HAPN ( Hiri Antolamendurako Plan Nagusia ) aipatzen duen bakoitzean, Larrabetzuko PNVko zuzendaritzak, bere komunikazio iturri ofizial zein sokakoen bitartez, Larrabetzuko hirigintzari buruzko gezurrak zabaldu ditu. Gaur gaurkoz ez du proposamen bakarra egin, ez bada legegintzaldi honen hasieran, udalean eta herrian gehiengoa osatzen dugunok atzera bota genuen Plan Orokorra. Larrabetzuko PNVko zuzendaritzak, ezelango proposamenik ez egiteaz gain, Larrabetzuko hirigintzari buruzko gezurrak zabaltzeaz gain, Ezker Abertzalearen zein EB-Aralaren kontra jo du, esanez, oztopoak baino ez ditugula jartzen eta herria gure erruagatik “geldi” dagoela. Baina zein da errealitatea?
Oztopoak jartzea aurpegiratu digute PNVkoek udalean eta herrian gehiengoa garen oposiziokoei. Hasteko, larrabetzuarrek argi eta garbi jakin behar dute: HAPN landu duen Hirigintza Kontseiluan ( SORTU Larrabetzu) hartutako erabaki guztiak betetzen direla ziurtatzea alkatearen ardura da. Hirigintza Kontseiluak hartutako hainbat eta hainbat erabaki berandu gauzatu dira PNVko alkatearen aitzakia, gaitasun eza edota ardurabakokeriagatik. Ezker Abertzaleko kideontzat HAPNa sano da garrantzitsua. Gure ustean, HAPNk lurraldearen kudeaketa arrazoizkoa eta orekatua izatea bideratu behar du eta lurraldeak jada dituen ondareei kalterik ez egitea bermatu behar du. Ezker Abertzaleko kideok HAPNk oinarri horiek jaso ditzan lan egiten gabiz.
Herria “ geldi” egotearen errua ere, udalean zein herrian gehiengoa osatzen dugun oposizioko alderdiona dela dio Larrabetzuko PNVko zuzendaritzak. Antza zuzendaritzako kide horiek ez dira Larrabetzun bizi eta ez dakite zenbat ekitaldi antolatzen diren herrian, zelango kultur eskaintza dagoen, zenbat kirol egiten den, zer lan itzela egiten ari diren eskolaren inguruan, ze giro ederra dagoen asteburuetan, ze parte hartzaileak garen larrabetzuarrak… Herria geldi dagoela? Esatea ere!
PNVko zuzendaritzakoentzat herria “paralizatuta” dago ez delako eraikitzen. Baina zergatik ez da eraikitzen Larrabetzun?
Honezkero arrazoiak ezagunak dira: Etxebizitzaren gaineko fiskalitateak, interes tipo baxuek, maileguen ugaritzeak eta prezioei ezelango neurririk ezarri ez zien politikak “higiezinen burbuja” deritzona erraztu eta faltsua zen aberastasunaren mezua zabaldu zuten. Horrek, mugarik gabeko espekulazioa ekarri zuen eta herritarrok ere, etxebizitzak espekulaziorako erostera bultzatu gintuzten. Ondorioz, eraikuntza sektorea neurri eta zentzu barik hasi zen baita etxebizitzen prezioa ere. Gaur egun nazioartekoa den krisi ekonomiko-finantzieroak eraikuntza sektorea kaltetu du gehien. Gaur egun etxebizitza stock itzela dago, milaka eta milaka dira saldu ezinik dagozen etxebizitzak, eta noski, inork ez du etxebizitza berririk eraiki gura. Larrabetzu ez da salbuespena.
Larrabetzun, oraindik indarrean dagozen Arau Subsidiarioen arabera, 98 etxebizitza berri eraiki daitezke:
| ► 1.2. U.E |
Gaztelumendi kalea |
25 etxebizitza |
| ► 1.3: U.E |
Gaztelumendi kalea |
15 etxebizitza |
| ► 4.1: U.E |
Calle Mikel Zarate (Serran aurrean) |
8 etxebizitza |
| ► 4.5: U.E |
Zubitalde (Sindikatua-Jaor) |
15 etxebizitza |
| ► 5.4: U.E |
Calle Andra Mari (Haurreskolaren alboan) |
8 etxebizitza |
| ►10.1: U.E |
Goikola |
19 etxebizitza |
| ►11.1: U.E |
Elizalde (Estankoaren alboan) |
8 etxebizitza |

Horiez gain, Elizalde ostean dagoen 11.2 U.Ean lau etxebizitza berri eraikitzen ari dira.
2007ko hasieran, PNVko zuzendaritzak behin eta berriro esan zuen 4.5, 10.1, 11.1 y 11.2 egikaritze-unitateak ez zirela kontuan hartuko gerora atzera bota genuen Plan Orokorrean, ordurako, Plana onartzerako, eraikita egongo zirelako. Ostera, lau urteren ostean, egia bakarra da Elizaldeko 11.2 U.Eko lanak baino ez direla hasi, besteetan ez da adreilu bakarra ipini. Zergatik? Konstruktoreek ez dakitelako salduko dituzten.
Asilietan beste hainbeste gertatu da. Ezker Abertzalea udaletik kanpo eta PNV gehiengo ez demokratikoarekin udalean egon zen aurreko legegintzaldian, familia bakarreko bi etxebizitza eraikitzen hasi hasi ziren, baina gaur egun geldi dagoz konstruktoreek ez dutelako aurrera egiteko asmorik.

Egin barik dagozen etxebizitzak ez dira eraiki konstruktoreek ez dutelako gura gaur egungo higiezinen merkatua dagoen moduan egonda, ez luketelako erosle segururik izango. Ezker Abertzaleak ez du zerikusirik.