Etxebizitza
SARRERA
Plan Orokorraren abantzeak lau antolakuntza-aukera eta ekintza berririk gabeko bosgarren aukera bat eskaintzen dizkigu. Aukera hauetatik ondoko ondorioak atera daitezke:
- Nekazal balio altuko lur kopuru handia kalifikatzen da etxebizitzak eraikitzeko.
- Alternatiba guztietan oso dentsitate baxuko exekuzio-unitateak proposatzen dira, dentsitate ertaineko beste batzuez gain, eta egoera honek gehiegizko lur-betetzea dakar.
- Eskainitako etxebizitza-kopurua lar altua da, alternatiba gehienetan eskaintzen den hainbeste etxebizitzatarako eskaririk ez dago-eta.
- Etxebizitza gehien proposatzen duten alternatiben kasuan (C eta D), asmotariko bat Aretxabalagane parkea egiteko behar diren lurrak lortzea da, gune erresidentzialetara lotuz. B alternatiban udalerriaren iparraldeko errepidea exekutatzeko behar diren lurrak eskuratzea da helburua. C eta D alternatibetan iparraldeko bidea egiteko lurrak lortu behar dira baita bidea bera egin ere. D alternatibak hilerria lekuz aldatzea dakar. C eta D alternatibetan Zerra eta Conauta lekuz aldatzen dira.
Datu guzti hauek hausnarketa bat eginarazi digute.
Proposatutako antolakuntzek baliabide mugatua den lurraren kontsumo garrantzitsua suposatzen dute. Lurra mugatua da eta, erabiliaren erabiliaz, gero eta mugatuagoa. Hori dela eta, Larrabetzuko Plan Orokorraren ingurugiro ebaluaziorako Erreferentzia Dokumentua egitea erabakitzen duen 2011ko urtarrileko 24. Foru Aginduak aholkatzen zuenez, lurzoruaren kudeaketa burutsua egin beharra dago, are burutsuagoa lurzoru horrek nekazal balio altua duela eta Bilbao Metropolitarreko PTPren iritziz Larrabetzu lehentasunezko nekazaritza garapeneko herria izan behar dela kontuan hartuz gero. Horrexegatik uste dugu etxebizitzetarako behar den lurrak larrabetzuarren benetako beharrizanen araberakoa izan behar duela. Eskakizunaren kontzeptuari garrantzia kendu behar zaio, adierazten den beharrizan oro benetako beharrizana ez delako. Horren froga gure herrian dagoen etxebizitza hutsen kopuru altuak (%24) ematen digu, haietariko asko eraiki berriak izanik. Egoera honek egiaztatzen du herrian egon den eskariaren zati garrantzitsu baten asmoa inbertsio ekonomiko hutsa izan dela. Beraz, bere asmoak espekulatiboak baino ez zirela, etxebizitzaren prezioak etengabe gora egin duen testuinguru batean. Uste dugu inbertitzaile-espekulatzaileak eta bigarren etxebizitzen erosleak izan direla lurraldearentzat eroa bezain kaltegarria izan den eskari hori elikatu dutenak.
Horregatik erreparatu nahi diogu batez ere beharrizan kontzeptuari, funtsezko eskubidea den ondasun hau baldintza duinetan ez izateari buruz hitz egiten duelako eta ez hainbeste asmo desberdinak izan ditzakeen etxebizitza-eskariari. Bestalde, Larrabetzun etxebizitza eskaintza batez ere solbentzia izan dutenentzat izan da, diru-sarrera gutxien duten pertsonak kontuan hartu barik. Azken batean, helburua gure herriaren beharrizanei erantzun egokia emango dion eskaintza zehaztea da. Horregatik uste dugu eskainiko diren etxebizitza guztiak babes publikokoak izan beharko liratekeela. Eta diru-sarrera gutxien duten pertsonen beharrizanak asetzeko, komenigarri ikusten dugu Plan Orokorretik sortutako etxebizitza-politikak alokairu sozialerako etxebizitza kopuru jakin bat zehaztea. Ildo honetatik, biztanle gehienen errealitate sozial eta ekonomikoarekin bat datozen beste eredu batzuk urratzea, esaterako herri eskandinaviarretan hain arrakastatsua izan den Andel Eredua eta, administrazioak lurraren eta kudeaketaren arloetan esku hartuz, Larrabetzun saiakuntza piloturen bat abian jartzea.
Bestalde, uste dugu sistema orokor batzuk, esaterako, erreka-parkea eta iparraldeko errepidea, area erresidentzialetara lotzen direla eta, beraz, sistema horiek gauzatzeko etxebizitza kopuru altua eraiki beharko litzatekeela. Gauza bera gertatuko litzake Zerra eta Conautarekin.
Iparraldeko errepideak, Morgatik datorren errepidea eta Txorierrira doana lotuko lituzke. Aipatutako errepidea ez dugu beharrezkotzat jotzen trafikoa ez delako horren handia.
Parkerako behar den lurra ez-urbanizagarria da. Beraz, ingurumenaren puntutik eta ikuspegi sozialetik modu samurragoan eskura daiteke.
Conauta eta Zerrak urte asko daramate bere lekuan, ez dute eragozpen handirik sortzen eta, larrabetzuarren ustez, ez dira hain kaltegarriak.
Erabaki bat hartu aurretik gogoeta egin beharko dugu. Lortu gure den helburua lortzeko egin beharreko bideak zein neurritako kaltea dakarren zehazteko. Aurretik esandakoak, beharbada ekarriko luke neurri gabeko hazkundea eta, ondorioz, gure herriko identitate ezaugarriak ezabatzea. Beraz,
ZERA ESKATZERA GATOZ:
- Etxebizitza beharrizanaren gaineko eskariari eta hazkunde helburuari lehentasuna ematea, 200 etxebizitza berriren kopurua inondik inora gaindituz.
- Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzen lagunduko duen etxebizitza politika aktiboa indarrean jartzea.
- 3-4 solairuko etxebizitzak eraikitzea, dentsitate ertain-altu bat aplikatuta.
- Familia eredu berriei egokitutako azalera duten etxebizitzak eraikitzea.
- Larrabetzuko Plan Orokorrean Andel Eredua ezartzea kontuan hartzea.
- Plan Orokorrari merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzea arautuko duen araudi bat gehitzea, merkataritza eta etxebizitza erabileren arteko oreka lortuz.
- Kalifikatzen den lur guztia babes publikoko etxebizitza eraikitzeko erabiltzea.