Larrabetzuko Ezker Abertzalearen sujerentziak Plan orokorraren abantzeari.
Ingurumena eta landa guneak
SARRERA
Hurrengo urteetarako gure herriko lurrak eta espazioak zertarako erabiliko diren zehaztera goaz Planeamendu Orokor honen bitartez. Herriaren planoak, marrak eta zenbakiak zehaztean, etorkizuna zehazten eta erabakitzen arituko gara. Herriaren ingurune naturalaren etorkizuna dago jokoan eta bizitza kalitate duin batekin bizitzeko denok dugun eskubidea ere: zerbitzu eta espazio egokiak hezkuntzarako, osasunerako, garraiorako, pertsonen arteko harremanetarako, naturaz gozatzeko, euskararako, kulturarako, herri ekimenerako eta baita jarduera ekonomikorako. Hau guztia dago jokoan.
Orain arte erabilera erresidentzialerako zein industrialerako, urbanoa eta urbanizagarriak izan diren lurrek izan dute lehentasuna. Urbanoa eta urbanizagarrien lurren limiteak zabaltzen joan dira etengabe eta ez-urbanizagarriak txikitzen, honek ekarri izan duen kalte guztiarekin. Orain arte jarduera ekonomiko nagusia izan den hori (etxebizitza, espekulazioa) asetu eta ondoren geratzen izan diren lurrak izan dira ez urbanizagarriak.
Aurrera begirako planifikaziorako bestelako irizpide batzuk erabili behar direla uste dugu, pertsonak, bizidunak oro har, eta ingurumenaren arteko harremana orekatua izan dadin. Lurraren erabileraren kultura aldatu beharra dago, bizitzeko lurra behar dugulako. Lurra zaindu beharra dago, hondatuz gero berreskuratzea ezinezkoa izan daitekeelako. Beraz, lurra bada baliabidea baina baita kultura, historia, memoria, harremanetarako eremua, baita jarduera ekonomikorako baliabidea. Beraz,
ZERA ESKATZERA GATOZ:
- Abantzearen helburuek elikadurarekin eta bere ekoizpenarekin zerikusia duten esparruei aipatzea.
- Nekazaritza “jarduera ekonomiko” gisa hartzea eta sustatzea, kaltegarriak diren ereduak baztertuz, esaterako, nekazal erregaietarako ustiapenak edo monokultiboak.
- Udalak lurra lehen sektoreari erreserbatzeko ordenantza onartzea.
- Udalak lur-ondarea osatu ahal izateko, plusbalia guztiak diru ez bihurtzea
- PTPk merkataritza gune handi bat eraikitzeko ematen duen aukera Udalak aintzat ez hartzea.
- Jarduera kutsagarriak debekatzea. Gaur egun aktibo daudenen, esaterako CONTEN, jarduera amaitzean Udalak jardueron ondorioen erantzukizuna enpresen gain uztea.
- Autonomia energetiko bateranzko urratsak ematea nekazal eremuan. Era berean, nekazal ustiapen berrietan energia berriztagarriak ezartzea.
- Lur ez-urbanizagarriei kaltea egin diezaieketen instalazioak eta erabilerak ez onartzea, esaterako Golf zelaia, isurtegiak …
- Aretxabalagane erreka babestea, bere uholde aldeak berreskuratzea eta herritarron harremanetarako errekuperatzea.
- Argiteria sistema jasangarri sendoagoa planteatzea, energia berriztagarriaren aldeko apustua eginez.
- Lurren katalogoa egitea.
- Lehen sektorerako lur bankua osatzea.
- Plan Orokorrak Larrabetzuko bioaniztasuna eta ekosistema errekuperatzea eta errespetatzea.





