Filed under Udalbatzarrak (Plenoak)

Saharar herriaren aldeko mozioa

Etzi, azaroaren 25ean, 20:00etan udaletxean burutuko den ohiko udalbatzarrean, honako mozioaz berba egitea eskatuko du Ezker Abertzaleak:

SAHARAREN ALDEKO MOZIOA

Orain dela aste batzuk, milaka saharar Mendebaldeko Saharako hiri okupatuetatik atera eta protesta-kanpalekuak antolatzen hasi ziren. Kanpalekuok manifestazioak egin eta adierazpen askatasunerako altxatu dira, El Aaiunen eta beste hainbat hiri sahararretan ezin baitute halakorik egin. Kanpamentuotan herriaren ahots isildua, lapurtua berreskuratzen da, erakusteko erasoen, torturen eta atxiloketen aurrean, baliabide naturalen espoliazioaren aurrean, injustiziaren aurrean, beste herrialde askoren pasibitatearen aurrean, interes ekonomikoen aurrean, traizioaren eta isiltasun mediatikoaren aurrean herri sahararraren ahots etenezin eta baketsua dagoela.

Baina armada marokoarrak kanpaleku sahararra hustu eta bortizki desmantelatu egin du. Ekintza honen ondorioez jabetu orduko armada eta polizia marokoarrak El Aaiun hiria setiatu dutela jakin genuen. Han gertatutakoa eta gertatzen ari dena jakitea ezinezkoa bada ere ailegatzen zaigun apurra dramatikoa da. Ez dago jakiterik zenbat zauritu, hildako, desagertu, atxilotu, torturatu dagoen. Irakurtzen jarraitu

Golf Artxanda konplexua: iruzur sozial, ekonomiko eta ingurumen mailakoa

Azaroaren 11ko udalbatzarrean onartu zen udal-adierazpeneko ondorioetarako heltzeko, Ezker Abertzaleak honako gogoetak egin zituen:

2002ko otsailaren 27an, Bizkaiko Foru Aldundiak, 538.519m2ko lur publikoa trukean eman zion Artxanda Golf, s.a enpresari. Nekazaritza eta basozaintzeko lurralde-plan sektorialaren arabera, lur horrek nekazaritza eta abelazkuntzarako balio estrategiko itzela zuen. Lur publikoa trukean ematea ezohiko prozedura da eta behar beste justifikatu ezean inolaz ere onartzen ez dena ( 1/1989 Foru Araua 34.art). Halandaze, argi dago Artxanda Golf, S.A enpresari emandako esleipena zuzena bezain ezkutukoa izan zela.

2002ko urtarrilaren 25ean, Larrabetzuko udalak Arau Subsidiarioetan aldaketa puntuala egitea erabaki zuen. Aldaketa hori Golf Artxanda, S.A enpresako sustatzaileek eskatu zuten golf zelaia eta beronegaz batera hotela edo bizileku komunitarioa eraikitzeko erraztasun gehiago izateko. Behin betiko onespena 2003ko urtarrilaren 31an eman zion Bizkaiko Foru Aldundiak.

Golf zelaiek jendartean, ekonomian eta ingurugiroan eragiten dituzten kalteak eta herritarren artean sortzen duten ezinegona kontua hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak zein Larrabetzuko udalak, euren jokabidea zuritu guran, Golf Artxanda konplexua “ herritarron onurarako eta jendartearen interesekotzat” zela argudiatu zuten. Horrela kalifikatuta, gure Arau Subsidiarioak aldatu eta honako izendapena eman zioten: kirol-ekipamendu pribatuen sistema orokorra. Horrela izendatuta, erabilera pribatua eta dirua irabaztea beste asmorik ez duen instalazioak erabilera publikokoak diren beste batzuekaz berdintzen da, hala nola, frontoiagaz, Aretxabalagane errekagaz, medikuaren kontsultategiagaz edota herriko plazagaz. Irakurtzen jarraitu

Udalaren adierazpen historikoa

Gaurko ez-ohiko udalbatzarrean, Larrabetzuarrok emandako botoei esker, udalean gehiengoa osatzen dugun Ezker Abertzaleko eta EB/ARALAReko ordezkari politikook adostutako udal-adierazpen historikoa onartu da . Aurretik egindakoan eragitea baino, etorkizunean jokatzeko asmo  sakon, tinko eta zalantzabakoak dira onartu direnak:

GOLF ARTXANDA KONPLEXUAREKIN GERTATUKOARI BURUZKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

  • Udal honek aurrerantzean, ez du babestuko lurraren nortasun, aberastasun eta balio mugatuak deusezteko helburua duten egitasmo espekulatzailerik.
  • Udal honek aurrerantzean ez ditu landa eremuetan onartuko, giza interesa eta erabilpen publiko argia ez duten proiektuak.
  • Udal honek aurrerantzean ez du eskainiko edozelango interes pribatuen neurrira egindako hirigintza araudien aldaketarik.
  • Udal honek aurrerantzean neurriak hartuko ditu kudeaketa irregularrik egon ez dadin.
  • Udal honek aurrerantzean hirigintzako araudien benetako zentzu, eduki eta garrantzia zainduko ditu.
  • Udal honek aurrerantzean hobetsi egingo ditu, eguneroko udalgintzan zein bidean dugun Hiri-Antolamendurako Plan Nagusi berrian, ingurumena iraunarazteko eta mugatua den lurra jagoteko politikak.

Larrabetzun, 2010eko azaroaren 11an

Zorionak Larrabetzuar guztioi eta gaur onartutakoak luzaroan iraun dezala

Gaurko udalbatzarrerako gai-zerrenda

Ez-ohiko udalbatzarra. Azaroaren 11an, 20:00etan udaletxean, Larrabetzuko Ezker Abertzaleko zinegotziek eskatutakoa.

Gai-zerrendea

83.- Talde politiko bati ere atxikita ez dagozan zinegotzien ( Ezker Abertzaleko zinegotziak) 2010eko eskaerea dala-eta, ez-ohiko osoko bilkurea egitearen ganekoa, gai honeek aztertzeko:

a) Legina Goikoa baserriaren obren eta jarduerearen espedientearen jatorriari eta garapenari jagoko informazinoa.

b) Alkatetzaren azalpenak.

c) Udalaren adierazpena, Golf Artxanda guneari jagokonez. ( Hau da Ezker Abertzaleak eta EB/ARALARek adostutako adierazpen instituzionala)

Udalbatzarrera larrabetzuar guztiok joan gintekezanez, Ezker Abertzaleak dei egiten deutsuegu herritar guztioi biharko udalbatzarrera joan eta Golf Artxanda konplexuagaz eta Legina Goikoa baserriagaz gertatu dan guztiaren barri bertatik bertara jaso dagizuen.

larrabetzu euskal herria auzolanean

Azaroaren 11ko ez-ohiko udalbatzarra: Ezker Abertzaleak eta EB/ARALARek adostutako adierazpen instituzionala

Bihar 20:00etan udaletxean burutuko den ez-ohiko udalbatzarrean, Ezker Abertzaleak eta EB/ARALARek adostutako adierazpen instituzionala onartuko da. Bai Ezker Abertzaleak bai EB/ARALARek, adierazpen horregaz bat egiteko euren argudioak irakurriko dituzte. Nork bere irakurketa egin ostean, adostu dugun adierazpen instituzionala onartuko dugu.  Hauxe da adierazpena:

GOLF ARTXANDA KONPLEXUAREKIN GERTATUKOARI BURUZKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Larrabetzuko udalak zera adierazten du:

1.- Larrabetzuko landa inguruneak, nekazaritzan eta abelazkuntzan du lehentasunezko izatea eta horretan izan behar du berezko jarduera. Larrabetzuko landa-ingurunea, batez ere nekazaritzarako zein abelazkuntzarako gorde eta babestu behar da. Larrabetzuko landa-inguruneak kulturari, jendarteari, naturari, ingurumenari eta herritarron oroitzapenei guztiz lotutako eremua osatzen duelako gorde eta babestu egin behar da.

Landa-ingurunearen balio hori guztiz kontrajarrita dago Golf Artxanda konplexuaren antzekoekin.

Udal honek aurrerantzean, ez du babestuko lurraren nortasun, aberastasun eta balio mugatuak deusezteko helburua duten egitasmo espekulatzailerik.

2.-  Larrabetzuko Udalak, landa-ingurunean nekazaritzatik kanpo kokatzen diren proiektuak onartzeko gutxiengo baimen eta baldintza hauek eskatuko ditu: publikoa osorik edo, publiko eta pribatu ekimen mistoa izatea; izaera publikoko Sistema Orokorra moduan kalifikatzea; “Herritarron onurarako eta jendartearen interesekotzat” deklarazioa izatea; Ingurugiro Inpaktuaren estudioak ontzat ematea; Nekazaritza Sailaren baimena izatea; Turismo Sailaren baimena izatea; PGOUan arautua egon eta araudiaren aldaketa puntuala udala edo ente publiko baten agindupean burutzea.

Udal honek aurrerantzean ez ditu landa eremuetan onartuko, giza interesa eta erabilpen publiko argia ez duten proiektuak.

3.- Larrabetzuko udalak ez du ontzat hartzen gure Arau Subsidiarioak aldatzea gure lurretan hain eragin kaltegarria duten Golf Artxanda konplexuaren antzeko instalazioak baimentzeko.

Udal honek aurrerantzean ez du eskainiko edozelango interes pribatuen neurrira egindako hirigintza araudien aldaketarik.

4.- Larrabetzuko udalak jokabide okertzat jotzen ditu Golf Artxanda konplexuari dagozkion txosten guztien kudeaketarekin burututako irregulartasunak. Legina Goikoa baserrian jatetxea eraikitzeko emandako baimenarekin gertatutakoa, aipatutako kudeaketa okerraren azken adibidea baino ez da, eta argi frogatzen du interes pribatu eta espekulatzaileen beharrizanetara egokitutako kudeaketa izan dela, beraz, nahita burututakoa.

Udal honek aurrerantzean neurriak hartuko ditu kudeaketa irregularrik egon ez dadin.

5.- Larrabetzuko udalak salatu gura du, Golf Artxanda hotela eraikitzeko baimena ematerakoan, gure Arau Subsidiarioen zentzu zuzena jarraitu beharren, malgutasuna argudiatuz, legearen ezarpen eztabaidagarria egin izana. Izan ere, baimena emateko, gure Arau Subsidiarioen benetako zentzua, edukia eta garrantzia aintzat hartu beharrean, pribatuak diren interes espekulatzaileetara egokitu zituztela orduko udaleko arduradunek.

Udal honek aurrerantzean hirigintzako araudien benetako zentzu, eduki eta garrantzia zainduko ditu.

6.-. Larrabetzuko udalak baztertu egingo ditu  lurzoru urbaniezinarentzat kaltegarriak diren egitasmoak bultzatzen dituzten irizpide politikoak eta aztergai jartzen ditu Golf Artxanda konplexua handitzeko hartu daitezkeen erabakiak. Adibidez 2005eko HAPNaren abantzean hartutakoa, zeinetan Golf Artxanda konplexua 40.000m2 handitzea baimentzen baitzen.

Udal honek aurrerantzean hobetsi egingo ditu, eguneroko udalgintzan zein bidean dugun Hiri-Antolamendurako Plan Nagusi berrian, ingurumena iraunarazteko eta mugatua den lurra jagoteko politikak.

Larrabetzun, 2010eko azaroaren 10ean

Golf Artxanda konplexua eta Legina Goikoa baserria: Eguenean ez-ohiko plenoa

Ezker Abertzaleko zinegotziok gaurko eskatu gendun udalbatzarra datorren eguenean burutuko da, azaroaren 11an, iluntzeko 20:00etatik aurrera.  Bertan, Golf Artxanda konplexuagaz gertatutako guztia salatu eta Legina Goikoa baserriari emondako obrarako baimenari buruzko argibideak eskatuko doguz larrabetzuar guztiok argi eta garbi jakin daigun zelan kudeatu deituezan baimenak arduradun politiko eta teknikoek.

Urriaren 28 udalbatzarraren laburpena ( II )

Gai ordenetik kanpo, honako bi berbaga izan genituen:

- Larrabetzuko udalak, Euskal Fondoko kide berri legez,  12.000€ko ekarpena zein egitasmori bideratuko zion ebatzi zuen. Aipatu kopurua El Salvadorreko Chalatlenangora joango da, Hondakin solidoak kudeatzeko programa bat garatzeko egitasmorako.

- Ezker Abertzaleak azken atxiloketak salatzeko aurkeztutako mozioa.

EB/ARALARek gure testuari bere baldintzak ezarri zizkion. Baldintzak diogu, EB/ARALARen izenean dagoen zinegotziak ( udalbatzarrean publikoki aitortu zuen bera ez dela Aralareko militantea ere !?) argi esan baitzuen euren testua onartu ezean, eurak abstenitu egingo zirela.

PNVko alkateak, Rubalcabak, Aresek, Lopezek, Pastorrek edota Basagoitik erabiltzen duten diskurtso berdin berdina erabili zuen: Ezker abertzaleari eskatzen diogun gauza bakarra indarkeriaren aurka dagoela esatea da. Alkateari gogorarazi egin behar izan genion Ezker Abertzaleak aspaldi esan duela indarkeria mota guztien kontra dagoela. Arnaldo Otegik Ezker Abertzalearen izenean El Pais egunkariari eskainitako elkarrizketa eta batez ere, Gernikako akordioa horren froga ukaezina direla gogorarazi genion. Baina PNVko alkateak onartu egin zuen ez zuela ez bataren ez bestearen edukien berririk.

EB/ARALARekoei ere Gernikako Akordioa mozioan integratzeko eta hartara euren baldintzak beteko zirela proposatu genien. EB/ARALAReko zinegotziak ere Gernikako Akordioaren edukien berri zehatzik ez duela aitortu zuen.

Halandaze, Ezker Abertzaleak aurkeztutako mozioa atzera bota zuten PNVkoen kontrako lau botoek eta EB/ARALARekoaren abstentzioak. Erabat salagarria iruditzen zaigu PNVk kontra bozkatzea, kontuan izanik ez zuela azaldu zergatik dagoen mozioko testuaren edukiaren kontra.

Gure ustean, Gernikako Akordioa EB/ARALARekoek proposatutakoa baino askoz harago doa, askoz sakonago, argiago, zehatzako eta eraginkorragoa da.

Bere lehen hiru eskaerak honakoak dira:

Gernikako akordioa

Euskal Herria gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide demokratikoetara eramateko aukera baten aurrean aurkitzen da.
Zentzu horretan, bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako hastapena izan beharko da, ondoko edukietan oinarrituta:
-ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa.

-Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako.

-Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela era pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa.

Mozioaren testua:

Azken  hilabetetan  euskal herritarrok estatu espainolaren ezintasuna pairatzen ari gara. Irailaren 11rako oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko deituriko manifestazioaren  debekua eta  euskal herritarren kontrako  hainbat polizi operazio besteak beste. Euskal Herrian irekitzen ari den fase politiko barriaren aurkako sabotajeak dira. Irakurtzen jarraitu

Urriaren 28ko udalbatzarraren laburpena ( I )

Urriaren 28 udalbatzarrean berbagai izan zirenetatik guk honakoak nabarmendu gura ditugu:

70.- Udaleko aholkularitza zerbitzu teknikoaren kontratu-egoerea aztertzea, bidezkoa bada.

Gaur egun udaleko arkitektoa denari ez zaio abenduaren 31an amaituko zaion kontratua berrituko.  Erabakia udalbatzarraren biharamunean jakinaraztea onartu zen. 2011ko urtarrilean Larrabetzuko udalak arkitekto berria izan dezan pausoak eman beharko dira.

71.- Bizkaian nekazaritzarako azoka eta merkatuak antolatzeko lankidetza-hitzarmena ontzat emotea bidezkoa bada, honeen artean: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Bizkaia Kutxa eta EUDEL.

PNV eta EB/ARALARekoen baiezko botoarekin, hitzarmena sinatuko du Larrabetzuko udalak. Ezker Abertzaleko zinegotziak abstenitu egin ginen ez baitugu batere argi zein den hitzarmenaren benetako helburua.

72.- Gizarte-larrialdiko laguntzen ganean aurkeztutako mozinoa aztertzea, bidezkoa bada.

PNVk aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen.

74.- Udaleko Zerga Ordenantzak behin-behinean ontzat emotea, bidezkoa bada.

Ezker Abertzaleko zinegotziak batzordean proposatu legez, datorren urterako ez da zergen igoerarik izango.  Ostera, ICIOa kobratzeko beste modurik dagoen aztertzea proposatu genuen eta aho batez onartu zen. EB/ARALAReko zinegotziak, bere taldeak udal zergei buruzko idatzia irakurri zuen. Idatzi horretan, besteak beste, Larrabetzuko Ezker Abertzaleak betidanik bultzatutakoa azpimarratu zuten, hau da, udalaren ekimenak eta kudeaketa herrigintza egitera bideratu behar direla.

77.- Uger egiteko ikastaroetara joateko eskola-garraioko gastua ordaintzeko Larrabetzu Herri Ikastetxeak eskatutako laguntzea aztertzea, bidezkoa bada.

Eskolak 2.189€ jasoko ditu aipatu gastua ordaintzeko: %70a orain eta ostantzeko %30a gastua zuritu ostean.

78.- Intxurreta Jai Batzordeak egindako eskaerea aztertzea, bidezkoa bada.

Intxurreta Jai Batzordeak, gastu guztiak behar den bezala zuritu ostean, faktura guztiak zuzen aurkeztu ostean,  dagokion dirulaguntzaren bigarren zatia, hau da, %30a, jasoko du. Gogoratu dezagun Larrabetzuko PNVko zuzendaritzak, bere blog ofizialean zalantzan jarri zuela Intxurreta Jai Batzordeak jasotako dirulaguntza 2010eko jaiak antolatzeko erabili zuenik. Jakin izan dugunez, Intxurreta Jai Batzordeak batzarra eskatu dio Larrabetzuko Uri Buru Batzarrari salaketa faltsu horiei buruz berba egiteko. Gaur da eguna oraindik Uri Buru Batzarrak aurpegia eman ez duena.

Urriko udalbatzarra: Gai-zerrenda

Bihar, urriaren 28an, 20:00etan, ohiko udalbatzarra burutuko da udaletxean. Besteak beste, honakoak izango doguz berbagai:

69.- Uri lurzoruan finkatutako egoitzazko eremuetan lokalen erabilerea etxebizitzara aldatzeko jarduerak arautzen dauzan uval ordenantzea hasieran ontzat emotea, bidezkoa bada.

70.- Udaleko Aholkularitza Zerbitzu Teknikoaren kontratu-egoerea aztertzea, bidezkoa bada. Irakurtzen jarraitu

GAUR EZ-OHIKO UDALBATZARRA

Gaur, 19:00etan, ez-ohiko udalbatzarra burutuko da. Besteak beste, honakoak izango doguz berbagai:

Igerilekuetako konponketa lanak

Plan Orokorra idazteko taldearen kontratazinoa

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.