ETAk su eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria adierazi zuenetik urtebete betetzen den egunean, testuinguru politikoaren inguruko bere hausnarketa helarazi nahi dio Ezker Abertzaleak iritzi publikoari.
Ekimenez josirikoak izan dira azken hamabi hilabete hauek, erreferentzia nagusiak Gernika eta Bruselako Adierazpenei erantzuten zien urtarrileko ETAren su etena, Donostian buruturiko Nazioarteko Konferentzia eta jardun armatua behin betiko eteteko ETAren erabakia direlarik.
Gatazka politikoa bere osotasunean konpontzeko baldintzak jarriak dauden egoera politikoa ahalbidetu dute itzal handiko ekimen hauek.
Egun aukera historikoa dugu parez pare gatazka politikoa behin betiko eta bere osotasunean gainditzeko, bai erro politikoei dagokionean, bai eta gatazkaren ondorioei dagokionean. Jardun armatuaren amaiera eta ETAk desarmerako eta konfrontazio armatuaren zikloaren amaiera definitiborako agerturiko borondate argia aurrez aurre dugun aukeraren erreferentzia saihestezina dira.
Izan ere, eta nahiz eta batzuk errelato partzial eta interesatua burutzen saiatu, oinarri politikoa duen gatazka pairatzen jarraitzen du herri honek, konponbide politikoa behar duena.
Eta oinarri politikoa duen gatazka pairatzen dugu arrazoi oso sinple batengatik: estatu espainiar eta estatu frantziarrak Euskal Herriaren aitortza eta erabakitze eskubidea ukatzen dutelako, hauexek dira gatazka politiko eta historikoaren arrazoi nagusiak.
Ezker Abertzalearen iritziz, ziklo armatuaren itxierak klabe demokratikoan egin beharreko elkarrizketa erabakitzaileari ireki behar dio tartea, kultura politiko guztien ezinbesteko parte hartzeaz.
Elkarrizketa politiko honek gatazkaren korapilo historikoak askatu behar ditu, hau da, Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitze eskubideari dagozkionak. Soilik gatazkari bere sustraietatik helduz eta konponbide demokratikoa emanez lortuko dugu, guztion artean, behin betiko aterabideen agertoki bat, non proiektu guztiak gauzagarriak izango diren. Nazio izaeraren eta erabakitze eskubidearen ukazioa dira gatazkaren hazi historikoa eta berauei aterabidea bilatu gabe, ezinezkoa izango da Euskal Herrian demokrazia osoko egoera eraikitzea.
Azken finean, planteatzen duguna da nazioarte mailan onarturiko eskubide demokratikoak askatasunean eta normaltasunean gauzatu ahal izatea. Bere ñabardurekin, baina egun autodeterminazio erreferendumaren dataren inguruan Eskozia eta Britainia Handiaren artean dagoen eztabaida erreferentzia izan behar luke Madril eta Parisentzat.
Era berean, Ezker Abertzalearen iritziz, gatazkaren konponbiderako ezinbestekoa da bere gainditzea arrazoiei dagokionean, baina baita ere bere ondorioei dagokionean. Beraz, gure iritziz, Estatu espainiar eta frantziarrak ETA erakundearekin elkarrizketak abiatu beharko lituzkete, beti ere gatazka politikoaren ondorioetara eta biolentziazko konfrontazioaren gainditze definitibora eta bere ondorioetara mugatuak. Ondorio horien artean kokatzen ditugu, hala nola, preso eta errefuxiatuen etxeratze, desmilitarizazioa eta ETA antolakundearen desarmea.
Aro berria ireki da Euskal Herrian, guztien ekarpena behar duen aroa. Normalizazio politiko eta demokratikoko prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa da eskubide urraketa eta salbuespen neurri oro baldintzarik gabe bertan behera uztea. Horrela bada, Ezker Abertzaleak dei egiten dio PPri ekin diezaion, premiaz, normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egiteko nahitaezkoak diren bi gaiei: batetik, eragile politiko guztien legalizazioa, jarduera politikoekiko kriminalizazioa eta jazarpenari amaiera emanez; eta bestetik, Euskal preso politikoen eskubide guztien errespetuan oinarritutako neurriak hartzea, era kolektiboan ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak bertan behera utziaz.
Esan bezala, gertaera edo mugarri ezberdinek baldintzaturikoak izan dira azken hamabi hilabete hauek. Eta horrela, gertaera bezala, baloratu nahi du Ezker Abertzaleak aurreko larunbateko manifestazio erraldoia. Ezker Abertzalearen iritziz presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren irudia egoera politikoaren adierazle argia da; gehiengo sozial zabal bat eskubide eta demokrazia aldarrikatzen.
Ezker Abertzaleak, bere aldetik, konpromiso osoarekin lan politikoa egiten jarraituko du, herri honentzako bake justua eta demokrazia egoera lortzeko. Nahiz, oraindik orain, ilegalizazio injustu baten pean aritu behar izan, jarraitu egingo dugu, ekimenak eta ahaleginak biderkatzen, behin betiko konponbide demokratikoranzko bidean aurrera egiteko. Hau ez dago gelditzerik, eta Ezker Abertzalea ez da geldirik egongo.
Horrela, eta amaitzeko, PPri dei egiten diogu arduraz eta momentuak eskatzen duen maila emanez, immobilismoaren lubakia utzi eta euskal jendartearen aldarrikapen demokratikoak aintzat har ditzan. Erreferentziak oso argiak dira, beraz, dei egiten diogu espainiar gobernu berriari Gernika eta Aieteko adierazpenak bere egin ditzan eta soluzioen aldeko eragile bihur dadin.