Filed under Plan Orokorra- Herritarron parte hartzea

Zein izango da SORTU LARRABETZU Kontseiluaren egitekoa?

Atzoko udalbatzarrean, besteak beste, Larrabetzuko Ezker Abertzaleak proposatutako hauxe onartu zen ahobatez:

Larrabetzuko udalerriko Urigintzako Sektore Kontseiluaren ganeko 2008ko maiatzaren 6ko osoko bilkuraren erabagia berrestea eta bere zereginak ezarri eta mugatzeko konpromisoa hartzea.

Berbagai horreri buruzko eztabaida luzea eman zen hiru ordezkaritza politikoen artean. Larrabetzuko Ezker Abertzaleak arrazoi hauek eman zituen Kontseiluaren balioak berrestea eskatzeko:

I.- Larrabetzuko udalbatzak, 2008ko maiatzaren 6ko ez-ohiko udalbatzarrean, hiri-antolamendurako plan nagusia (HAPN) elaboratzeko lanei buruzko aholkuak emateko Hirigintzarako Kontseilu Sektoriala sortzea erabaki zuen.

II.- Hirigintzarako Kontseilu Sektoriala parte hartze organikoa bultzatzeko sortu zuen udalak. Kontseilua kide anitzez osatu zen, ez bakarrik administrazioko ordezkariez, helburua, herritarrek Plan Orokorraren lanketan partaide zuzen izan daitezen lortzea baitzen.

III.- Kontseiluak aholkuak eman, erabakiak hartu eta herritarrei informazioa helarazi behar diela erabaki zen. Kontseiluak proposamenak edota ekarpenak egin eta udalak aintzat hartzen ez baditu, zergatiak arrazoitu beharko ditu.

IV.- Gure talde politikoaren iritziz, Kontseiluari kendu egin gura zaizkio onartuta ditugun funtzio guztiak.

EB/ARALARek adostasuna agertu zuen Ezker Abertzaleak argudiatutakoarekin baina euren ustez ezin da Kontseiluaren zain egon eta orain erabakiak alderdi politikoek hartu behar dituztela argudiatu zuten.

Zein izango dira Kontseiluaren zereginak?

 

 

Plan Orokorra: Ez dute larrabetzuarron iritzia kontuan hartu gura

PNV eta EB/ARALARen oneritziarekin, ESTUDIO K enpresari esleitu zitzaion Larrabetzuko Plan Orokorra izango denaren aurrerapen txostena edo abantzea idazteko ardura.

Larrabetzuko Ezker Abertzalearen iritziz, abantzeari dagozkion edukiak SORTU LARRABETZU dinamizatzen duen Kontseiluan eztabaidatu behar dira, horretarako sortu baikenuen. Ostera, eta gure harridurarako, EB/ARALARek SORTU LARRABETZU Kontseiluari bere funtzioak kendu gura dizkio eta aurrerantzean, Plan Orokorrari buruzkoak alderdi politikoen artean eztabaidatzea proposatu du. PNVren helburua, hasiera hasieratik SORTU LARRABETZU Kontseilua barrutik dinamitatzea izan denez, EB/ARALARekin bat egin dute.

Testuinguru honetan kokatu behar dira ESTUDIO K enpresa desarrollistak abantzerako luzatu dizkigun proposamenak. Proposamen horietan argi dago ez dutela SORTU LARRABETZU prozesuan larrabetzuarrok adierazitakoa aintzat hartu. Zertarako eman genuen iritzia, orduan?

Horra adibide bat: Eraiki beharreko etxebizitza berrien kopuruari dagokionez, honakoak dira ESTUDIO K enpresakoek aurkeztutako 4 proposamenak:

A proposamena: Gutxienez 319 etxebizitza berri datozen 8 urteotan.

B proposamena: 531

C proposamena: 696

D proposamena: 870

Hau da larrabetzuarrok gura duguna? Zertarako hartu dute parte EB/ARALARek eta PNVk SORTU LARRABETZU kontseiluan, gero herritarron iritzia kontuan hartzen ez duen abantzea onartzeko?

Plan Orokorra: ESTUDIO K izango da talde idazlaria

Atzoko ez-ohiko udalbatzarrean behin betiko onartu zenez, ESTUDIO K arduratuko da Larrabetzurako Plan Orokorra idazteaz.  Larrabetzuko Ezker Abertzalekook ez genuen enpresa honen proposamenaren alde egin   ( 4 zenbakidun proposamena) 7 zenbakidun proposamenak, besteak beste, larrabetzuarron benetako parte hartzea bermatu egiten zeuelako. Zein da ESTUDIO Kren proposamena? Irakurtzen jarraitu

Larrabetzurako Plan Orokorra: Arkitektoaren iritziaren arabera aukeratu da talde idazlaria

Atzoko udalbatzarrean ” Larrabetzuko HAPOaren idazketa, egitea, tramitetea eta kontsulta zerbitzu kontratuaren behin behineko esleipena, bidezkoa bada”  puntua izan genuen berbagai. Puntu horretan, uztailaren 30eko kontratazio mahaian erabakitakoa berretsi behar zen.

Ezker Abertzaleko zinegotziak, uztailaren 30ean zein proposamenen alde egin genuen gogorarazteaz gain ( irakurri aurreko sarrera), honakoa adierazi zuen:

- Uztailaren 30eko kontratazio mahaian EB-ARALAR eta PNVko ordezkariek emandako iritziak aintzat hartuta, gure ustez bi alderdi horietako ordezkariek ez zituzten 9 proposamenak behar den legez aztertu.

- Halandaze, udaleko arkitektoak ezarritako irizpideak ontzat eman zituzten, ez soilik teknikoak, baita subjetiboak ere, hau da, ezagutza tekniko sakona eskatzen ez dituztenak ere.

- Ondorioz, Larrabetzurako Plan Orokorraz idaztea arduratuko den taldea udaleko arkitektoak ezarritako irizpideen arabera aukeratu dela salatu gura dugu.

EB-ARALAReko ordezkariak zera erantzun zuen: Egia da, alderdi teknikoak ez ditugu aztertu eta udaleko arkitektoak ezarritako irizpideak hartu ditugu aintzat. Ostera, parte hartzeari erreperatu diogu eta uste dugu 7.proposamenak (Herrotik) ez duela ezer zehazten. Horrez gain, lana 8 hilabetean egitea proposatzen du eta horri onartezina deritzogu.

PNVkoak erantzun zuen: Nik ez ditut 9 proposamenak nire alderdikideekin aztertu. 1, 4, 6 eta 7. proposamenak baino ez ditut irakurri. Bat nator EB-ARALAReko ordezkariarekin, 7. proposamenak ez du ezer zehazten eta ez ditu epeak errespetatzen.

7. proposamena ganoraz aztertu duenak zelan esan lezake ez duela parte hartzeari buruzko metodologia zehazten?

Eta puntu gehien lortu dituen ESTUDIO K taldearen proposamenak gehiago zehazten du?

Onargarria da PNVk horren garrantzitsua den erabaki batean aitortzea ez dituela proposamen guztiak aztertu? Orduan zeren araberako iritzia eman du PNVk?

Onargarria da EB-ARALARen jarrera? Udaleko arkitektoa aldatu egin behar dugula onartu eta gero horren garrantzitsua den erabaki batean arkitekto horren beraren iritzia bakarrik kontuan hartzea?

Larrabetzurako Plan Orokorra: Talde idazlaria aukeratzeko kontratazio mahaia

Atzoko udalbatzarrean, uztailaren 30ean, Larrabetzuko Plan Orokorra idatziko duen taldea aukeratzeko kontratazio mahaian erabakitakoa berretsi zen.

Behin behineko idazkaria, arkitektoa eta alderdi bakoitzeko ordezkaria bildu ziren.

9 talde aurkeztu ziren Larrabetzuko Plan Orokorra idazteko.

Kontratua esleitzeko prozesuan 3 sobre zabaldu behar ziren:

1. sobrean baliabide teknikoak puntuatu ziren, 3. sobrean diru eskaintza eta 2. sobrean irizpide subjetiboak. Azken honek izan du garrantzi handiena beste bietan talde guztiak parean gelditu baitira.

Puntu gehien 4. taldeak eskuratu ditu: 93 puntu ESTUDIO K

Larrabetzuko Ezker Abertzaleko udal-taldeko 7 lagunek 10 ordutik gora eman genituen proposamen guzti guztiak aztertzen eta ondorioz honako proposamena hobetsi genuen besteen gainetik nabarmen nahiz eta bi eragozpen antzeman:

1.- Baldintzetan eskatzen zen 3 hilabeteko epean barik, 8 hilabetean burutzea proposatu zuten. 2.- Proposamena español hutsez bidali zuten ( 9 proposamenetatik bakarrak bidali zuen elebietan).

Bi eragozpen horiek aipatuta, honako beste arrazoi hauengatik iruditu zaigu proposamen egokiena:

7. taldearen proposamena: Herrotik

PROPOSAMENAREN APARTEKO ALDERDIAK

  1. Partehartze prozesu jarraia, zabala eta sakona. Gainontzeko proposamenen gainetik.

Proposamenaren ardatza parte hartzea da eta ez ohiko metodologia bati gehitzen zaion aparteko prozedura.

Talde honek partehartzea bultzatzea eta suspertzea du helburu.

Bere proiektuak oinarri nagusi bi ditu:

  • Herritarren parte hartze zuzena bermatzea.
  • Naturarekiko sentsibilitatea.Beste aspektu garrantzitsu batzuk:
      • Genero ikuspuntua.
      • Bizi kalitatea kontuan hartuta, paisaia urbanoa humanizatzea.

Proposamen honen ardatza partehartzea denez, hori bermatzeko honako bitartekoak zehazten dituzte:

- DIAGNOSI FASEA

Orain arte egindakoa kontuan hartuta larrabetzuarrok berba egitea lortu gura dute. Horretarako:

  • Ekitaldi publikoa. Inkesta banatzea.
  • Datu ofizialak kontrastatzeko laginketa.
  • Erroldatu gabekoen artean laginketa.
  • Tailerrak: Berbagaiak: Beharrizanak, nahiak, etorkizuna…
  • Ondorioen dokumentua.

AURRE ABANTZEA

  • Gaikako tailerrak: Alternatibak eta ideiak sortzea.
  • Preferendum-a: Batutako informazioa publikoki aurkeztu ostean, nork bere lehentasunen arabera bozkatu.
  • Aurkezpen publikoa.

ABANTZEA

  • Asanbladak auzoetan.
  • Liburu zuria: Plan orokorraren eragina gehien jasango dutenen larrabetzuarrengana hurbildu edota euren partehartzea bilatu.
  • Aurkezpen publikoa.

Herrotik proposamenak eskaintzen dituen HOBEKUNTZAK

  • Naturarekiko proiekzioa: Eredu naturalari jaramon egiten dio, ingurune naturalarekiko arreta berezia eskaintzen dio.
  • Mapa eta katalogo paisajistikoa.
  • Lurraldearen azterketa zehatza.
  • Prozesu ekologiko eta sozialak eta urbanistikoak maila berean.
  • Uraren ziklo osoaren jasangarritasuna.
  • Mugikortasun jasangarrirako plana.
  • Garraioaren araberako barne mailako gastuen estudioa.
  • Eraikinen inbentarioa. Fitxen bidezko aurkezpenak.
  • Mugikortasun jasangarrirako plana.
  • Sofware askerako tresnak.
  • Orain arte Larrabetzun emandako eraikitzeko lizentzia guztien azterketa osoa.

Ostantzeko proposamenek ez dituzte inondik inora 7.proposamen honek eskaintzen dituen bermeak eskaintzen, ez alderdi metodologikoari ez hobekuntzei dagokienez eta are gutxiago, herritarron parte hartzeari dagokionez.

Sortu Larrabetzu: Bihar aukeratuko da talde idazlaria

Bihar goizean aukeratuko da Larrabetzurako Plan Orokorra idazteaz arduratuko den enpresa. Lehiaketara, 9 enpresa aurkeztu ziren.

Plan orokorra

PLAN OROKORRA

Apirilak 29, urte oso bat Hirigintza Kontseiluak  Plan Orokorra burutzeko partehartze prozesua aurkeztu zuela. Berriro ere izan dugu larrabetzuarrok zita frontoian. Ekitaldi honetan Adosek aurkezpen eskasa egin bazuen ere formatoa interesgarria izan zen eta jendearen harrera ona eta eduki aberatsekin. Baina jarraian datorkigun galdera:
zer demontre pasatu da urteko tarte horretan? Lehenengo pausua Adosek egindako lana (inkesta,lan taldeak,…), jarraian Kontseiluak antolatutako ekintzak (gogoeta taulak, hitzaldiak, Txotx,..). Eta bitartean batzarrak eta adostasunak bilatzen denbora asko eman dugu. Ezin ukatu dinamikoagoak eta ekintza gehiago antolatzeko ez garela oso fin ibili, baina hau mahai gainean jarrita gogora dezagun oso esperientzia berria izan dela denontzat.

Partehartze prozesu batek aurretik eramandako dinamika guztiarekin apurketa itzela suposatzen du. Legalitateari ez ezik legitimitateari ere gure fideltasuna eskeini nahi izan diogu iniziatiba honekin. Larrabetzuko Udaleko hiru alderdiak batu izan gara herriak erabaki dezan zer-nolako Larrabetzu nahi duen. Hori lorpen handia da baina ez dugu hortan gelditu nahi eta zailtasunak zailtasun horrek denbora eta lana behar du. Gure ustetan partehartze prozesu bat planteatzen denean adostasun minimoa behar da eta beste faktore garrantzitsua da alderdiek duten protagonismoa baztertzea eta herritarrena nabarmenetzea. Guk prozesu honetan sinesten dugu eta ziurrenik egiteko modu diferente baten, baina apustua egin dugu Herriarengan sinesten dugulako, koloretsu nahi dugulako eta guztion artean dagokigulako gure etorkizuna erabakitzea.

Irakurtzen jarraitu

SORTU LARRABETZU: Talde erredaktora kontratetako iragarkia BAOn

Gaur plazaratu da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean Larrabetzurako Plan Orokorra idazteaz arduratuko dan taldea kontratatzeko iragarkia:

PLAN OROKORRA-IRAGARKIA

Gaurtik hogeita hamar egun natural dekiez aurkeztu gura deurien taldeek.

Talde horren lehenengo egitekoa aurrerapena edo abantzea idaztea izango da. Horren ostean, herritarrok iritzia emoteko eta zuzenean parte hartzeko epea zabalduko da.

Larrabetzuko Ezker Abertzaletik deia egin gura dotsiegu ostantzeko arduradun politikoei ahalegin guztiak egin daiguzan SORTU LARRABETZU prozesua aurrera egin dagian larrabetzuarron iritzia eta borondatea beteko deituzan plana onartu daigun.

Hitzaldia: Hirigintza eta genero ikuspegia

SORTU LARRABETZU Kontseiluak eta udalean Berdintasun planaz arduratzen den Gazteria, Emakumea eta Nekazaritza batzordeak antolatuta, HIRIA KOLELTIBOAko lagunek akuilatutako berbaldia dekogu bihar:

Hirigintza eta generoa

  • Zer da  hirigintzan generoa uztartzea? (teoria apur bat)
  • Zer nolako hirigintza behar du jende  mota desberdinak? (DVDa 20 minutu)
  • Iritzien elkartrukea

Maiatzaren 13an, 19:30ean Anguleri kultur etxean

ORAIN ERE EZ DUTE HERRITARRON BORONDATEA ONARTU GURA

2007ko maiatzean, Larrabetzuko Ezker Abertzaleak honako agiria kaleratu zuen:

Atzo, maiatzaren 23an, Larrabetzuko PNVk, Tomas Ordeñana buru dala, Larrabetzurako Plan Orokorra onartu zeuen, berak bakarrik, herritarroi aurrez ezer esan barik, alegazinoak  onartu aurretik erantzun barik, pleno berezi baten. Besteak beste, Plan horretan, datozen 6 urteetan 730 etxebizitza barri egiteko aukera onartu deurie. Horrek esan gura dau, gitxienez 3 lagunekoa bada bakotxa, 2013rako, Larrabetzun 2.190 pertsona gehiago biziko garala. Eta neurribako hazkunde horri buruz, herritarrok, ez dekogu ezer esateko?  Hau da danon artean egin behar dogun Larrabetzu? Hau da herritarren parte hartzea bultzatutea?

Hauteskundeetan PNVk gehiengoa galdu zuen.

Ezker Abertzaleak EB-ARALARi PNVk berak bakarrik onartutako Plan Orokorra atzera bota eta herritarron parte hartzean oinarritutako prozesua hastea proposatu zion. Prozesu horretan, PNVk ere parte hartu behar zuela proposatu genion EB-ARALARi. Horrela abiatu zen SORTU LARRABETZU prozesua.

Joan den astean aurkeztu ziguten herritarren iritzia jasotzen duen txostena. Txosten horretako datuen arabera, Larrabetzuko herritarrak PNVk berak bakarrik onartu zuen planaren kontrako iritzi garbia dute. Eta hori PNVk ezin du inolaz ere onartu.

Aurreko plana eurek bakarrik diseinatzeko, herritarroi iritzirik eskatu barik diseinatzeko, ezelango parte hartze barik diseinatzeko 3 urte eman zituzten. Orain SORTU LARRABETZUri kontu eske datoz.

Argi dago PNVko Uri Buru Batzarrak ez duela egundo  SORTU LARRABETZU prozesua ontzat hartu, parte hartu badute, herritarren aurrean lotsagarri ez geratzearren egin dutela, ezingo zutelako azaldu herritarren parte hartzean eta iritzian oinarritutako prozesu batean parte ez hartzea.

Sano argigarria da orain, 2011ko hauteskundeetarako urtebete falta denean, eurek bakarrik onartu zuten plana aldarrikatzea, nahiz eta herritarrek plan hari ezetza borobila eman.

Orain ere ez dute herritarron borondatea onartu gura

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.