Administrazio Kontseilua osatzeko orduan jazotakoak larriak izan arren, ezinbestekoa da PNV-PP akordioak dakarrenari erreparatzea.
· Administrazio Kontseiluko ordezkari kopuruaren inguruko eztabaidak, Ezker Abertzalearen iritziz oso garrantzitsua den eztabaida bat estali du: Zein izan behar du Kutxabank-en papera eta funtzioa?
· Abiapuntua oso larria: PNV eta PPk bat eginda, betiko eskuinaren politika eta irizpideen arabera gidatuko da gaur gaurkoz Kutxabank.
· PNVk zein PPk bat egiten dute ekonomiaren ikuspegi neoliberalean, hain zuzen ere, egungo egoera ekonomiko katastrofikora ekarri gaituen ereduaren defentsan egiten dute bat bi alderdiek.
· Ezker Abertzalea oso arduraturik dago PNV-PP akordioaren bidez Kutxabank-ek izango duen jardueraren inguruan:
o Euskal Herriko ekonomi erreala, alegia, ekonomia produktiboa, industria kooperatibak edota enpresa txikiak indartu beharrean, kaleratze eta desjabetzeen aurrean jarrera berri bat hartu beharrean, euskal instituzioekiko harreman eredua berritu beharrean, bertako ekonomiaren sistema finantzarioa bermatu beharrean…zer da bultzatuko dutena?
o Helburu espantsionista espekulatzaileak indartzeko apustua egiteko arriskua dago, azken urteetan egin bezala Euskal Herritik kanpo inbertituz beti ere espekulazio finantzarioaren ikuspegitik. Horren inguruko iragarpenak daude jada, bitartean desjabetzeekin aurrera egiten duten bitartean edo bertako enpresak kreditua eskatzen ari direnean.
o Era berean, aurrekariak oso adierazgarriak dira: oroitu dezagun PNVk eta PPk BBVren inguruan eginiko akordioak zein ondorio dituen: non dago egun BBVren egoitza? Noren eskutan? Non ordaintzen ditu zergak? Zein inbertsio ditu gure herriko ekonomia errealean? Hori da al da EAJren “gestiorako gaitasuna”? Hori al da saldu nahi diguten “profesionaltasuna”?
· Esan bezala, Kutxabank-en inguruan PNVk eta PPk erdietsiriko akordioa erabat larria deritzogu, formetan zein fondoan. PPren proiektua guztiok ezagutu eta pairatzen dugu, horregatik, galdera luzatu nahi diogu PNVri: hau al da Euskal Herriarentzako zuen eskaintza? PPrekin politika neoliberalean oinarritutako operazio finantzieroak egiten jarraitzea da EAJren eskaintza egungo krisi ekonomiko eta sistemikoari aurre egiteko?
· Azkenik, deia luzatu nahi diogu PNVri: herritarren borondatean oinarrituriko ordezkaritza zabalak osatu bitartean, ez dezala Kutxabank-en geroa zein euskal ekonomia baldintzatuko duen erabaki estrategikorik hartu. Herri ikuspegi eta interesak lehenetsi ditzala eta arduraz joka dezala.