Larrabetzu auzolanean Euskal Herria
2004-2007 legegintzaldian 392 larrabetzuarrek hautatutako Larrabetzuarrok plataformako hiru zinegotziak eta ondorioz, babesa agertu zioten herritarrak, udaletik erabat baztertu egin zituen PNVk.
Aitzakia, espainiako estatuak Ezker Abertzalea desagerrarazteko asmatutako Alderdien Legea izan zen.
Azken urteotako sasoi ilunenak izan ziren horietan, Udala herritarrongandik inoizko urrunen aldendu zen. Oztopo itzel hari aurre eginez, udalean ezinezkoa zen lana kalean burutu zuen Larrabetzuko ezker abertzaleak.

2007-2011 legegintzaldian, udalera itzuli ginen eta ez edozelan. PNVk gehiengo osoa galdu zuen, ordura arte ezezaguna zen EB/ARALAR ordezkaritzak zinegotzi bat lortu zuen eta Ezker Abertzaleak lau.
EB/ARALARekin alkatetza negoziatzeko hainbat bilera burutu genituen. Berauetan, Ezker Abertzaleko larrabetzuarrok, herri-programan aurkeztutakoen inguruko adostasuna lortu gura izan genuen EB/ARALAReko ordezkariekin, ustez, biak ezkertiarrak eta abertzaleak ginelakon.
Ostera, gatazka politikoaren eta indarkeriaren inguruko iritzi ezin bateratuen eraginez, EB/ARALAR abstenitu egin zen eta horrela alkatetza PNVk eskuratu zuen.
Aurreko lau urteetan jasandako bazterketari mendeku gosez erantzun beharrean, hasiera hasieratik, gure zinegotziek oposizio eraikitzailea izan dute ardatz. Alderdi interesen gainetik larrabetzuarren interesak babestea izan da gure lehentasuna. Herritarrenak diogu, ez ideologia batekoenak edo bestekoenak, herritar guztienenak baizen.
Ezberdinen arteko adostasunak lortzeko egin dugu lan eta lau urteotan udalean ordezkaritza izan dugun alderdien artean hainbat eta hainbat gai ahobatez onartu ditugu. Udala herritarrengandik hurren dagoen erakunde publikoa dela deritzogunez, udala herritarrei ahalik eta gehien zabaltzea izan dugu iparorratz.
Udala herritarrei zabalik
Horren adibide ukaezinak izan dira Hiri Antolamendurako Plan Orokorra gauzatzeko babestu dugun metodologia parte hartzailea, udalbatzar edo plenoak herritarrek parte hartzeko moduan antolatzea, aurrekontuak herritarren iritzi zein parte hartzean oinarritzea, gobernu batzordeari eskumen guztiak eman barik batzordeka funtzionatzea edota udalaren funtzionamendu garden eta garbirako Araudi edo ROFari egindako ekarpenak.
Gaia edozein izan dela ere, larrabetzuar bakar bat ez baztertzea izan da gure irizpide nagusia. Gure zinegotziek eta udal-taldean laguntzen ibili garenok geure borondatez lan egin dugu.
Ez gara politikari profesionalak.
Herritarrak gara, larrabetzuko emakume eta gizonak, gure komunitatea trinkotzeko ardurak eta erantzunkizunak hartzeko prest gagozen pertsonak. Ez gehiago ezta gutxiago ere.
Larrabetzu eta Euskal Herria auzolanean eraiki behar dugula sinesten dugu, nork bere neurrian, bakoitzak aukeratuta zenbat eta zelan eman, baina guztiok apur bat emanda.
Kontaezinak eta antidemokratikoak izan dira bidean sahiestu behar izan ditugun oztopoak zein neurri errepresiboak:
- ANVren siglapean aurkeztu ziren gure zinegotzien legez-kanporatzea.
- Irizpide juridikoetan barik politikoetan hartutako erabaki haren ondorioz, gure zinegotziei, eta ondorioz herritarroi, hainbat eskubide murriztu zizkieten.
Baina ez dugu etsi. Udalean egin dugun lana ondo burutu dugu kalean bizi garelako, herrikideak entzuten dakigulako, edozertan laguntzeko beti prest gaudelako, bihotzak agintzen digulako.
behetik eta ezkerretik
Inurri lana izan da gure zinegotziena, gura baino gutxiago ezagutarazi duguna baina, bistan denez, larrabetzuarrek ondo estimatutakoa.
Gu behetik gatoz, herritik eta ezkerretik.
Goitik behera egituratzen diren botere organoak baino, gurago ditugu horizontalean eta askoren arteko parte hartzearekin garatzen diren bilguneak.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra bultzatu genuen SORTU LARRABETZU kontseiluan hasiera hasieratik frogatu genuen bazterketarik eta betorik gabeko udalgintza eta herrigintzaren aldekoak garela.

Larrabetzuarron etorkizunerako hain garrantzitsuak diren erabakiak adostasunik handienagaz hartzeko lan egin dugu eta aurrerantzean ere ziur gaude ereindako hazi horrek uzta itzela ekarriko digula. Marifeli, Juan Manuel, Maite eta Asier izan dira udala herrigintzarako bitarteko parebakoa izan daitekeela frogatzeko betebeharra hartu dutenak eta ederto baten demostratu dute egindako lana ez dela alferrekoa izan.
Euskal Herrian legez Larrabetzun ere, herritarrok aldaketa eskatu dugu, orain arteko politikagintzagaz nahikotuta gaudela adierazteko bozkatu dugu.
Zorionak Bildu!
Eta hauteskundeen emaitzak ikusita, larrabetzuarrak zoriontzea baino ez dagokigu. Zorionak BILDUren izenean aurkeztu diren emakume eta gizonei. BILDUk ezkertiar eta abertzaleen bozkak batu ditu politikagintza ulertzeko aldaketaren alde, Euskal Herriak arnasa legez behar duen aldaketaren alde. BILDUgaz aldaketa etorriko da Larrabetzura, eta orain larrabetzuar guztioi dagokigu, nork bere neurrian, geure ekarpena egitea.