EZKER ABERTZALEAren Sugerentziak VI: ONDAREA

 

ONDAREA

SARRERA

Non gauden eta nora joan gaitezkeen erabakitzeko, lehenengo eta behin nondik gatozen jakin beharko genuke. Horregatik, gaur egun oraindik zutik dagoen ondarea eta ia desagertu diren aztarnak gorde behar ditugu, besteak beste euren interes historiko arkeologikoagatik. Beraz,

 

ZERA ESKATZERA GATOZ:
  1. Antzinako bideak kultur ondasun gisa sailkatzea eta duten balio arkeologikoa zehaztea.
  2. Azken gerrako aztarnak Plan Orokorrean azaltzea eta kultur ondare gisa sailkatzea. Aztarnetan ezin izango da hondatuko dituen lanik, ez obrarik egin.
  3. Antzinako eraikin industrial guztiei balio arkeologikoa atxikitzea.
  4. Hori Bai gune historikoa izendatzea.

EZKER ABERTZALEAren Sugerentziak V: MUGIKORTASUNA

Mugikortasuna

SARRERA

Garraio eskaera gizarte, kultur, lurralde eta ekonomia ereduen ondorioa da. Garraioa ongizate handiagoa lortzeko bitartekoa da herri aurreratuetan. Neurrigabeko etxegintza bizi izan dugun urteetan azpiegitura handiak egin dira eta mugikortasun planak horri lotuta egon dira.

Larrabetzuko Plan Orokorrean arazoaren iturburura jo nahi dugu eta aldarrikatzen dugun ereduan garraioaren ordez irisgarritasuna erraztu behar dela uste dugu. Gure biztanleen benetako beharrak hartu behar ditugu kontuan eta gure eremu naturalak  babestu betiko kaltetuak gelditu ez daitezen. Honen ildotik gertutasuna lortzea izan behar da helburua eta ez lekualdaketen kopurua eta distantzia. Irisgarritasun eskaera sozialak hiru irizpide izan behar ditu: garraio beharra murriztea, ingurumenari kalte gutxien egiten dion garraioa  bultzatzea eta lekualdaketen optimizazioa. Beraz,

 

ZERA ESKATZERA GATOZ:

  1. Plan orokorrari Mugikortasun eta Irisgarritasun Plan bat atxikitzea, orden hau kontuan hartuta: pertsonak, txirrindulak eta motordunak.
  2. Beharrezkoak ez diren azpiegitura berriak kontuan ez hartzea.
  3. Trenaren ibilbiderako lurrak erreserbatzeko proposamena mantentzea.
  4. Trafikoa berrantolatzea eta horretarako beharrezkoak diren aparkalekuak sortzea.

EZKER ABERTZALEAren Sugerentziak III: JARDUERA EKONOMIKOA

PLAN OROKORRAren abantzeari egindako sugerentziak:

Jarduera ekonomikoa

 

SARRERA

Udalaren betebeharra da herrian babesa eta kontrola bermatzeko neurriak  ezartzea. Udalak lurraren eta baliabide naturalen erabilera zuzena indartu behar du, osasun, segurtasun, higiene eta bizi baldintza egokienak bermatzeko. Euskal Herritik eta kanpotik datozen materialen zabortegia da gure herria. Larrabetzuk soberan ordaindu du zabortegiak ezarri dion kuota. Beraz, jarduera ekonomiko arriskutsuak, kaltegarriak eta osasun gaitzak gure herritik kanpo egon behar dute. Gure iritzian gaur eguneko egoera ekonomikoak ez du inolaz industrialderako hainbeste lurzoru kalifikatzea justifikatzen. Industrialde berririk kalifikatzeko arrazoi eta demandarik balego, kokagunearen azterketa bat egin beharko litzateke.

Industrialdean kokaturik dagoen merkatal guneari buruz ezinbestekoa iruditzen zaigu honakoa  esatea: gune hauek arduragabeko kontsumoa indartzen dute. Enplegu gutxi sortzen dute eta bera kalitate urrikoa. Sortzen duten enplegua, desagerrarazten dutena baino txikiagoa da.

Komertzio txikiak eta tradizionalak ezin dio merkatal gune handiari aurre egin. Egoera horren aurrean herriko denda txikiak galdu egiten du eta desagertu egiten da. Komertzio txiki tradizionalak aberastasuna ez ezik, bizitza eta dinamismoa ere sortzen du herrietan. Haien desagerpenak herria,”dormitorioa” bihurtuko luke.

Larrabetzu herriak dituen beharrizanak  eta ingurumena garbi mantentzeko duen konpromisoa kontuan hartuta ezinbestekoa iruditzen zaigu konpost-planta bat abian jartzea. Beraz,

 

ZERA ESKATZERA GATOZ:

  1. Plan Orokorrak herriko merkataritza sustatzeko helburua jasotzea, merkataritza gune handien kontrako jarrerarekin batera.
  2. Industria poligonoa ez handitzea eta industriarako lur gehiago ez kalifikatzea egokia den ala ez aztertu arte.
  3. Konpost-planta bat abian jartzea eta horretarako lurrak erreserbatzea.
  4. Jarduera ekonomiko arriskutsuak, kaltegarriak eta osasungaitzak debekatzea.
  5. Herriko beharrizanak asetzeko jarduera sortzea, lurra lantzea eta helburu hau lortzen lagunduko duten azpiegiturak eskaintzea, esaterako, merkatua, elikagaien eraldaketarako azpiegiturak etab.

EZKER ABERTZALEAren sugerentziak II: ETXEBIZITZA

PLAN OROKORRAren abantzeari egindako sugerentziak:

Etxebizitza

SARRERA

Plan Orokorraren abantzeak lau antolakuntza-aukera eta ekintza berririk gabeko bosgarren aukera bat eskaintzen dizkigu. Aukera hauetatik ondoko ondorioak atera daitezke:

  1. Nekazal balio altuko lur kopuru handia kalifikatzen da etxebizitzak eraikitzeko.
  2. Alternatiba guztietan oso dentsitate baxuko exekuzio-unitateak proposatzen dira, dentsitate ertaineko beste batzuez gain, eta egoera honek gehiegizko lur-betetzea dakar.
  3. Eskainitako etxebizitza-kopurua lar altua da, alternatiba gehienetan eskaintzen den hainbeste etxebizitzatarako eskaririk ez dago-eta.
  4. Etxebizitza gehien proposatzen duten alternatiben kasuan (C eta D), asmotariko bat Aretxabalagane parkea egiteko behar diren lurrak lortzea da, gune erresidentzialetara lotuz. B alternatiban udalerriaren iparraldeko errepidea exekutatzeko behar diren lurrak eskuratzea da helburua. C eta D alternatibetan iparraldeko bidea egiteko lurrak lortu behar dira baita bidea bera egin ere. D alternatibak  hilerria lekuz aldatzea dakar. C eta D alternatibetan Zerra eta Conauta lekuz aldatzen dira.

Datu guzti hauek hausnarketa bat eginarazi digute.

Proposatutako antolakuntzek baliabide mugatua den lurraren kontsumo garrantzitsua suposatzen dute. Lurra mugatua da eta, erabiliaren erabiliaz, gero eta mugatuagoa. Hori dela eta, Larrabetzuko Plan Orokorraren ingurugiro ebaluaziorako Erreferentzia Dokumentua egitea erabakitzen duen 2011ko urtarrileko 24. Foru Aginduak aholkatzen zuenez, lurzoruaren kudeaketa burutsua egin beharra dago, are burutsuagoa lurzoru horrek nekazal balio altua duela eta Bilbao Metropolitarreko PTPren iritziz Larrabetzu lehentasunezko nekazaritza garapeneko herria izan behar dela kontuan hartuz gero. Horrexegatik uste dugu etxebizitzetarako behar den lurrak larrabetzuarren benetako beharrizanen araberakoa izan behar duela. Eskakizunaren kontzeptuari garrantzia kendu behar zaio, adierazten den beharrizan oro benetako beharrizana ez delako. Horren froga gure herrian dagoen etxebizitza hutsen kopuru altuak (%24) ematen digu, haietariko asko eraiki berriak izanik. Egoera honek egiaztatzen du herrian egon den eskariaren zati garrantzitsu baten asmoa inbertsio ekonomiko hutsa izan dela. Beraz, bere asmoak espekulatiboak baino ez zirela, etxebizitzaren prezioak etengabe gora egin duen testuinguru batean. Uste dugu inbertitzaile-espekulatzaileak eta bigarren etxebizitzen erosleak izan direla lurraldearentzat eroa bezain kaltegarria izan den eskari hori elikatu dutenak.

Horregatik erreparatu nahi diogu batez ere beharrizan kontzeptuari, funtsezko eskubidea den ondasun hau baldintza duinetan ez izateari buruz hitz egiten duelako eta ez hainbeste asmo desberdinak izan ditzakeen etxebizitza-eskariari. Bestalde, Larrabetzun etxebizitza eskaintza batez ere solbentzia izan dutenentzat izan da, diru-sarrera gutxien duten pertsonak kontuan hartu barik. Azken batean, helburua gure herriaren beharrizanei erantzun egokia emango dion eskaintza zehaztea da. Horregatik uste dugu eskainiko diren etxebizitza guztiak babes publikokoak izan beharko liratekeela. Eta diru-sarrera gutxien duten pertsonen beharrizanak asetzeko, komenigarri ikusten dugu Plan Orokorretik sortutako etxebizitza-politikak alokairu sozialerako etxebizitza kopuru jakin bat zehaztea. Ildo honetatik, biztanle gehienen errealitate sozial eta ekonomikoarekin bat datozen beste eredu batzuk urratzea, esaterako herri eskandinaviarretan hain arrakastatsua izan den Andel Eredua eta, administrazioak lurraren eta kudeaketaren arloetan esku hartuz, Larrabetzun saiakuntza piloturen bat abian jartzea.

Bestalde, uste dugu sistema orokor batzuk, esaterako, erreka-parkea eta iparraldeko errepidea, area erresidentzialetara lotzen direla eta, beraz, sistema horiek gauzatzeko etxebizitza kopuru altua eraiki beharko litzatekeela. Gauza bera gertatuko litzake Zerra eta Conautarekin.

Iparraldeko errepideak, Morgatik datorren errepidea eta Txorierrira doana lotuko lituzke. Aipatutako errepidea ez dugu beharrezkotzat jotzen trafikoa ez delako horren handia.

Parkerako behar den lurra ez-urbanizagarria da. Beraz, ingurumenaren  puntutik eta ikuspegi sozialetik modu samurragoan eskura daiteke.

Conauta eta Zerrak urte asko daramate bere lekuan, ez dute eragozpen handirik sortzen eta, larrabetzuarren ustez, ez dira hain kaltegarriak.

Erabaki bat hartu aurretik gogoeta egin beharko dugu. Lortu gure den helburua lortzeko egin beharreko bideak zein neurritako kaltea dakarren zehazteko. Aurretik esandakoak, beharbada ekarriko luke neurri gabeko hazkundea eta, ondorioz, gure herriko identitate ezaugarriak ezabatzea. Beraz,

ZERA ESKATZERA GATOZ:

  1. Etxebizitza beharrizanaren gaineko eskariari eta hazkunde helburuari lehentasuna ematea, 200 etxebizitza berriren kopurua inondik inora gaindituz.
  2. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzen lagunduko duen etxebizitza politika aktiboa indarrean jartzea.
  3. 3-4 solairuko etxebizitzak eraikitzea, dentsitate ertain-altu bat aplikatuta.
  4. Familia eredu berriei egokitutako azalera duten etxebizitzak eraikitzea.
  5. Larrabetzuko Plan Orokorrean Andel Eredua ezartzea kontuan hartzea.
  6. Plan Orokorrari merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzea arautuko duen araudi bat gehitzea, merkataritza eta etxebizitza erabileren arteko oreka lortuz.
  7. Kalifikatzen den lur guztia babes publikoko etxebizitza eraikitzeko erabiltzea.

Plan Nagusiaren abantzeari sugerentziak

LARRABETZUKO ezker abertzaleak,   HIRIGINTZA ARLOKO PLAN NAGUSIAren ABANTZEARI

SUJERENTZIAK aurkeztu dauz:

Ingurumena eta landa guneak

 

SARRERA

Hurrengo urteetarako gure herriko lurrak eta espazioak zertarako erabiliko diren zehaztera goaz Planeamendu Orokor honen bitartez. Herriaren planoak, marrak eta zenbakiak zehaztean, etorkizuna zehazten eta erabakitzen arituko gara. Herriaren ingurune naturalaren etorkizuna dago jokoan eta bizitza kalitate duin batekin bizitzeko denok dugun eskubidea ere: zerbitzu eta espazio egokiak hezkuntzarako, osasunerako, garraiorako, pertsonen arteko harremanetarako, naturaz gozatzeko, euskararako, kulturarako, herri ekimenerako eta baita jarduera ekonomikorako. Hau guztia dago jokoan.

Orain arte erabilera erresidentzialerako zein industrialerako, urbanoa eta urbanizagarriak izan diren lurrek izan dute lehentasuna.  Urbanoa eta urbanizagarrien lurren limiteak zabaltzen joan dira etengabe eta ez-urbanizagarriak txikitzen, honek ekarri izan duen kalte guztiarekin. Orain arte jarduera ekonomiko nagusia izan den hori (etxebizitza, espekulazioa) asetu eta ondoren geratzen izan diren lurrak izan dira ez urbanizagarriak.

Aurrera begirako planifikaziorako bestelako irizpide batzuk erabili behar direla uste dugu, pertsonak, bizidunak oro har, eta ingurumenaren arteko harremana orekatua  izan dadin. Lurraren erabileraren kultura aldatu beharra dago, bizitzeko lurra behar dugulako. Lurra zaindu beharra dago, hondatuz gero berreskuratzea ezinezkoa izan daitekeelako. Beraz, lurra bada baliabidea baina baita kultura, historia, memoria, harremanetarako eremua, baita jarduera ekonomikorako baliabidea. Beraz,

  Irakurtzen jarraitu

Plan orokorra: Beharrezkoa da guztion ahotza entzunaraztea

Zortzi hilabete joan dira udal hauteskundeak egin zirenetik, eta une honetan aurre egin beharreko erronka garrantzitsu bat daukagu: Plan Orokorra.

Denok dakigunez, aurreko legegintzaldiaren hasieran, PNVk berak bakarrean inongo partehartze barik onartutako Plana bertan behera geratu zen. Harrezkero, ezker abertzalearen lehentasunetariko bat, herritarrok udal bizitzaren parte aktiboa izatea lortzea izan da, eta Plan Orokorraren lan dinamika horretan sakontzeko aukera ederra dugu.

Herriko sektore guztien iritzia batuko duen Plana nahi dugu, auzokideen benetako beharrizanak islatu, gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egin, etorkizunerako soluzioak planteatu, eta batez ere, gure herriaren izaera jagongo duena.

Hau lortzeko, ezinbestekoa da era aktibo baten guztiok parte hartzea martxan jartzen diren  iniziatiba guztietan, bai maila pertsonalean zein talde moduan. Geure herria egiten ari gara eta ezin dugu inoren esku utzi. Geure ahotza, auzokideona, da sendo eta argi entzun behar dena.

Ezker abertzaletik gonbitea egiten dizuegu Larrabetzuren etorkizuna izaten, herriaren ahotza izaten.

Herritarron parte hartze egutegia:

  • Plan Orokorraren Aurrerapena aurkezpena:
    • Otsailak 28, martitzena, 19:00etan, Angulerin
  • Aurrerapenaren erakusketa grafikoa:
    Otsailaren 28tik maiatzaren 25era, Liburutegiak daukan ordutegi berean. Erredakzio ekipoko teknikariak egongo dira hilaren bigarren eta laugarren ostegunean herritarren zalantzak argitzeko.

 

  • Tailer tematikoak
    • Etxebizitza, Ekonomia eta enplegua, Azpiegiturak eta ekipamenduak    eta Landa ingurunea
    • Martxoak 6, 7, 13 eta 14an, 19:00etatik 21:00era, Angulerin

Hartu parte Plan Orokorraren elaborazio prozesuan. Beharrezkoa da guztion ahotza entzunaraztea.

LARRABETZUKO EZKER ABERTZALEA