori baino gehiago espero dugu, euskal iritzi publikoaren aurrean PPtik aldendurik agertzeko adierazpen soilak baino gehiago espero ditugu. Bere bide-orria oinarri, euskal preso politikoen eskubideen oinarrizko eskubideen errespeturantz urratsak ematea espero dugu.
Egungo egoeran, gatazka politikoaren behin betiko konponbiderantz urratsak ematea ahalbidetzen duten jardun armatua behin betiko eteteko ETAren erabakiarekin, aipaturiko bi gobernuak zein Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuak, lanari ekin behar diote lehen bait lehen, euskal jendartearen gehiengo zabalak zein Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak eskaturiko neurriak hartuz.
Ez da Ezker Abertzalea soilik, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta soziala da zigorra beterik duten presoen zein larriki gaixorik daudenenen askatasuna exijitzen duena. Era berean, Euskal Preso Politikoen Kolektibo osoa Euskal Herriko espetxeetara berehala aldatuak izatea exijitzen dugu, arrazoi humanitarioak medio. Euren legea da eta preso dagoen pertsona ororen eskubidea da. Alderdi Popularraren gobernuari exijitzen diogu euskal preso politikoen senide eta lagunei ezartzen zaien dispertsioaren erruleta errusiarra minutu bat bera ere ez luzatzeko.
Baina presoen Euskal Herriratzea arrazoi politikoak medio ere aldarrikatzen du euskal jendarteak. Izan ere, presoak gatazka politikoaren ondorio dira, eta era berean, konponbide prozesuan parte hartzea ezinbesteko da. Aurreko irailean EPPK-k Gernikako Akordioa izenpetu zuenean inork ere ez zuen zalantzan jarri urratsaren garrantzia. Inork ez zion ukatu kolektiboari eragile politiko izaera.
Orain ere ezin zaio ukatu eta ondorioz, guztientzako justua izango den bakearen eraikuntzan oinarrizko baldintzak ahalbidetu behar zaizkio. Espetxeetako egoera errotik aldatzea normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egitea ahalbidetuko luke, elkarrizketa politiko erresolutiboari ekitekoa beharrezkoa den giroa sortzen laguntzeko ezinbestekoa.
Izan ere, Ezker Abertzalearen iritziz gatazka politikoaren aterabideari bere dimentsio osotik heldu behar zaio, arrazoietatik ondorioetara. Eta are garrantzitsuagoa dena, gure iritziz gaur egun gatazka politiko historikoaren konponbiderako baldintza nahikoak daude.
Beraz, gure iritziz badira baldintza nahikoak, hala nola borroka armatuaren amaiera, bakeranzko aurrerapausoak emateko euskal jendartearen exijentzia edota konponbide prozesuan nazioarteko komunitatearen jarraipen eta inplikazioa, Estatu espainiar eta ere gatazka politikoaren ondorioetara mugatuak liratekeenak, tartean, noski, euskal preso politikoen etxeratzeari dagozkion elkarrizketak.
Borroka armaturik gabeko egoera bizi dugu eta ETAk argi adierazi du desarmerako eta konfrontazio armatuaren zikloaren amaiera definitiborako borondatea. Gure aburuz, PPk aukera historikoa du konfrontazio armatuaren zikloaren behin betiko amaierari erantzunkizunez aurre egiteko, ezin du aukera hau galdu.
Gure ustetan hau da euskal jendartearen gehiengoaren nahia: biolentziazko konfrontazioaren gainditze definitiboa, eta baita bere ondorio guztiena ere, preso eta errefuxiatuen etxeratzea, gure herriaren desmilitarizazioa eta ETA antolakundearen desarmea.
Ezker Abertzaleak erabateko ziurtasuna du datorren urtarrilaren 7an, gatazka politikoaren konponbide integrala nahi duen gehiengo sozial hori, euskal preso politikoen askatasuna nahi duen gehiengo hori Bilboko kaleak beteko dituela. Euskal Herria osoa hustuko dugu Bilbo betetzeko. Bilboko kaleak betetzera goaz espetxe guztiak husteko. Euskal jendartearen mobilizazio eta aktibazioa dira, Madrid eta Parisen borondatearen gainetik, gure herria bake, askatasun eta demokrazia agertoki bateranzko bidea egiteko gakoa.
Datorren urtarrilaren 7ko mobilizazioa beraz, huts egin ezineko hitzordua da, egungo espetxe politikarekin amaitzeaz gain, gatazka politiko historikoaren behin betiko aterabiderako parez pare daukagun aukera historikoa probestuz behin betiko bake justua eraiki nahi dugun guztiontzako.